Maria Josefaren gurasoen gertaera latza, ipuin bilakatuta

Xabier Lasa 2023ko urr. 14a, 08:23

92 urteko Maria Josefa Pino PeÒak jaso du aurten Andoaingo Hogar Extremeñok adinez zaharrena den pertsonari eman ohi dion oroigarria. Maria Josefaren gurasoen gertaera latza ipuin bilakatu zuen Sheila Arnaizek.

“Denbora luzez elkartu gabe egon ondoren, familiak amonaren etxean biltzea erabaki zuen. Han, argazkiz betetako album bat begiratzen hasi ziren, une zaharrak gogoratzeko, eta, horrela, pixka batean barre egiteko. Biloba txikiena argazki bati erreparatu zion. Neskatoak inoiz ikusi ez zuen gizon baten ondoan amona ikus zitekeen, zoriontsu. Hain bitxia zenez, galdetzea erabaki zuen.

–Amona, nor da gizon hau?

–Nire senarra zen, nire bizitzako maitasuna. Gogoan dut elkar ikusi genuen lehen aldia. Bere familiaren zapata-dendara joan nintzen zapatak konpontzeko eskatzera. Gure begiradak gurutzatu zirenean, zerbait magikoa sentitu nuen, eta bihotza gero eta azkarrago hasi zitzaidan, taupadaka. Pixkanaka, elkar ezagutu genuen. Mutil apala eta sentibera zen, eta oso ondo tratatzen ninduen. Berezia zen, begirada ezti eta zintzoa zuena. Gogoan dut gure lehen musua ere. Bere etxetik gertu izan zen, olibondo baten azpian. Orduan eskatu zidan berarekin ezkontzeko. Bi aldiz pentsatu gabe, baietz esan nion. Ezkondu eta zoriontsu bizi izan ginen urte zorigaiztoko egun hartara iritsi ginen arte. 1938ko uztailaren 20an, gure bi mandoek ihes egin zuten, eta senarra haien atzetik korrika hasi zen. Zalditeriak pentsatu zuen gerratik ihesi zihoala, eta orduan, hil egin zuten.

Hilda aurkitu nuenean, negarrez hasi nintzen atsekabeturik, mundua gainera erortzen ari zitzaidala sentitzen nuen; nire bizitzak ez zuen zentzurik, hautsita zegoen. Baina, ziur naiz egunen batean berriro elkartuko garela; berriro elkarrekin egongo gara, auskalo zer gerta baitaitekeen heriotzaren ondoren!

Familia harrituta geratu zen amonaren kontakizuna entzunda. Ezin zuen sinetsi gertatzen ari zena; izan ere, nola zitekeen hura guztia gogoratzea?

Amonak dementzia larria zuen Alzheimerren gaixotasunagatik, baina beti oroitu zen bere maitasun handi eta bakarraz”.

Egilea: Sheila Arnaiz

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!