Hainbat markari erreparatuta, Isidro Langarak (1912-1992) ez du parekorik futbolean. Espainiako eta Ameriketako ligatan markak hautsi zituen. 508 golen egilea izan zen hango eta hemengo lehen mailako taldeetan. Makina bat marka utzi zituen futbolaren historian, batzuk oraindik ondu ez direnak. Horien artean, aipatzekoak dira: pitxitxia-ren titulua Mexiko, Argentina eta Espainiako ligetan; Espainiako ligan hiru partidatan segidan hiruna gol sartu izana (hat-trick); Espainiako selekzioarekin, proportzioan, sekula baino gol gehien sartu izana. 12 partidatan, 17 gol egin zituen.
Ibilbide oparoa egin zuen, Langarak: Euskalduna (1924), Esperanza (1925-1929), Tolosa (1930), Oviedo (1930-1936 eta 1946-1948), Argentinako San Lorenzo (1939-1943) eta Mexikoko EspaÒa (1943-1946), eta aparte, Espainiako estatuko (1932-1936) eta Euskadiko (1938-1939) selekzioekin jokatu zuen. “Golegilearen ikur bihurtu zen Europan eta Ameriketan”, Etxeberriak ziurtatu zuenez.
Haren ibilbidea ezagutzeko Euskalduna taldeak eta Andoaingo Udalak solasaldia antolatu zuten, Bastero Kulturgunean. Juan Carlos Etxeberria eta Naxari Altuna EITBko kazetariek eta Carlos Muñoz eta Miguel Sanz Real Oviedo taldeko ordezkariek hartu zuten hitza mahai-inguruan.
Langararen ezagutza handia duten hizlariak
Lau parte-hartzaileek Langararen figura ondo aztertuta daukatela erakutsi zuten solasaldian. Euren hitzartzeek argi utzi zuten Langararen gainean oraindik ere euskaldunok -eta andoaindarrok bereziki- daukagun ezjakintasuna, eta aldi berean, eta kontraste gisa, Oviedon nolako debozioa sentitzen duten jokalariarekiko.
Etxeberriak aitortu zuen realzale amorratua izan dela gazte-gaztetatik, baina, Guerrero Langara familiako kide bat (geroztik bere emaztea den Junkal) ezagutu arte ez zuela Langararen berri zipitzik eduki, realzale eta gipuzkoar gehien-gehienen antzera. “Detaile horrek asko adierazten du, eta ziurrenik, horrexegatik gaurko mahai-inguruaren zergatia”.
Altunak, berriz, adierazi zuen bere aitonaren kontakizun harrigarriekin ohartu zela Langararen egundoko balentriekin.
Kontrara, Real Oviedo ordezkatuz Basteroko mahai-inguruan parte hartu zuten Miguel Sanz eta Carlos Muñozek gogorarazi zuten Asturiasen Langara Jainkoaren pare daukatela.
Carlos Muñoz futbolari ohiak esan zuen askotan irabazi zuela Oviedoko jokalaririk goleatzailearen saria, Langararen izena zeramala sari horrek, eta beti andoaindarraren eskutik jaso izan zuela. Muñozek Oviedon ez ezik, Bartzelonan, Atletico Madrilen, Herculesen, Eltxen eta Murtzian jokatu zuen. Espainiako selekzioan, berriz, zazpi partida jokatu zituen, eta zazpi gol sartu zituen.
Sanzek gehitu zuenez, berak, “Andoaingo jokalari hura gisa izan zuen umetan Langararen lehen aditzea etxean, eta geroztik, "gazte nintzelarik, maiz ikusi izan nuen Oviedoko ligako lehen partiduetan ohorezko sakea egiten. Erritual bat zen hori han. Oviedon jokatu zuen lehen aroan (1930-1936), Espainiako futbolaren historian hizki larriz idazten den Aurrelari elektrikoen taldeko kide izan zen, Emilin "Casuco", Gallart eta Herreritarekin batera. Gaur egun ere, Oviedoko umeek ederki asko dakite Oviedoren aro loriatsua osatu zuen boskotea buruz izendatzen”.
Egun, Miguel Sanz Oviedo taldeko ondare historikoko arduraduna da, eta dokumentazio saila osatzen ari da Isidro Langara protagonista nagusia izaki.
Euskal selekzioko goleatzailea
Solasaldia gaztelaniaz gauzatu zuten zatirik gehiena, baina 1936ko gerraren baitan sortu zuten Euskal selekzioaren aro historikoa aztertzea egokitu zitzaienean, Etxeberriak eta Altunak euskarara jo zuten.
Altunak goitik behera aztertua dauka Euskal Selekzioaren historia, eta batik bat, 36ko gerraren testuinguruan taldeak Bizkaian, Frantzian, Sobiet Batasunean, Txekoslovakian, Danimarkan, Norvegian, Kuban, Mexikon eta Argentinan jokatu zuen partidu sortak nazioartean eragin zuen aparteko ikusmina. Era horretan, datu jakingarriez jositako hitzartzea egin zuten Etxeberriak eta Altunak.
Mundu mailako goleatzaile historikoen pare
Datu estatistikoak eta pasadizo esanguratsuak tartekatuz, mundu mailako futbolaren historian goleatzaile onenen olinpoan jartzea merezi zuela azpimarratu zuen laukoteak. Eta egia esanda, ez zuten gehiegikeriarik adierazi.