N1 ANDOAIN A15

Zertan da CIIaren auzia? Zertan da CII proiektuak kaltetutako herritar plataforma?

Jon Ander Ubeda 2023ko urr. 26a, 08:01

Errepide-sarea eraberritzeko CII delako egitasmoak hautsak harrotu zituen, aurreko ikasturtean. Agintaldi berrian sartuta, Udal gobernu taldeak gaiari heltzeko lehen urratsa eman du. Bilera batera deitu ditu eragileak eta alderdi politikoak.

Zertan da CIIaren auzia?

Galdera hori egiten dute, Andoainen batek baino gehiagok. Protagonista nagusia CIIak kaltetutakoen plataforma izan zen. 2022ko udan eratu eta, urte hartako irailean hasita, ekimen betean aritu zen. Azken hilabeteotan, ordea, barne-prozesu modukoa bizi izan dute. Ez dira geldirik egon, nahiz eta jendaurreko agerpenak nabarmen murriztu. Lanean ari dira, berriki sare sozialetan aditzera eman dutenez.

Denbora-tarte honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Andoaingo Udal hauteskundeak izan dira, eta hauteskundeen ondorioz emandako aldaketak azpimarragarriak dira. Gipuzkoako Foru Aldundikoak EH Bilduk irabazi zituen, baina EAJ-PNV eta PSE-EE alderdien arteko akordioari esker, jeltzaleena da aginte-makila. Hori bai, bien artean ez dute gehiengo osorik lortzen. Eta, afera honetan, CIIaren alternatibaren aurka agertu da PP alderdia. Gipuzkoako PP gertutik ari da gaiaren jarraipena egiten, hauteskundeen aurretik eta ondoren.

Andoaingo Udalean, bestalde, gobernu-aldaketa egon da. CIIa defendatzen zuen EAJ-PNV oposizioan da, baita PSE-EE ere. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiak dira agintean, eta biak ala biak CIIaren aurka agertu dira. Gatazka sortu zenetik, errepide-sarea berritzeko aferari heltzeko foro baten osaketa defendatu zuten EH Bilduk. Bada, errealitate bilakatuko da hori datorren astean. Gobernu taldeak oharra zabaldu zuen, joan zen asteartean: "Datorren urriaren 30ean, 18:30ean hasita, udaletxeko udalbatza aretoan, Andoaingo N-1 eta A15 errepideen Mahaia biltzeko deialdia egin du udal gobernuak. Bilera honetara deitu dira udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako ordezkariak, CII proiektuak kaltetutako herritar plataforma, Sorabillako auzo elkartea, eta Aita Larramendi Ikastola".

Lehen hitzorduan, beraz, politika eta gizarte eragileak deituko dituzte. Aurrerago, herritarrekin beste bilera bat egiteko konpromisoa hartu dute.

 

Zertan da CII proiektuak kaltetutako herritar plataforma?

Hautsak harrotu zituen, herritar plataformak. Jendea mugiarazteko gaitasun handia erakutsi zuten, eta oraindik ere haiek zabaldutako dozenaka oihal ikus daitezke udalerriko balkoi eta leihoetan. Baina ez dira auzi honetako protagonista bakarrak izan. Badira beste bi eragile gehiago.

  • Sorabillako auzo elkarteak bere eremuaren defentsa sutsua egin du, eta, CIIaren ordez, eragile batzuk Andoaingo Saihesbidea aukera modura defendatu izana mehatxutzat hartu izan du.
  • Aita Larramendi ikastola, CII proiektuak kaltetutako herritar plataforman egon arren, ekimena erakutsi du. Indarrean dagoen Andoaingo Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak defendatzen duenarekin bat egiten du ikastolako organu gorenak. Finean, egungo N1 errepidea Andoaingo herri barruko errepide bilakatzea. Hartara, ikastolatik gertu igarotzen den trafikoa –zarata eta kutsadura– nabarmen murriztuko litzateke.
  • CII proiektuak kaltetutako herritar plataforma eraberritze fasean da. Aiurrik jakin duenez, hainbat lantalde martxan jarri dituzte. Bere garaian, boluntario edo laguntzaile izateko prest agertu ziren herrikideekin elkartu dira eta alderdi politikoekin ez dute harremanik eten. Martxan direla diote. Bada berrikuntza bat, elkartearen bozeramailetzan ez da Iñaki Perez de Eulate ageri. Zenbait arrazoi argudiatuta, ekimenetik kanpo dagoela iragarri du berriki zabaldu duen gutunean.

Urriaren 30ean, beraz, herri eragileak eta udal ordezkariak deituta daude bilerara. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!