Udalak 2.000 bono jarriko ditu salgai herriko merkataritza sustatzeko

Aiurri 2023ko urr. 27a, 10:19

50 euroko bonuak azaroaren 6tik 9ra bitartean erosi ahal izango dira, 25 euroren truke, Salkinen lokalean. Bonuak erosteko beharrezkoak diren tiketak azaroaren 2an eta 3an banatuko dira.

Andoaingo Udalak, Salkin Merkatari eta ostalarien elkartearekin elkarlanean, 2000 bonu jarriko ditu andoaindarren eskura, tokiko merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuen sektorean kontsumo kontzientea sustatzeko.

Bonuek 50 euroko balioa izango dute eta 25 euroko prezioan salduko dira. Bonu bakoitza 10 euroko 5 kupoitan banatuko da, eta kanpainari atxikitako merkatalguneetan erabili ahal izango dira. Establezimendu horiek behar bezala identifikatzeko, atxikitako establezimenduen zerrenda osoa emango da bonuekin batera. Aldi berean, establezimenduen zerrenda hori salkinen webgunean egongo da ikusgai: www.salkin.eus.

Nola eskuratu bonuak?

Bonuak azaroaren 6tik 9ra erosi ahal izango dira Salkinen lokalean (Agustin Leitza kalea, 11). Adi! Bonuak erosteko beharrezkoak diren tiketak azaroaren 2an eta 3an banatuko dira

Andoaingo adin nagusiko guztiek erosi ahal izango dute bonua. Horretarako, NANa aurkeztu beharko dute (gehienez, bonu bat salduko da NAN bakoitzeko, eta gehienez bi NAN onartuko dira pertsona bakoitzeko). Salkinen arreta zerbitzua goizez (10:00etatik 14:00etara), eta arratsaldez (16:30etik 20:00etara) izango da. Kreditu- txartelarekin ordaindu beharko da erosketa, eta ez da eskudirurik onartuko.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!