"Etxebizitza Plana behar dugu, hirigintza ikuspegi hutsetik harago, pertsonak erdigunean jarriz"

Jon Ander Ubeda 2023ko urr. 28a, 09:21

Etxebizitzaren auzian ezagutza handia du Marce Garcia Kaleratzeak Stop! Desahucios elkarteko kideak. Alor horretan, Euskadi nahiz Espainia mailan aritu da lanean. Pozik dago Andoaingo Etxebizitzaren Mahaia abian jarri delako.

Iraileko udal batzarraldian mozioa aurkeztu zenuten, eta onartuko zela espero zen. Ikusita, bereziki, zein den egungo udal ordezkaritza Andoainen, pentsatzen dut ezustekorik ez zenutela hartuko.

Sorpresarik ez, uztailean Donostiako Udalean antzeko mozioa aurkeztu genuelako. Hura izan zen aurrekaria, eta gure sorpresarako aho batez onartu zen. Hiriburukoa eta gero, Gipuzkoako udalerri garrantzitsuetan antzeko mozioak aurkezteari ekin genion. Mozioari bidea ematea espero genuen, eta horrela gertatu zen.

Batzarraldi aretoko eztabaidan antzeman nuen arretaz entzuten zituztela zure argudioak. Zerbaitek harritu zintuen, pleno hartan?

Ez. Bakoitzak bere rola bete zuen. PSE-EEren esku dago Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saila eta, beraz, etxebizitzari loturiko politikak gauzatzen dituen aktore nagusia da. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos, etxebizitza politikan, gure proposamenetatik gertuen daude. Ezustekorik ez zen izan, eta bakoitzaren argudioak aurrikusten genituen.

EAJ-PNVri buruz, aldiz, ez didazu ezer esan.

Bagenekien zer adieraziko ziguten. Jakin badakigu beren ADNan dagoela, ezeren gainetik, etxebizitzaren jabea babestea. Etxebizitzaren jabeari askatasun osoa aitortzen dio, nahi duen moduan jokatzeko. Uler gaitezen, etxe bat erosten dut eta nahi dudana egin dezaket etxebizitza horrekin. Hori, dagoeneko ez da horrela. Txip hori aldatu beharra dago. Etxebizitzaren funtzio soziala elementu berri gisa txertatu da, eta, horren arabera, expropiazioa ere kontuan hartzen da. Aipatu dizudan funtzio sozial hori bete ahal izateko.

Eusko Jaurlaritzaren legedian kontuan hartzen al da diozun hori?

Bai, Etxebizitza Legean jasota dago hori. Erabilpenik ematen ez zaion etxebizitzari ezartzen zaion kanonak hori dio. Legea jasota dagoen bezala, denborak aurrera joan ahala, erabilpenik ez duen etxebizitza expropiatu daiteke.

Alderdiak aipatu ditugu, hasieran. Baina bada Gipuzkoan etxebizitza bat baino gehiago duen jende asko, eta alokairuan jartzeko zailtasunak jartzen dituena.

Jakin, badakigu. Andoain izan delako etxebizitza hutsen azterketa egin den udalerri bakanetakoa. Hori da 2015-2019 garaiko Etxebizitza Mahaiak eman zuen onena, ikerketa hori egin izana. 17.000 euroko kostua izan zuen, baina helburua bi urtetik gora hutsik zeuden etxebizitza hutsak lokalizatzea izan zen. Azken helburua etxebizitza horiei erabilpena ematea da. Guk ez dugu inoren aurka joan nahi. Etxebizitza hutsari jarritako kanona ez da jabearen aurka joatea. Kanona etxebizitza horren jabearen hautua da.

Hutsik dagoen etxebizitzari jarritako kanona nahikoa al da helburu hori lortzeko?

Ez. Baina IBIa bezala ezaguna den Ondasun Higiezinen Zerga zergaren errekargua baino handiagoa da. IBIaren % 150eko errekarguaz ari garenean, gutxi-asko, 500 euroko kopuruaz ari gara hizketan. Donostian, esaterako. Baina kanonaren kasuan, errekargua metro-karratuko 10 eurokoa da. 800 eurora iritsi gaitezke, kanona aplikatuta. Hori lehenengo urtean, bigarren urtean ordaindu beharreko kanona handitu egiten da eta, hortik aurrera, nahitaezko alokairua delakoa ezarri daiteke.

Hori betetzen ari al dira?

Oraindik ez da martxan jarri. Ez dut neurri hori indarrean jarri duen udalerririk ezagutzen. Eusko Jaurlaritzari sei urtez eskatu genion dagokion araudia argitara ematea. 2021ean egin zuen hori, eta 2021az geroztik ez da inon ezarri.

Beharren talka bat antzematen dut, afera honetan. Alde batetik, 2-3 etxebizitzen jabe dena eta horietako bat alokairuan jartzeko batere beharrik ikusten ez duena. Beste alde batetik, etxebizitzaren premia duten herritarrak daude. Talka hori nola gainditu daiteke?

Oraintxe hizketagai genuena aplikatuz gero, gainditu daiteke.

Beti ere, betetzen hasiz gero.

Hori da, betetzen edo aplikatzen hasten direnean. Ezin dugu etxebizitza horren jabea behartu, baina ulertzen dugu alokairuan jartzea edo saltzea bere onurarako zerbait dela. Bere aukera da. Esan bezala, egoera horretan nahiago dugu kanona ezartzea. Eta arrazoia honako hau da: Hutsik dagoen etxebizitzari ezarritako kanona etxebizitza politikara bideratuko da. IBIaren errekarguak, berriz, izaera errekaudatorio hutsa du.

Interes talka aipatu duzu. Adibide bat jarriko dizut. Har dezagun adibide modura biodiesela. Demagun inbertsio-funts batek zereal kopuru handia erosi eta biltegi batean gordetzen duela. Ez ditu salgai jarriko, harik eta produktu horren prezioa igotzen hasten den arte. Jokamolde horrek gasoilaren kostua igoarazten du, eta kaltetuak guzti-guztiak gara. Hori gaizki dagoela ikusiko genuke guztiok. Erabilpenik ematen ez zaion etxebizitzarekin gauza bera gertatzen ari da. Justifikaziorik gabe etxea hutsik duen jabea alokairu-prezioen merkatua garestitzen ari da. Eskaria eskaintza baino askoz gehiago delako. Orduan, etxebizitza huts horiek merkatura ateratzeko modua topatu behar dugu benetako beharra duen jendeari erantzuna eman asmoz.

Andoain Etxebizitza Mahaia abiatu da urrian. Zer egin daiteke udalerri baten ikuspegitik?

Mahaia berriro martxan jartzea proposatu zidatenean, argi nuen. Etxebizitza Plana behar-beharrezkoa dugu, Andoainen.

Kaleratzeak Stop plataforman argi ikusi dugulako beharrezkoa dela plana, Andoaingo tamainako udalerrietan. Udal ordezkari guztiak egongo dira bertan. Horren bitartez, alderdien artean, lan ildo bati eusteko konpromisoari eutsiko zaio. Beharren diagnostikoa egin behar da, ondorioak atera eta hortik abiatuta helburu batzuk ezarri.

Honaino iritsita, Udalerri batetik zer egin daiteke? Lan osagarria egin daiteke, gazteei alokairurako laguntzak eskainiz, etxebizitzak eraberritzeko laguntzak emanez... Hutsik dauden etxebizitzen ikerketa egin zenean, Andoainen berrehundik gora antzeman ziren. Haiekin guztiekin jarri ginen harremanetan. Informazioa eskaini eta hainbat jabe elkarrizketatzeko aukera izan genuen, Andoainen. Bada etxebizitza eraberritzeko dirurik ez duen jendea. Kasu horietan, erantzun bat eman beharko zaie. Bada beste jende bat alokairuan jartzeko inongo asmorik ez duena, eta horri beste erantzun bat eman beharko zaio. Eta hirugarren batek etxebizitza txikituko dioten beldur egon daiteke eta, horrexegatik, ez du etxebizitza hutsa alokairuan jarri nahi. Horri Bizigune programaren berri eman beharko zaio, zeinaren bidez txikizioak estaltzen dituen asegurua eskaintzen den.

Etxebizitza hutsen jabeei informazioa eman behar zaie, eta euren esku dago erabakia.

Etxebideren datuei erreparatuta, alokairua eskatzen ari diren familia-unitateak 477 dira. Zuek diozuenez, horietatik 300dik gora Andoainen erroldatuta daude. Eskaera handia dirudi, eta eskaintza oso txikia dela dirudi.

Plataforman oso argi dugu noren alde egiten dugun lan. Alokairua eskatu eta zerrendan zain dauden horientzat ari gara lanean. Jabetzan erosi nahi duenari, laster edo beranduago, erantzun bat emango zaio. Ez da sustatu behar den politika, gure ustez. VPO edo babes ofizialeko etxebizitzak alokairura bideratu behar direla sinetsita gaude. Euskadin 60.000 eskaera daude. Erantzuna eman behar zaiei, horiei guztiei. Beharren arabera, tamainako laguntza eskaini beharko zaio. Beraz, zer eraikiko da Andoainen? Nolakoa da gure herriko planifikazioa? Zein erantzun eman eskatzaileei, eta zenbat denbora beharko dugu?

Etxebizitza Plana behar dugu, hirigintza ikuspegi hutsetik harago, pertsonak erdigunean jarrita. Beste adibide bat jarriko dizut. Gazteen eta adinekoen beharrak asetzeko apartamentuak eskaintzea aukera bat da. Udalerri batean azterlan hori egin behar da, Etxebizitza Plan baten barnean. Zenbat adineko bizi da Andoainen, igogailurik gabe eta irisgarritasun arazoekin? Hori da aztertu beharrekoa.

Etxebizitzak eraberritzeko laguntza aipatu duzu lehen. Udalerri batek hainbesterako gaitasun ekonomikoa izan dezake?

Gaitasuna badu.

Udaletxeak?

Bai, bai.

Kostu handiko lanez ari gara.

Eusko Jaurlaritzak ere antzeko laguntzak eskaintzen ditu, Biziguneren bidez. Udalak, esaterako, 10.000 euroko laguntza eman diezaioke etxea eraberritu behar duen jabeari eta honek, era berean, alokairutik jasotzen duen zati bat 10.000 euro horiek itzultzeko erabiliko ditu. Formula hori egingarria da.

Alokairu sozialeko etxebizitzaren eskatzaileak noiz arte egon daitezke baldintza berezietan?

Bi segmentu nagusi berezi behar dira: adinekoak eta 35 urte azpiko gazteak. Adinekoen kasuan ez dago epe-mugarik. Gazteen artean, berriz, bost urteko epealdia da. Baldintzak betetzen diren bitartean egoera berean jarraitu dezakete, ez dago arazorik. Diru-sarrerak gainditzen direnean, kasu horretan, baldintzak aldatu egiten dira.

Alokairuaren alde horregatik egiten dugu. Erosketen kasuan, ez dagoelako kontrolik. Bada jendea babes ofizialeko etxebizitza eskuratu duena eta era berean hirugarren bati alokairuan eskaintzen diona. Irabaziak lortzen ari da pertsona hori, babes ofizialeko etxebizitza baten kontura. Beste kasu askotan etxebizitza eskuratzen dute, eta ez dira bizitzen jarri. 2015ean, jarduera horiengatik, mila pertsona zigortu zituen Eusko Jaurlaritzak. Badakizu zein zen zigorra? Isun ekonomikoa. Eusko Jaurlaritzak, kasu horretan, etxegabetu egin beharko luke etxebizitza horren jabea. Jokabide horrekin jabeak etxebizitza horren beharrik ez duela erakusten duelako. Etxegabetu behar zaio, eta etxebizitza horri beharra duen beste norbaiti bideratu behar zaio. Zoritxarrez, babes ofizialeko etxebizitzatan gertatzen ari da hori.

Alokairuzko etxebizitzarekin ez da horrelakorik gertatzen, jabearen diru-sarreren arabera jartzen direlako baldintzak. Mugak gaindituz gero, baldintzak aldatu egiten dira.

Hori da alokairuaren alde egiteko arrazoia?

Bai.

Eta besterik?

Diru-sarreren araberako alokairua da. Ez da betikotzen den egoera bat. Pertsona horren egoera ekonomikoa aldatuz gero, baldintzak aldatzen dira. Guztiok ezagutzen ditugu babes ofizialeko etxebizitza erosi, eta garajean sekulako ibilgailua duen jendea. Ez dago kontrolik.

Kontrol gehiago eskatzen ari zara.

Ez baitago inolako kontrolik. Denbora honetan guztian, Eusko Jaurlaritzak hiru jokabide desegoki zigortu ditu. Hiru, bakarrik. Gure erakundearen jokabidea isun ekonomikoa ezartzea bada, horrela betearazten da etxebizitzak izan behar duen funtzio soziala? Ez. Jabetzara bideratutako babes ofizialeko etxebizitza benetako beharra duenari bideratu zaio? Ez. Diru publikoa, nire dirua, beharra ez duen jendeari bideratu behar zaio? Ez.

Erantzuna argia da.

Era berean, gizarte mailan ikusi nahi ez dugun arazo baten aurrean gaudela esango nuke.

Halaxe da. Ez baitago hau azalerazteko interesik. Jendea, oro har, auzi hauetatik oso urrun dago. Euskal gizarteari galdetzen zaionean, etxebizitza ez dute premiazko arazotzat ikusten. 2021ean Euskadi mailako etxebizitzaren ikerketa aurkeztu genion Eusko Jaurlaritzari, eta hedabide nagusiei. Ez du inolako oihartzunik izan. Herritarrek ez dute arazo gisa bizi. Bestalde, gertuko erakundeetan, prestakuntza falta nabarmena dago. Alderdi politikoetan prestakuntzarik ez duten ordezkariak ditugu. Eta, bestalde, kalean ez dago ordezkari politikoekiko erantzun irmo bat. Gu izaten ari gara oposizioa, alor honetan. Hein batean, hainbat alorretan eta bereziki alderdi jakin batzurekin sartzen ez garenean, aintzat hartzen gaituzte. Proposamen serioak egiten ari garelako.

Eztabaidatzeko prest gaude, behar-beharrezkoa delako.

Maileguak eta gehiegizko klausulak adibide modura jarriko dizkizut. Andoainen ehunka dira gehiegikeriak pairatzen ari direnak. Aldizkari bat atera genuen Andoainen, banketxeek ezarritako gehiegizko klausulak zehaztuz. Hitzaldi-sorta antolatu genuen, eta hamar lagun hurbildu ziren, arazo hori pairatzen ari direnak ehunka direnean.

Politikariekin eta hedabide handiekin antzeko gertatzen da. Ez zaie interesatzen eztabaida hori hauspotzea. Auziari buruz interesa duten hedabideak txikiak dira.

Andoaingo plenoan, EAJ-PNVri erantzunez, etxebizitzen erosketari bideratutako abantaila fiskalak eskaintzen dituen erkidego bakarra Euskadikoa dela salatu zenuen.

Etxebizitza erosi eta abantaila fiskalak eskaintzen dizkiogu erosleari, errenta aitorpenaren bidez. Dedukzio fiskal hori, Eusko Jaurlaritzaren datuak aipatuz, 400 milioi eurokoa da guztira. Pentsa, erakundeetara iristen ez diren 400 milioi euroz ari gara. Gainerako erkidegoetan egiten dute, hemen ez.

Erosketa saritzen dela, alegia.

Horrela da. Nori egiten dio mesede hori? Erosleei, eraikitzaileei eta banketxeei. Garrantzi handiko kontu sozialaz ari gara. Alokairuarena benetako arazo bilakatu da. 40.000 biztanleko udalerritan, gehienez ere, alokairurako eskaintza hamar etxebizitzatakoa besterik ez da. Eskaintza arazo larri baten aurrean gaude. Erostea da, orduan, alternatiba. Baina bati baino gehiagori etxebizitza erostea ezinezkoa zaio. Banketxeen neurriak bete ezinda dauden pertsona asko dago, egun. Eta, hala ere, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza lansaila autokonplazentzian murgilduta bizi da. Kexu agertuz gero, Euskadiren datuak Espainiako onenak direla adieraziko dizute. Nire analisia honakoa da: hirugarren munduko lehenak gara, etxebizitzaren alorrean.

Europarekin alderatzen hasita, aldaketa handia egin behar da. Etxebizitza Lansailaren aurrekontua beretsua da, azken urteotan. Aurrekontua, urteko, hirukoiztu egin behar da. Hori egin ezean, ez da benetako aldaketarik emango Euskadin. Udalerritan hutsik dauden etxebizitzak merkatuan jarri behar dira, eta horri bideratutako partida aldatzen ez denez, ez dira benetako beharrak asebetetzen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!