Irati Aranguren hamabost urteko usurbildarra da. Kadete mailako lehen urtean, Andoaingo Txirrindulari Eskolako kide egin zen. Errepideko txirrindularitzarekin nahikoa ez eta ziklokrosean ere murgilduta dago gaztea. Horrez gain, Europako txapelketan lehiatuko da, duen maila altuaren ispilu.
Gaztea zaren arren, hainbat podium eta lorpen eskuratu dituzu.
Denboraldian hainbat garaipen eskuratu ditut, beraz, oso gustura nago. Hala ere, lanean jarraitu nahi dut, maila hobetu eta podium gehiago lortzeko.
Irakurlea kokatze aldera, zein lorpen eskuratu dituzu azken aldian?
Errepidean Gipuzkoako txapelketan podiumera igo nintzen. Horrez gain, Gipuzkoako taldekako erlojupeko lasterketan txapeldunak izan ginen. Espaniako Erlojupeko taldekako txapelketan ere parte hartu eta bi urtez jarraian irabazi genuen, kadeteetan. Modalitatea aldatuta, ziklokrosean, Euskaldun torneoko garaikurra eman nuen etxera.
Lorpenez asko hitz egiten da, baina horren atzean lan handia dago.
Bai. Asko entrenatu ohi dugu txapelketetara fisikoki ongi iristeko. Normalean, udazkena eta negu artean hasten ditugu entrenamenduak. Esan beharra daukat, eguraldi euritsu zein hotzetan, entrenamenduak gogorragoak izaten direla; izan ere, egoera metereologikoak asko baldintzatzen du txirrindularion entrenamendua. Hala ere, udaberrian, tenperatura igotzearekin batera, entrenamenduak gusturago egiten dira, errazago moldatzen gara. Ondoren, lasterkekin hasten garenean, funtzionamendua apur bat aldatzen da.
Andoaingo Txirrindulari Eskolan entrenatzen al duzu?
Ez. Entrenatzaile pertsonalarekin aritzen naiz, nire kabuz. Entrenamenduak prestatzen dizkit eta ariketa horiek betetzeko lekuak bilatzen ditut nik. Hori bai, lehiaketetan Andoaingo Txirrindulari Eskolarekin parte hartzen dut.
Ziklokros eta errepide modalitateetan ibiltzen zara. Zein duzu gustukoago?
Errepidekoa. Nire ustez, maila hobea dut, baina ziklo-krosean ere asko gozatzen dut. Esan daiteke txirrindularitza oso gustuko dudala bere osotasunean.
Emakumezkoen txirrindularitza indartu egin dela uste al duzu?
Bai. Lehen, neska gutxi ikusten zen errepidean. Orain, berriz, askoz gehiago dira bizikletan dabiltzanak.
Lehiakortasunari dagokionez, maila handia al dago txirrindularitzan?
Oro har, Euskal Herrian maila altua dago. Espainian ere, Euskal Herritarrok onenen artean lehiatu ohi gara.
Etorkizunari begira, zer?
Pausuak gutxinaka ematea gustatuko litzaidake, baina urrutira iritsi nahik nuke, profesional mailara.
Asteburuan, Frantziako Pont-Chateaun ospatuko den lasterketan ariko da Espainiako selekzioarekin
Andoaingo Txirrindulari Eskolarena eta Euskadiko federazioarena jantzi izan ditu. Eta, oraingoan, nazioarteko proban ariko da Irati Aranguren, Espainiako federazioak deituta.Europako txapelketan parte hartuko du, ziklo-krosean.
Espezialitate horretan, Euskadiko zirkuituko lehen proba izan zen Tolosan eta bertan garaile izan zen Aranguren. Bartzelonako Les Franqueses del Valles-en lehiatu berri da. Espainiako kopako proba antolatu zen, eta Andoaingo Txirrindulari Eskolako ordezkaria hirugarren postuan sailkatu zen.