"Ama ta asunak", amatasuna idealizatzetik urruntzen den ikus-entzunezko gogoeta kolektiboa

Xabier Lasa 2023ko aza. 3a, 14:59

sei emakumek amatasunaren gainean modu ausart bezain gordinean egiten dituzten kontaketak eta hausnarketak biltzen dituen "Ama ta asunak" dokumentala proiektatu, eta berarekin lotutako sei lan grafikoen erakusketa egin zuten Basteron atzo, June Baonza Pagaldia (Durango, 1979) egilea bertan zela.

Dokumentala proiektatu ostean, solasaldi mamitsuari ekin zioten June Baonza egileak, Emagin elkarteko Ainara Lasak eta Basterora hurbildu ziren entzuleek.

Izenburutik hasita, Baonzak ile erresumingarriak dituen asun (osin) landarearen metafora darabil, amatasunaz mintzatzerakoan. Landare hori nola ukitzen duzun, hazkura ala gozotasuna eragin diezazuke; amatasunaren pare, alegia.

Ama izatea hautu bat behar lukeela izan baina gizarteak horretara bultzatzen duen uste du Baonzak, amatasunaren idealizaziotik urrun dagoen ikuspuntutik landu duela gaia, alegia. Hausnartu beharra dago emakumeek ea zergatik erabakitzen duten ama izatea, eta erabaki hori gogoz hartzen ote duten ala gizarteak bideratuta izaten ote den.

Pribatutasunean emakumeek amatasunaren gainean berentzat gordetzen dituzten bizipen eta gogoeta anitzak azaleratu eta plazara eramatea izan da Baonzak lortu nahi izan duena, "Ama ta asunak" dokumentalarekin, hain zuzen.

38 minutuko iraupena duen dokumentalean barrena, sei emakumek nork bere bizipenak kontatzen ditu inongo erreparorik gabe, esan bezala. Hitza hartzen dutenen artean, ama direnak, ama izateari uko egin diotenak eta uko egin behar izan diotenak daude.

Seiek ere, makina bat sentimendu adierazten dituzte, tabuak uxatuz: plazera, maitasuna, mina, tristura, garapen pertsonala, abortua (onartua zein behartua), espektatibak, frustrazioa, zaintza, amatasun instintua, gizarte konbentzionalismoak, gizaki bat heztearen kontzientzia ala kontzientzia eza, bizi proiektuen baztertzea...

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!