Bastero kulturgunearen 20. urteurrena ospatu dute

Xabier Lasa 2023ko aza. 4a, 12:48

Basteroren 20 urteurreneko ospakizun handia egin zuten eraikinean bertan, atzo ilunabarrean. Herriko hainbat kultur taldeek eta eragileek hartu zuten parte, eta Andoni Alvarez alkateak, udal ordezkari guztien izenean, Basterok kulturgintzari egin dion ekarpena nabarmentzeaz gain, kulturaren lorea ureztatzearen premia aldarrikatu zuen, eta horretarako, herriko kultur elkarteei elkarlanerako gonbitea luzatu zien. Argazki sorta eta ekitaldiko hainbat une jasotzen dituzten bideoak, ikusgai:

Kulturaren premia

Udal ordezkariek herriko hainbat kultur elkarteekin batera kultura elkarrekin sustatzearen aldeko mezua zabaldu zuten, ekitaldian barrena. Horretarako, lehenbizi, Nerea Tuduri olerkariak mezu horixe poesiaz busti zuen, Maider Zapirain txelo-jolea ondoan zuela. “Loratu, ametsak garatu, koloreak banatu, hitzak elkartu, lorea hazi bihurtu, elkarrekin sortu”.

Ondoren, herriko hainbat kultur elkarteetako ordezkariak oholtzara igo, eta loreak ureztatzearen keinu sinbolikoa egin zuten. Udal ordezkariek ere oholtzan tokia hartu zuten, eta Andoni Alvarez alkateak hitza hartu, eta Bastero kulturgunea goraipatu zuen, herriari eta bere kulturgintzari egin dion ekarpenagatik, “Inpaktu bisuala ez ezik modernizazioa ekarri zuen, orduko premiak asetzeko eraikina izan zen. Kulturaren arloa duindu zuen, baina batez ere inpaktu kulturala ekarri zuen, kultura arlo sakabanatua izatetik, bateratua eta sendoa izatera eraman zuen. Kultur jarduera antolatzeko, elikatzeko, sustatzeko ezinbesteko baliabide izan da Bastero kulturgunea azken bi hamarkada hauetan. Eta ziur datozen hamarkadetan hala izango dela”.

 

Kulturaren lorea ureztatzearen ekintza sinbolikoa

Alvarezek, segidan, “jarrera proaktiboa” beharko dela adierazi zuen, etorkizunera begira egindako desio hori errealitatea bilaka dedin. “Ez dugu herria ulertzen kulturarik gabe, hori da gure esentzia. Ezinbestekoa da kultura ureztatzea. Horixe nahi genuke, kultura ureztatu, eta zaindu”. Oholtzan ziren kultur elkarteen ordezkariei zuzenduta, zera adierazi zien: “Har dezagun lore hau lankidetzarako eskaintza eta gonbite gisa. Eskutik baldin bagoaz, indartu egiten gara, guk irabazten dugu, kulturak irabazten du”.

 

Herriko kulturgileen parte-hartze zabala

Ixiar Orejak eta Antton Telleriak aurkeztu zuten ekitaldia, eta honako herriko kultur taldeek eta kulturgileek hartu zuten parte:

- Olagain Txistulari Elkartea.

- Maizorri Txalaparta Eskola.

- Lebiton Buruhandi eta Erraldoien Konpartsa.

- Klapp Dantza Eskola.

- Bakartxo&Joseba Dantza Eskola.

- Azelain Dantza Ballet Eskola.

- Katramila Antzerki Taldea.

- Axeri Dantza.

- Mikel Moreno eta Goiatz Salbador abeslariak.

- Katrin Iturralde, Miren Martin, Pedro Gaztañaga eta Iñaki Mendizabal abeslariak.

- Urki Dantza Taldeko Leire Iturralde.

- Nerea Tuduri olerkaria eta Maider Zapirain txelo-jolea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!