Iñigo Hernaezek eta Joxe Mari Igarategik 1994an apirilean ireki zuten Bikoitz argazki-denda. Igarategi bakarrik aritu da negozioarekin azken urtetan, eta betirako itxi ditu ateak egunotan. Egindako ibilbidea, ixtera bultzatu duten arrazoiak, argazkigintza, Andoaingo merkatarien egoera izan ditu hizpide, besteak beste, Aiurri astekariari emandako elkarrizketan.
Zeintzuk izan dira pertsiana betirako jaisteko arrazoiak?
Arrazoiak kateatu egin zaizkidala esango nuke. Pandemiarekin batera, tabernek eta jatetxeek ez ezik, gainerako merkatariek ere ateak itxi behar izan genituen, diru sarrerak hutsera jaitsi baitzitzaizkigun. Gastuek, berriz, berdin-berdin jarraitu zuten, autonomoen zerga, argia, errenta... Zer edo zer egin beharra zegoela-eta, kurrikuluma han-hemen bidaltzen aritu nintzen, eta Adunako lantegi batetik deitu zidaten. Han nabil geroztik. Gaueko txanda da, biltegiko lana, nekagarria da, baina lanpostu finkoa dut eta pozik nago.
Jakina, bi lanbideei aurre egin behar izan diet azken hiru urteetan, eta latza da hala bizitzea. Porru eginda iristen nintzen asteburura, ez nengoen ez inorentzako ez ezertarako, sofan etzanda jarrita. Bizitzako martxa horri ezin nion gehiago eutsi.
Eta bien bitartean, pandemia atzean utzi genuen arren, ez dira hobetu argazkilaritzako ogibideak iraganean zituen baldintzak, okertu baizik. Ezjakintasuna eta ziurgabetasuna da nagusi.
Azal zenezake ezjakintasun hori zertan datzan?
Ez da garai batean bezala, bazenekiela noiz eta zer lan izango zenuen; urtea antola zenezakeen, aurretik egindakoari helduta. Egun, kolpeka egiten da lana; esate batera, jaunartze aldia datorrenean, ito beharrean ibiltzen zara, baina gero, ez dakizu noiz arte ez zaizun beste ezer etorriko! Ezkontzekin ere, igual hilabete bat lehenago etorriko zaizu bikotea libre zauden galdetuz, ez iraganean bezala urte bete aurretik. Horrela ezinezkoa da bizimodua ateratzea eta bizitza antolatzea!
Bokazioz naiz argazkilaria, maite dut, eta denbora puska batean beharbada jarraituko nuke era horretan. Baina gorputzak ezetz adierazten zidan, eta, batez ere, familia-bizitza egin nahi dut.
Alaba negatiboekin-eta dabil interesa piztuta azken aldian, baina ez nuke animatuko mundu honetan sar zedin, oso ezegonkorra baita.
Argazkigintza maite duzula diozu.
15 urterekin eduki nuen lehen argazki kamera, analogikoa, anai zaharrenak pasa zidan. 1985eko elurteekin egin nuen nire lehenbiziko erreportajea, eta beti edukiko dut gogoan hori. Geroztik, etengabeko formazioari heldu nion. Izan ziren urte batzuk argazkira erabat lotuta igaro nituenak; goizez akademia batean ikasten nuen, eta, arratsaldeetan, Andoaingo ESCIVI Zine eta Bideo eskolan aritzen nintzen.
Denda itxi dut urriaren azken egunean, eta ogibide horri agur esaten diodala esan nahiko luke horrek. Nolanahi ere, argazkilaritzak odol-zainetan jarraituko du nigan, argazkilaria izaten jarraituko dut beti. Nire aisialdi tarteak hartuko ditut etorkizunean, buruan dauzkadan argazki paisajistiko landu horiek egiteko, esate batera.
Ia 30 urtez argazkigintzarekin atera duzu bizimodua. Iñigo Hernaezekin hasi zinen.
Halaxe da. Iñigok eta biok elkarrekin egin genituen ikasketak ESCIVI eskolan, eta, ondoren, negozioa irekitzea erabaki genuen. Horrela, Bikoitz denda, Kale Nagusiko 19an ireki genuen, 1994ko apirilaren 19an.
Urteen poderioz, Zumea plazan zabaldu genuen bigarren denda. 1995-1996 aldera jada hasia zen zabaltzen mundu digitala, eta biok hiru bat urtetara egin genuen erabateko jauzia, Zumea Plazan 2005ean denda irekiz, esan bezala. Mundu berritzailea zen guretzat, eta zetorkigunaz lehenbailehen jabetzeko hainbat hitzaldietan eta ikastarotan murgildu ginen. Aldi berean, diseinu grafikoaren munduan trebatzen ari zen Nuria Castaño gurekin hasi zen lanean, eta izugarrizko inbertsioa egin genuen makina eskaner bat erosita.
Egin kontu, erabateko aldaketa iraultzailea izan den sistema analogikotik digitalerako prozesu hori guztia bete-betean bizitzea egokitu zitzaigun. Alegia, karretea oporretara eraman eta itzuleran dendan errebelatzeko uztetik, oporretan bertan lagun eta ezagunei bidaltzera!
Zumeako dendak oso ondo funtzionatu zuen lehenbiziko urtetan. Baina, gerora, ateratako argazkiak gero eta gutxiago errebelatzea izan zen digitalizazioak ekarri zuen ondorioetako bat gizarte-joeretan. Horrek, denda itxi beharra eragin zigun sei-zazpi urtetara. Osasun kontuak zirela-eta, Iñigok ere negozioa utzi egin zuen, eta era horretan, bakarrik egin ditut azken hamar urteak.
Orain hiru bat urte, Kale Nagusia 19ko dendatik, Kale Nagusia 51ko dendara igarotzeko erabakia ere hartu behar izan nuen. Azken hori txikiagoa izan arren, nahiko espazioa bazeukan argazkilari batentzat, eta, gainera, errenta ere merkeagoa eskatzen zuen.
Zein erreportaje mota landu dituzu hiru hamarkada hauetan?
Ezkontzak, jaunartzeak, argazki-karnetak... Ezkontzekin izugarri egin genuen lan 2003-2004 arte gutxi gora behera. Egin kontu, baby boom belaunaldiko bikote ugari ezkondu zela XX. mendearen hondarrean eta XXI. mendearen hasierako urteetan! Gu ere puntu demografiko harrigarri horretan jaioak gara, ahoz ahoz zabaltzen zen gure zerbitzua, eta lagun eta ezagun asko hurbiltzen zitzaizkigun erreportajeak eskatzeko. Gure artean txantxetan esan ohi dugu denboraldi hartan, egungo Facebookaren edo Instagramaren funtzioa betetzen zuela gure Kale Nagusia 19ko dendak! Zenbat herritar ez ote zen igaroko bertatik, kalean gora nahiz kalean behera ibili, eta gure erakusleihoari begiratua bota, ea nor ezkondu zen kuxkuxeatzeko!
Jaunartzeei dagokionez, oso oroitzapen onak pilatu zaizkit haurrekin lan egin behar izan dudan aldiro. Oso ondo moldatu izan naiz gaztetxoekin, pazientzia eta konfiantza behar baita horiekin erreportaje txukun bat egiteko. Maiz, nahikoa izan daiteke minutu bat argazki ederrak ateratzeko, nahiz ordu beteko saioa egin berarekin. Minutu hori harrapatzen jakitea da sekretu bakarra.
Gizarteko gertakizunak ere jorratu izan dituzu...
Bai, batik bat inauteriak edo Errege Magoen kabalgatak. Portzierto, 25 urtez jarraian egin izan ditut kabalgatak. Noiz eta, urtarrilaren 5ean, nire urtebetetzean!
Egundoko argazki ondarea pilatuko zenuen hiru hamarkadetako ibilbidean, ala?
Milaka eta milaka argazki analogiko karpetetan gordeta dauzkat, txukun katalogatuta; eta aparte, konta ezin ahala argazki digitalak, hainbat diskoetan. Behin negozioak kito eginda, zer egin ondare horrekin guztiarekin? Pena izugarria ematen zidan harrika botatzeak, eta Andoaingo Udal Artxiboan dohaintzan uztea erabaki dut. Artxiboko arduradunekin hitz egin dut, eta hitzarmena laster egitea espero dugu. Herritarren zerbitzura, beren eskura geratuko dira era horretan, nahi dutenean kontsulta dezaten, eta egokia iruditzen zait irtenbide hori ematera argazkiei. Argi dago, argazkiek indarra irabazten doazela denboraren joanarekin.
Gainera, Bikoitzen bildumak, orain arte Udal Artxiboak jasotako dohaintzei jarraipena emango lieke, kronologikoki. Hain zuzen, egin behar da kontu Truchuelo anai argazkilariek dohaintzan emandako argazki-ondareak 1995 urte arteko garaia hartzen duela.
Truchuelo anaiak aipatu dituzu. Instituziotzat hartzen ziren herriko argazkilari profesionalak, iraganean.
Hala ziren, eta Iñigo eta biok hasi ginenean ere, oraindik sentitzen genuen argazkilariekiko errespetu eta balorazio hori. Baina pikutara joan da kontsiderazio hori denborarekin, argi dago. Gaur, mugikor edo kamera digital baten jabe den orok uste du argazkilaria dela. Klik egitera mugatzen dela argazkilari izatea.
Sintomatikoa da ezkontzetan geratzen ari dena, esate batera. Estatu Batuetatik heldu da ospakizun osoa antolatuko duen wedding plannera fitxatzea azken urtetan, eta era horretan, eskarmentua daukan argazkilari profesionalaren ardura murrizten ari dira. Bigarren planoan geratu eta aginduak betetzea besterik ez zaio uzten argazkilariari.
Teknologia berriak, adimen artifiziala... Zer ez ote datorkio argazkigintzari...
Gazteek irudien tratamenduan, ordenagailuetako aplikazioen erabilpenean... Mila buelta emango dizkigute. Marabillak egingo dituzte diseinuen arloan ziurrenik, eta zer esanik ez aurrerantzean adimen artifiziala zabaldu ahala. Baina beti nagusituko da argazkilariaren begiratua, sentimendua. Islatzen duen argazki hori. Edo nagusitu beharko luke, behintzat; hala nahiko nuke. Eskola zaharrekoa naiz, eta argazkia ateratzeko orduan, denbora gehiago egingo dut unea, tokia, kanpoko argia topatzen eta kaptatzen, gero ateratako irudiari tratatzen eta erretokeak egiten baino.
Nola ikusten dituzu Andoaingo merkatarien egoera eta etorkizuna?
Zaila daukate, zaila daukatenez! Zerbait erosi behar dugunean, internetera jotzen dugu lehen begiratua egiteko, denda aproposa etxe azpian eduki arren eta bertan arreta ezin hobea eta gertukoa izan arren! Oso zaila daukate leiho birtual horrekin lehiatzea!
Guri zera gertatu zitzaigun argazki-dendan: azken urteetan uko egin behar izan geniola kameren salmentari, gaur 10 balio duenak bihar 9 balio dezakeelako. Gainera, zenbait dendarik adierazi izan didate nola ari den zabaltzen joera itsusia zenbaiten artean, alegia, “gure dendara sartu, arropa probatu, taila zenbakia hartu, eta gero kanpoan erosi”. Baldin eta herriko kale bizitzari eutsi nahi badiogu, herriko dendetan kontsumitu behar dugunaren kontzientzia hartu beharko dugu, nahiz eta, tarteka, zertxobait garestiago izan. Jai dugu gainerakoan!