"Familia kide guztiei eskaini nahi diegu lekua euskararen bidean"

Aiurri 2023ko aza. 7a, 07:00

Eskaintza zabala eskaintzen du Andoaingo Udalak.

Ikasturte berriari begira, eskaintza berriarekin dator Andoaingo Euskararen Normalkuntzarako Batzordea: Euskara-eskolak, Gurasolagun eta Familia lantegiak. Aukera zabala eskola-komunitateko familientzat.

"Zure haurra ahalik eta euskal hiztun osatuena izateko funtsezkoa da familiaren, eskolaren eta herriaren gogoak eta baliabideak konektatzea. 2023-24 ikasturte honetan, familiakide guztiei eskaini nahi diegu lekua euskararen bidean, eta horretarako prestatu dugu hemen topatuko duzun eskaintza. Bidaia on!". Andoaingo Euskara lansailaren asmoa argia da, eta norabide horretan eskaintza zabala egiten ari da. Hiru ildo nagusi azpimarratu behar dira.

Euskara-eskolak

Haurrak ikastetxean dauden bitartean eta, ahal bada, ikastetxean bertan, gurasooi euskara-eskolak eskaintzen dizkiegu astean bi egunetan. Euskara mailaren arabera antolatuko dira taldeak, eta komunikatzeko gaitasuna lantzea da helburua. Eskainiko diren ikastaroak doakoak izango dira.

Gurasolagun

Mintzalagunen formula beretsua da. Batetik, Bidelariak, euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez duten gurasoak. Bestetik, bidelagunak, bidelagun izan nahi duzuen gurasoak. Udalak eredu bat proposatzen du: "Ikasgela edota ikasmaila bereko bi edo hiru haurren gurasoak, aritu zaitezkete euskaraz, zuek adostutako lekuan eta maiztasunarekin, zeuek aukeratutako gaien inguruan".

Familia lantegiak

Guraso, zaintzaile eta beren seme-alabentzat izango da aisialdi eskaintza hori. Helburu nagusia elkarrekin euskaraz aritzen gozatzea da. Hiru adin talde aurreikusi dituzte: 2-3 urtekoak, 4-5 urtekoak eta 6-7 urtekoak.

Informazioa

E-posta: euskarazerbitzua@andoain.eus.

Telefonoa: 943 300 831.

Ikastetxea: Norberarena.

Udaletxea: Euskara zerbitzua.

 

LEHEN PROPOSAMENA:
Familia lantegiak: YOGA azaroan
(Izen-emateko esteka)
Guraso, zaintzaile eta zeuen seme-alabentzat izango da aisialdi eskaintza hau. Helburu nagusiak: tarte atsegina pasatzea eta elkarrekin euskaraz aritzen gozatzea.
Azaro honetan YOGAri eskainiko dizkiogu saioak EIDER HIDALGOren laguntzaz:
  • 2-3 urteko haurrentzako familiak: AZAROAK 17, ostirala, Ondarreta ikastetxean (Bazkardo).
  • 4-5 urteko haurrentzako familiak: AZAROAK 20, astelehena, La Salle-Berrozpe ikastetxean.
  • 6-7 urteko haurrentzako familiak: AZAROAK 24, ostirala, Aita Larramendi Ikastolan (Bazkardo).
eta, GOGORATU! Saioak euskaraz izango dira eta parte-hartzaileek ere euskaraz aritu beharko dute!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!