Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren ohorezko mugarria jasoko du Menane Oxandabaratz Irulegiko Irratiaren sortzaileetakoak

Jon Ander Ubeda 2023ko aza. 6a, 10:15

Argazkia: Wikipedia.

Datorren azaroaren 29an izango da sari banaketa ekitaldia Bastero Kulturgunean. Kazetaritza eta Komunikazio Saria nortzuk diren jakinarazteaz gain, Menane Oxandabaratzek jasoko du ohorezko mugarria.

Epaimahaiaren erabakia

"Menane Oxandabaratz (Gamarte, Nafarroa Beherea, 1962) Irulegiko Irratiaren sortzaileetakoa izan zen. 1980ko hamarkadaren hasieran, Ipar Euskal Herriko herri irratiak funtsezko tresna izan ziren hango euskaldunengana heltzeko, tokian tokiko eta Euskal Herri osoko berriak emateko, euskal musika eta kultura etxeetako sukaldeetaraino sartzeko eta hedabideen kanala hein batez euskalduntzeko. Dozenaka boluntarioen lan militantea ezinbestekoa zen irrati haiek aitzina eramateko, eta Oxandabaratz gidari erreferentea izan zen: irratiko lehendakari ardura bete zuen zenbait urtez eta, batez ere, kazetari boluntario aritu zen hogei bat urtez. “Ez da musik” saioa izan zen haren lan entzunena: Euskal Herriko ehunka jende ezagunen sakoneko elkarrizketa bereziak egin zituen. Hori guztia, bitartean gasnategi batean lanean ari zela.

Kazetaritza boluntariotik kazetaritza profesionalera iragan zen duela zenbait urte, Herria astekariaren gidaritza hartu zuenean. Astekaria zaharberritu du, dozenaka kolaboratzaileren sareari eutsi dio eta sare hori zabaldu. Lan orduez gain, militantzia ordu anitz eskaini dio herria josteko funtzioa duen astekariari: herriz herriko berrien bidez, gai sozialak jorratuz, Euskal Herriko eta mundu zabaleko albisteak landuz eta aldizkaria osatzeko baitezpadakoa den herritarren sare militanteari kohesioa emanez.

Euskal Herrian herritarren parte hartzeari esker ekimen handiak egin daitezkeela (edo lan boluntario eta antolaturik gabe euskararen sustapena ezinezkoa litzatekeela) frogatzen duen horietakoa da Menane Oxandabaratz.

Horregatik guztiagatik, eta beste arrazoiengatik, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren epaimahaiak izendatu du Menane Oxandabaratz aurtengo ohorezko mugarria eta azaroaren 29an eszenatoki gainera deituko du Xabier Laka eskultoreak mugarri honetarako sortutako oroitikurra jaso dezan".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!