Partaidetzazko aurrekontuen bigarren fasea datorren astean abiatuko da

Jon Ander Ubeda 2023ko aza. 8a, 13:23

Goenaga (EAJ-PNV), Iparragirre (Elkarrekin Podemos), Alvarez (alkatea), Alkain (PSE-EE), Lasa (EH Bildu) eta Goiatz Salbador dinamizatzailea.

Azaroaren 15etik 30era irekiko da bigarren hautaketa-prozesua, eta lehenengoan bezalaxe, hautes-ontzietan edo on-line bidez parte hartu ahal izango da. Herritarrek etxean jasoko dute hamalau finalisten proposamenak jasotzen dituen eskuorria, datorren astearen hasieran.

Lehen fasean 256 proposamen jaso ziren, aurreko bi edizioetako kopurua nabarmen igoz. Proposamenak jasota, Andoaingo Udal Lansail guztietako kideez osaturiko mahai teknikoak azterlanari ekin zion. Azkenerako, 14 proposamen iritsi dira bigarren fasera. 

Udalak ohar bidez, finalisten detaileak eskaini ditu: "Finalera iritsitako proposamenak askotarikoak dira. Besteak beste, irisgarritasuna, digitalizazioa, ariketa fisikoa, hirigintza edota lehen sektoreari dagozkionak dira. Herritarrek jasotako eskuorrian 14 egitasmo horien izena, deskribapena eta aurreikusitako diru-partida zehaztuko dira. 14 horietatik herritar bakoitzak 3 aukeratuko ditu, eta norberaren interes edo gustuaren arabera puntuazioa ezarriko du. Gogokoen duenari 3 puntu emango dizkio; bigarren gogokoenari, 2; eta hirugarren gogokoenari, 1".

Andoaingo Udalak, bigarren fase honetan ere, parte-hartzera gonbidatu nahi ditu andoaindarrak. Azaroaren 15etik 30era irekiko da bigarren hautaketa-prozesua, prozedura beretsuarekin. Etxean jasotako eskuorria bete eta herrian barrena aurki daitezkeen hautes-ontzietan utzi beharko dira, edo on line bidez egin ahal izango da, Andoain.eus webgunean aurki daitekeen formularioa betez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!