Ekitaldiz josita dator indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko eguna

Xabier Lasa 2023ko aza. 8a, 15:52

Ekitaldi sorta prestatu dute emakumeenganako indarkeria matxistaren aurkako azaroaren 25eko nazioarteko egunaren jiran, eta biktimentzat erreparaziorako esparruetan jarriko ditu begiak, bereziki. Atzo eman zituzten jakitera zeintzuk izango diren ekitaldiak, udaletxean egin zuten agerraldian. Bideoz, ikusgai dago agerraldia:

Haizea Barandiaran Berdintasun lansaileko arduradunak, Aritz Alkain (PSE-EE), Txitxu Ruiz (EAJ-PNV) eta Pepe Iparragirre (Elkarrekin Podemos) udal ordezkariek, Sandra Barrenetxea berdintasun teknikariak, Ianire Huizi berdintasun dinamizatzaileak eta Bakartxo Portuburu Gazte Lokaleko koordinatzaileak aurkeztu zuten ekitaldien egitaraua udaletxean, atzo.

Barandiaranek adierazi zuen emakumeek indarkeria bizitzaren eremu desberdinetan jasaten dutela, eta hori egiturazko desberdinkerian oinarritzen dela. “Egiturazko arazo horri modu integral batean erantzun behar zaio, alde batetik berdintasun politikekin, eta bestetik, herritarrei eta gizarteari parte hartu dezaten sustatuz".

Udalak irmo jarraituko duela emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politikak bultzatzen, erantsi zuen. Politika horiek ezinbestekotzat jo zituen, “horrek emango baitio markoa jendeari egoera hori iraultzeko”. Nolanahi ere, gehitu zuenez, “politika horiek ez dira nahikoak izango gizarte erantzun sendorik ez badago”.

Horrela, gonbitea luzatu zien herritarri eta gizarte eragileei, “bat egin dezaten printzipio horiekin, herriko talde feministekin, emakume elkarteekin eta herriko eragileekin lankidetzan”.

Azkenik, herritarrei deia egin zien “berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka kontzientzia hartzera eta erantzuna ematera, urteko egun guzti-guztietan, eta baita azaroaren 25aren baitan antolatu diren ekitaldietan parte hartzera”.

 

Ekitaldiez beteriko programa

* Azaroaren 16, osteguna:

Dokumentala eta hitzaldia. “Guztiek jakin dezatela”.

Dokumentala: “Indarkeria matxistaren biktimen memoriari eta erreparazioari buruzko ahotsak”.

Ondoren, indarkeriaren matxistaren eremuan erreparazioan adituan den Mugarik Gabe elkarteko Lidia Ruizekin eztabaida.

Audioa: gaztelaniaz; azpitituluak: euskaraz.

Aldi berean, Andoainen, iaz, emakumeen biktimen inguruko testuinguru sozialari buruz egin zen ikerketa banatuko da.

Non: Bastero kulturgunea, 18:30.

 

* Azaroak 22, asteazkena:

“Ameli eta xirrikituen jostunek”. Ipuin kontalari musikatua. Amaia Elizagoyen eta Irati Celestino.

17:00 Habiko ipuinak (4 urtetik gorakoentzat).

19:00 Munduko emakumeak (helduentzat).

Non: Udal liburutegia.

 

* Azaroak 24, ostirala: 

- Txapa lantegia.

Non: Gazte Lokala, 17:30.

- Bideoa: “Haurrak eta genero indarkeria”.

Ondoren, eztabaida haurrekin eta familiekin.

Non: Ludoteka, 18:15.

 

* Azaroak 25, larunbata:

- Mugimendu feministak antolaturiko ekimenaren bat egingo da. 12:00.

- Mural margoketa.

Non: Ludoteka, 15:30.

- Mural margoketa.

Non: Gazte Lokala, 17:30.

 

* Abenduak 2, larunbata:

Autodefentsa feminista.

Non: Allurralde kiroldegia, 09:30-15:00.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!