Bakea izan du hizpide Mikel Arregik, Elkarbizi elkartearen izenean. “Bakea ez da besterik gabe indarkeria eza. Bake positiboaz, Bakea justiziarekin, hortaz hitz egin behar dugu. Eta hor sartzen dira giza eskubideak. Ez dago Bakerik, Bake positiborik, sakonik, iraunkorrik, justiziarik gabe, herritar guztien eta banakakoen giza eskubideak gutxieneko ordaintzarik gabe. Eta honek suposatzen du, gutxienez, egia, justizia eta kalte-ordaina eman behar zaiela giza eskubideen urraketa guztiak pairatu duten guztiei”.
Segidan adierazi du zailak izango direla “bakearen, elkarbizitza baketsuaren eta adiskidetzearen bideak”, urte asko eman direlako “indarkeria eta giza eskubideen urraketak pairatzen; liskar, sufrimendu eta komunikazio falta handia egon da gure artean”. Nolanahi ere, gehitu du “konpromisoa egiazkoa eta ongi oinarritua denean”, hurbilago egoten dela “bilatzen den xedea”.
Azkenik, gogoan hartu ditu munduan "askatasunagatik sufritzen ari diren biktima guztiak", batez ere, "haurrak: Ukranian eta Palestina/Israelen…”.