Anaiak dira Joseba eta Jokin, eta goitik beherako aldaketa eman diote XVIII. mendeko baserriari. Sagardotegi gisa hasi zena, jatetxe ezagun bilakatu da. Familiartean eraikitako negozioa da, eta egindako ibilbideaz hitz egiteko Josebak hartu gaitu Txertota jatetxeko jantoki nagusian.
Iaz, 25 urte bete zituen Txertota jatetxeak. Nola oroitzen duzu egun hura?
Egun hura ederki oroitzen dut, oraindik. 1997ko otsailaren 7an ireki genuen, ostiral batez. Inauteriak ziren eta goraino bete zen jatetxea. Giro ezin hobea zegoen eta jatetxeari egoera ezberdin batekin ekin genion; festazale ugari eta bezeroak mozorrotuta.
Nolatan sortu zenuten anaiak eta biek Txertota jatetxea?
Ideia, zehazki, ez dakit, baina gure kontura zerbait egiteko gogo bizia genuen. Anbizio handia genuen garai hartan. Hasiera batean, sagardotegi formatuarekin ekin genion negozioari, errazagotzat jotzen genuelako, batez ere, janariari eta kartari begira. Horrez gain, baserriari ez genion etorkizun handirik ikusten, hortaz, osagarri moduko bat izan zen. Hala ere, gure sustraiak ez genituen alde batera utzi eta baserriarekin ere lanean jarraitu genuen. Negozio berriaren funtzionamendu ona ikusita, bakoitzak bere lana utzi eta dedikazio osoz ekin genion. Lan osagarri gisa hasi zena, gure bizibide bilakatu da.
Txertota jatetxeak nolako bilakaera eduki du mende laurdenean?
Aldaketa ugari egin ditugu urte hauetan guztietan. Aldiro, berrikuntzaren bat edo beste egiten dugu kanpoko gunean edota jatetxe barnean. Beraz, bai, mende laurdenean gauza asko aldatu eta erantsi ditugu.
Azken finean, bezeroen beharretara moldatzen saiatzen gara. Gomendioak kontuan hartzen ditugu eta horren araberako aldaketan egiten saiatzen gara.
Beraz, produktuei eta kartari dagokionez, tradizioari eutsi diozue.
Bai, hori da. Gure janaria betikoa da, etxekoa. Guk ez ditugu xehetasun eta dekorazio handiko plater bereziak egiten.
Produktuei dagokionez, kalitatea da Txertota jatetxearen oinarria.
Kalitatea da gure ardatza. Sukaldean ez dugu ezer berezirik edo arrarorik egingo, baina egiten dugun hori kalitate onekoa izango da, primerako produktuekin.
Produktuez hitz egiten ari garela, kartan arrakasta gehien duen platera zein dela esango zenuke?
Beste jatetxeengandik ezberdintzen gaituena antxumea dela esango nuke. Ez da oso ohikoa produktu hori edukitzea, beraz, arrakasta handia eduki ohi du.
Zer nolako pisua dute ezkontzek zuenean?
Familiarteko bilerek garrantzi handia dute, izan ere, euskaldunok janariarekin ospatzen ditugu gauzak. Hori horrela, ezkontzak eta jaunartzeak, esaterako, pisu handia dute gurean. Azpimarratu nahi dut horrelako ospakizunen denboraldia zabaltzen ari dela; hau da, lehen, adibidez, ekainetik urrira bitarte egiten zena, orain, urteko beste sasoi batzuetara ere zabaldu da. Datorren urtean, martxoan hasi, eta, urrira bitarte, ezkontzak ditugu.
Ostalaritzako arazo handiari buruz galdetu nahiko nizuke: langile falta.
Ostalaritzan eta arlo guztietan langile falta dago. Guk zorte handia eduki dugu eta ondo gaude, ezin gara kexatu. Hala ere, ulertzen dut zein den egoera. Bizi garen tokian langabezia txikia da, gazteek ikasketak amaitu eta lana lortzen dute. Normala da hori guztiarekin ostalaritzan ez murgiltzea. Zergatik? Beste tokietan lana topatzeko aukera dagoelako.
Langileei dagokionez, erraza al da familia eta lana uztartzea?
Ez dakit zer esan. Guztia bat bihurtzen dela esango nuke. Gauza guztiak bezala, bere alde onak eta txarrak ditu. Etxekoak gara, lan talde handia eta ondo uztartzen dugula uste dut. Giro onean lanean aritzen gara.
Amaitzeko, zer esango luke duela 25 urteko Josebak egungo Txertotari buruz?
Egun batean eduki genituen ametsak betetzen ari direla.
Elkarrizketa, luze eta zabal, Aiurri 636 hamaboskarian irakurgai dago
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.