Manuel Larramendiren bizitzan eta obran sakontzen duen saiakera aurkeztuko dute Basteron, asteazkenean

Aiurri 2023ko aza. 14a, 09:03
Luzia Alberro egileetakoa da. Argazkia: Jose Ignacio Unanue

Hircocervusa eta amandrea izenburua duen ikerlana Luzia Alberro, Josu Bijuesca eta Jose Antonio Marin Deustuko Unibertsitateko hiru irakaslek osatu eta ondua da. Asteazkenean aurkeztuko dute Bastero Kulturguneko ekitaldi aretoan.

Orain argia ikusten duen ikerlanak II Manuel Larramendi Ikerketa Sariko akzesita irabazi zuen 2017. urtean.

Ikerlanaren helburu nagusia Manuel Larramendik bere bizitzan eta obran izan bide zituen ustezko eta egiazko kontraesanak agerian jartzea izan da eta horien testuinguru historikoa aztertzea, guztiz berritzailea den ikuspegi batetik.

Ikerlana Manuel Larramendi Kultur Bazkunak argitaratu du bere Saiakera izeneko bilduman, Larramendiren gaineko “egia historikoa” argitzeko azken urte hauetan abiarazi duen ekimenaren baitan.

Liburuaren aurkezpenean, egileekin batera, Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuko buru Elixabete Perez Gaztelu irakaslea izango da, neurri handi batean Institutu horrek hartu baitu bere gain Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera edizioaren kostua.

EHU-ko Bakarne Altonaga irakaslearen hitzetan ziur aski, Larramendiren pentsamendu eta obrari buruz orain arte egin den ikerketarik originalena da (...). Alegia, liburu honen bertuterik nagusiena zera da: Larramendi bere garaiko eragile polifazetiko gisa aurkeztea eta euskal pentsamenduarentzat erreferentziazkoa den egile honen ekarpenaren balioa gaurkotzea.

Aurkezpena iluntzeko 19:00tan hasiko da, Basteron.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!