Emakumezkoen lehen eskubaloi txapelketa antolatu du Leitzaran herriko taldeak, Gabonei begira, Andoaingo Udalaren eta Partille Cup-en laguntzarekin: Andoain Cup. Hala, abenduaren 28an, 29an, nahiz 30ean, hitzordu garrantzitsua izango dute kirol horren zaleek, herrian. Guztira, 32 talde lehiatuko dira, haurren kategorian (2010-2011 urteetan jaioak). Antolatzaileen esanetan, Euskal Herriko nahiz inguruetako taldeak espero dituzte, besteak beste: Burgos, Soria, Kantabria, Errioxa, Aragoi…
Sari ederra jasoko du, urte amaieran, Andoainen, txapelketa irabazten duen taldeak: Suediara joateko aukera izango du, Partille Cup “munduko eskubaloi txapelketarik handienean” parte hartzeko. 2024an izango da hori, uztailaren 1etik 6ra bitartean, Gotemburgon. Urtero-urtero, 50 naziotako 1400 taldek parte hartzen dute eta 5000 partida jokatzen dituzte 70 zelaitan.
Izen-ematea, zabalik
Zabalik da, jada, izen-ematea. Leku mugatuak daude, eta, beraz, garrantzitsua da formularioa betetzea, aldez aurretik. Informazio gehiago andoaincup23leizaran@gmail.com helbide elektronikora idatzita lor daiteke. Gutxieneko irizpide batzuk bete beharko dituzte parte hartu nahi duten taldeek.