Parte-hartze prozesuaren hamabostaldi erabakiorra

Jon Ander Ubeda 2023ko aza. 17a, 08:01
Bigarren fasea martxan da, azaroaren 30a bitarte.

Partaidetzazko aurrekontuen prozesuaren lehen fasean inoiz baino proposamen gehiago jaso ziren. 256, guztira. Horietatik guztietatik 14 aukeratu ditu batzorde teknikoak. Herritarrek, beren botoarekin, azken hitza izango dute.

Fase erabakiorran sartu da partaidetzazko aurrekontu-prozesua.  Lehen fasean, 256 proposamen jaso ziren, aurreko bi edizioetako kopurua nabarmen igoz. Proposamenak jasota, Andoaingo Udal Lansail guztietako kideez osaturiko mahai teknikoak azterlanari ekin zion. Azkenerako, 14 proposamen iritsi dira bigarren fasera. Andoaingo Udalak, bigarren fase honetan ere, parte hartzera gonbidatu nahi ditu andoaindarrak.

Parte hartzeko aukera, azaroaren 30era bitarte zabalik

Azaroaren 15etik 30era irekiko da bigarren hautaketa-prozesua, prozedura beretsuarekin. Etxean jasotako eskuorria bete eta herrian barrena aurki daitezkeen hautes-ontzietan utzi beharko dira, edo on line bidez egin ahal izango da, Andoain.eus webgunean aurki daitekeen formularioa betez.

Udalak ohar bidez, finalisten xehetasunak eman ditu: "Finalera iritsitako proposamenak askotarikoak dira. Besteak beste, irisgarritasuna, digitalizazioa, ariketa fisikoa, hirigintza edota lehen sektoreari dagozkionak dira. Herritarrek jasotako eskuorrian 14 egitasmo horien izena, deskribapena eta aurreikusitako diru-partida zehaztuko dira. 14 horietatik herritar bakoitzak 3 aukeratuko ditu, eta norberaren interes edo gustuaren arabera puntuazioa ezarriko du. Gogokoen duenari 3 puntu emango dizkio; bigarren gogokoenari, 2; eta hirugarren gogokoenari, 1".

2024ko Udal aurrekontuetan txertatuko dituzte boto gehien jasotako proposamenak. Aurrekontuaren 250.000 euro prozesu honetarako gorde baitira.

Hamalau proposamen aukeran

Dr. Huitzi

Auzoan irisgarritasuna bermatuko duen proiektua.

Kalistenia parkea

Barra metaliko paraleloak edota dominadak egiteko.

Merkatu-plaza

Adinekoei autoa denbora gehiagoz espaloi gainean utzi ahal izatea, merkatu egunean.

Kontziliazioa

Umeen urte osoko oporraldietan zaintzaileak kontratatu jarduera ezberdinak egiteko.

Digitalizazioa

Administrazio elektronikoko izapideetarako laguntza eta aholkularitza emateko zerbitzua.

Desfibriladoreak

Puntu estrategikoetan desfibriladoreak jartzea, eta formakuntza eskaintzea.

Ikasgela

Andoaingo ikasle guztientzat asteko egun guztietan irekita egongo den ikasgela.

Gizarte zerbitzuak

Eskaintza zabaltzea arazo kognitiboak dituztenen laguntza premiak asetzeko.

Bekoplaza

Eserleku berriak, gainazal leun eta garbia…

Bastero

Auditorioko eserlekuak berritzea.

Iturriak

Kopuruan handitzea.

Txurreria

Iluntasuna eta hormen egoera hobetu, Joakin Larretara igotzeko lorategiak txukundu…

Barandak

Andoainen barrena barandak jartzea (eskilarak…).

0KM bultzatu

Bertako baserritarren produktuen salmenta sustatu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!