Euskaraz Barra Barra marka, Andoaingo tokiko merkataritzan

Jon Ander Ubeda 2023ko aza. 19a, 10:47

Ikono bilakatu dute sustatzaileek Euskaraz barra barra ekimena: "e//". Zeinu hori irudi bilakatuta, ikusleak berehalako identifikazioa egitea lortu nahi dute. Andoaingo Udalak honela azaldu du kanpainaren xedea zein den: "Merkatari, ostalari eta zerbitzuei bideratutako marka da, eta ikurra duten jardundegietan bermatuta dago euskaraz egin ahal izatea; hau da, ikurra dagoen tokietan, herritarrak beti aritu ahal izango du euskaraz, beti egongo delako euskaraz ulertuko duen langileren bat".

Gaur-gaurkoz, Andoaingo 61 merkatari eta ostalarik egin dute bat markarekin, eta denda eta tabernetako sarreran ikusgarri dagoen pegatina borobil gorri batekin identifika daitezke. Andoaingo Udala, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskararen Erakunde Publikoak elkarlanean martxan jarri duten marka da, Euskal Herri osorako sortua.

Inguruotan, Andoain da bide oparoena egiten ari den udalerria.

Nola bizi dute kanpaina, tokiko merkataritzan?

Jone Etxeberria, Xixori denda

Xixori belardendak bi denda ditu Andoainen, eta merkataritza sustatzeko parke aktiboa da udalerrian. Jone Etxeberria Xixoriko arduraduna Salkineko lehendakaria da. Euskal Dendak egitasmoan ere murgilduta dabil. Saretzea eta euskara sustatzea konpromiso modura hartu du, bere ibilbide osoan: "Euskararen aldekoak diren ekimen guztiekin bat egiten dugu. Euskaraz bizi gara, eta Ticket Bai sistemaren bitartez jaulkitako fakturak euskaraz ageri dira. Egitasmo berri honek dimentsio handia du, Euskal Herri osora zabaldu baita. Guri hori primerakoa iruditzen zaigu". Euskal komunitateari lotutako saltokia dela uste dut Etxeberriak: "Gure bezeroak segituan identifikatzen gaitu euskararekin, gure ohiko hizkuntza hori delako. Gure lehen hitza euskaraz izan ohi da beti, eta bezeroa berehala jabetzen da. Euskaraz ikasten ari direnak eta euskaldunberriak hona etortzen direnean poz handia sentitzen dugu".

 

Mikel Arebalo eta Estebe Albisu, Lanbroa taberna

"Gure bezero gehientsuenak euskaldunak dira eta, oro har, euskaraz aritzeko joera dute. Hori horrela izateko lagungarria da barraren bestaldean gaudenak ere euskaldunak izatea", adierazi du Arebalok. Albisuk lehen hitza euskaraz izatearen eragina azpimarratu du: "Erdaraz has daiteke bezeroa, baina behin euskaraz erantzuna eman eta gero, askok euskarari euste diote". Bezero asko dabil Lanbroa tabernan, eta haietako gehienak euskaldunak direla aitortzen dute. 

Euskaraldian ezagun egin zen Arigune espazio modukoa dela adierazi nahi du Arebalok: "Erdal joerakoa izan arren, gure bezeroak euskara ulertzen du. Hemen sortzen den giroa euskal joerakoa da eta bezeroak euskaraz aritzeko gune erosoa da. Euskalduna izan, edo euskararen bidean izan, bezeroa lasaitasunez adierazteko gunea da gurea".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!