Maria Velasquez eta Tommy Morales Giza Eskubideen Defendatzaileak Andoainen izan ziren

Aiurri 2023ko aza. 20a, 13:45

Giza Eskubideen Defendatzaileen babeserako euskal udal sarea den Herri Babesarearen eskutik izan ziren udaletxean, eta Guatemalako eta Honduraseko egoera salagarriak azaldu zituzten bertan. Udal ordezkariek eta herriko zenbait eragilek harrera egin zieten.

Andoaingo Udala Herri Babesarea-ren partaide da, Euskadiko beste bederatzi udalekin batera.

MunduBat Gobernuz Kanpoko Erakundea arduratzen da Herri Babesarea ekimenaz, ohartuta giza eskubideen gaur egungo urraketa sistematikoa hain larria dela eta eskubideok defendatzearren bizia arriskatzen dutenei babesa eman behar zaiela.

Fernando Vaquerizo MunduBateko kideak azaldu zuenez, “udal-administrazioen, euskal gizarte-erakundeen eta hegoalde globaleko giza eskubideen defendatzaileen erakundeen arteko ahaleginak koordinatzea da sarearen helburua, tokian tokitik giza eskubideen defendatzaileen babesa sustatzeko asmoz”. Gehituz zuenez, sarearen esparruan, sentsibilizaziorako, komunikaziorako, egituraketarako eta eragin politikorako ekintzak garatzen dira, “defendatzaileen laguntzarako eta babeserako sareak sortzen eta euskal biztanleak giza eskubideen defentsaren garrantziaren inguruan kontzientziatzen laguntzeko”.

Maria Velasquez “Sector de Mujeres” Aliantza Politiko izeneko erakunde feministako bozeramailea da Guatemalan. Prestakuntza politikoko eta ekonomia feministako eskolak bultzatzen ditu, eta bertan herri-hezkuntzaren, espiritualtasunaren eta feminismoen arteko metodologia propioak eraikitzen dira.

Tommy Morales MER-Honduras (Mesoamerikarrak erresistentzian bizitza duin baten alde-Honduras) elkarteko ordezkaria da, eta katalunian errefuciatuta bizi da egun. Berak azaldu zuenez, politika neoliberal globalizatzailearen eta sistema patriarkalaren aurrean erresistentzian dagoen espazio politikoa, autonomoa, artikulatua eta hezitzailea da MER-Honduras.

Maria Velasquez (Guatemala), Fernando Vaquerizo (MunduBat), Stranler Lopez Rivas (CNA, Kolonbia) eta Tommy Morales (Honduras). 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!