Secundino Etxeberriaren argazkiak, Basteron ikusgai

Xabier Lasa 2023ko aza. 22a, 20:40

Argazki zaharrak izanik, eta garai bateko Andoain eta andoaindarrak protagonista izanik, urteari amaiera emango dion erakusketak arrakasta handia izango duela aurrikusi daiteke. Kronika eta erakusketaren aurkezpen-ekitaldia bideoz, ikusgai: 

Badira argazki zaharragoak, baina Etxeberria da ziurrenik herriko lehen argazkilaria. Eta halaxe aurkeztu dute Basteroko erakusketan. Maiztasunez Andoaingo gizarte eta kultur bizitza irudikatu zuen. Denboraren poderioz, irudi horiek guztiak altxor bilakatu dira. Iraganera bidaia egitearen parekoa baita, Etxeberrietaren argazkiei begira jartzea. Erakusketaren berri emateko aurkezpenak ideia horretan sakontzen du: "Baserriak eta zubiak ahanzturatik berreskuratzen ditugu, antzinako kale eta plazak zeharkatzen ditugu, Andoain ikusten dugu Secundino Etxeberriaren begirada sortzailearen bidez; egunokotasunaren artista honen ofizio ona adierazten duten argazkiak, bere herriarekiko, bizilagunekiko eta, batez ere, familiarekiko duen maitasuna nabarmentzen dutenak".

Abenduaren 29ra bitarte ikusgai izango dira argazkiak, Bastero Kulturguneko erakusketa-aretoan. Argazki zaharrak izanik, eta garai bateko Andoain eta andoaindarrak protagonista izanik, urteari amaiera emango dion erakusketak arrakasta handia izango duela aurrikusi daiteke.

Erakusketara iritsi aurretik bada gogoan hartzeko efemeridea. 2021eko abenduaren 2an, Secundino Etxeberria Fernandezen iloba Juan Bautista Etxeberria eta bere familia Andoaingo udaletxean izan ziren. Haren esku zegoen osabaren argazki-bilduma, eta argazki haietatik guztietatik sorta handia dohaintzan eman zioten Andoaingo herriari. Udal Artxiboan bildu zuten eta digitalizatuta dago. Dohaintza, lehenik, eta digitalizazioa, ondoren, giltzarri izan dira erakusketa martxan jartzeko garaian. 2021ean Andoaingo Udalak eskertza-ekitaldia antolatu zuen, eta bertan izan ziren Juan Bautista Etxeberria eta bere senideak.

Moises eta Truchuelo anaiak argazkilarien argazki-bildumak jaso ostean, Udalak Etxeberriaren argazki-bilduma bereganatu zuen. XX. mendeko historia ulertzeko eta gogoan hartzeko argazkiak ezinbestekoak dira. Haien guztien zaintzaz arduratzen da Udal Artxiboa.

SENTIBERATASUN HANDIKO GIZONA

Secundino Etxeberriak Andoaingo XX. mendeko lekukotza grafiko paregabea utzi zigun, argazkilari gisa. Andoaingo eta andoaindarren bizimodua, bizitza publikoa, ospakizunak, janzkerak, ohiturak,  etxe eta eraikinetako arkitektura, paisaje naturalak… erretratatu zituen. Gainera, ez zen erretratu hutsetara mugatzen, eta edertasuna bilatu nahian, kalitate bikaineko argazkiak atera ohi zituen, lehen planoei garrantzia emanez.

Nolanahi ere, ez zen argazkilari huts izatera mugatu; gizon jantzia eta kultur zale eta euskaltzale amorratua zenez, besteak beste, euskarazko antzerkigintzako bultzatzaile nagusia izan zen Andoainen. Antzerki zuzendari eta antzezlari, bai Errepublikako bizialdian (1931-1936) indartsu plazaratu zen Euskal Pizkundearen babesean, eta baita gero, diktadura frankistari aurre eginez 60ko hamarkadan sortu zen euskal mugimenduarekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!