Fase erabakiorran sartu da partaidetzazko aurrekontu-prozesua. Lehen fasean, 256 proposamen jaso ziren, aurreko bi edizioetako kopurua nabarmen igoz. Proposamenak jasota, Andoaingo Udal Lansail guztietako kideez osaturiko mahai teknikoak azterlanari ekin zion. Azkenerako, 14 proposamen iritsi dira bigarren fasera. Andoaingo Udalak, bigarren fase honetan ere, parte hartzera gonbidatu nahi ditu andoaindarrak.
Parte hartzeko aukera, azaroaren 30era bitarte zabalik
Azaroaren 15etik 30era irekiko da bigarren hautaketa-prozesua, prozedura beretsuarekin. Etxean jasotako eskuorria bete eta herrian barrena aurki daitezkeen hautes-ontzietan utzi beharko dira, edo on line bidez egin ahal izango da, Andoain.eus webgunean aurki daitekeen formularioa betez.
Udalak ohar bidez, finalisten xehetasunak eman ditu: "Finalera iritsitako proposamenak askotarikoak dira. Besteak beste, irisgarritasuna, digitalizazioa, ariketa fisikoa, hirigintza edota lehen sektoreari dagozkionak dira. Herritarrek jasotako eskuorrian 14 egitasmo horien izena, deskribapena eta aurreikusitako diru-partida zehaztuko dira. 14 horietatik herritar bakoitzak 3 aukeratuko ditu, eta norberaren interes edo gustuaren arabera puntuazioa ezarriko du. Gogokoen duenari 3 puntu emango dizkio; bigarren gogokoenari, 2; eta hirugarren gogokoenari, 1".
2024ko Udal aurrekontuetan txertatuko dituzte boto gehien jasotako proposamenak. Aurrekontuaren 250.000 euro prozesu honetarako gorde baitira.