Gora Kaletxiki Bandaren kontzertu berezia

Xabier Lasa 2023ko aza. 24a, 08:53

Gora Kaletxiki Bandak Santa Zezilia eguneko kontzertu berezia eskainiko du Santa Krutz elizan larunbat arratsean, eta  bertan, bereziki gogoan hartuko dute uztailean hil zen Asier Barrio Basteroko langilea.

Uztailaren 27an hil zen Asier Barrio Agirre Basteroko langileari gorazarre egingo diote Gora Kaletxiki Bandak larunbatean emango duen kontzertuan. Antolatzaileek zabaldu duten kartelean, Barrio hitz xumez bezain bihozberaz deskribatu dute. Alegia, “gauza handiekin ez, baizik eta gertuko gauza txikiekin, bere ingurukoen bizitza errazten eta atseginagoa egiten saiatu zen herrikide baten oroimenez” prestatu dutela aitormen ekitaldia.

Gora Kaletxiki Bandaren esker ona ez ezik, herriko beste zenbait elkarteek ere parte hartu nahi izan dute aitortzan. Senitartekoak kontzertuan izango dira.

Bestalde, Gora Kaletxi bandako musikariek herriko zenbait kulturgile izango dituzte ondoan, gonbidatu gisa; Lebiton Konpartsako kideak, adibidez. Joxe Mari Oiartzabalek zuzenduko du musika emanaldia, eta Joxe Ramon Berrondo izango da aurkezlea.

Kontzertua larunbat arratsean, 20:00etatik aurrera izango da. Doan da sarrera.

Errepertorioa

  • Andoaingo Larramendi Ikastolaren ereserkia (Musika: Joxe Mari Oiartzabal).
  • En mi viejo San Juan (Musika: Noel Estrada; moldaketak: Joxe Mari Oiartzabal; bakarlaria: Mikel Arredondo).
  • Pie Jesu (Musika: Andrew Loyd Webber; moldaketak: Joxe Mari Oiartzabal; bakarlariak: Aingeru Zabala eta Xabier Ibarguren).
  • Buruntza (Musika: JM Oiartzabal; hitzak: Joxe Ramon Berrondo).
  • Iñaki Cia Olaskoaga (Musika: Joxe Mari Oiartzabal; bakarlaria: Iñaki Cia Olaskoaga).
  • El Cumbanchero (Musika: R. Hernandez; moldaketak: Joxe Mari Oiartzabal).
  • Otso Beltza (Doinu herrikoia; moldaketa: Joxe Mari Oiartzabal).
  • Santa Zezilia (Musika: Joxe Mari Oiartzabal; hitzak: Joxe Ramon Berrondo).

 

Axier Barrio Agirre andoaindarra, gogoan

Uztailaren amaieran Bastero Kulturgunean lanean aritzen zen Axier Barrio Agirre andoaindarra zendu zen. Zorigaiztoko albisteak berehalako erreakzioa sortu zuen herriko gizarte eta kultur bizitzan. Oso ezaguna baitzen herrian, eta baita kultur arloko taldeen artean ere. Eragin enpresako langilea bazen ere, Bastero Kulturgunean egiten zuen lan-jarduera handiena. Gora Kaletxiki Bandak omenalditxoa eskainiko dio, kontzertuan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!