"Ibili Andoain" egitasmoko zaintzaileak

Aiurri 2023ko aza. 28a, 19:29

Lorena Mujika irakaslea, Maryam Sbaghi, Haizea Moreno, Oihane Trejo eta Lara Garcia ikasleekin.

Leizaran Intitutuan Arreta izeneko erdiko zikloa ikasten ari diren ikasleek, asteazkenero, adineko jendea elkartzea eta elkarrekin jarduera fisiko osasungarri bat egitea helburu dituen “Ibili Andoain” ekimenean parte hartzen dute, laguntzaile lanetan.

Aldi berean, Eguneko Zentrura ere hurbiltzen dira egunero, gizarte lanak egitera bertako erabiltzaileekin.

Arreta izeneko ikasketak mendekotasun-egoeran dauden pertsonei arreta eskaintzeko teknikaria formatzea du helburu, eta bi urteko iraupena du. Ikasketa gaindituz gero, bi aukera geratzen zaizkio ikasleari batik bat, Gizarteratzea izeneko goi mailako ikasketekin segi Leizaran Institutuan (Gipuzkoan aitzindaria da titulazio hori eskaintzen), edo eta, lan merkatuan murgildu. Bigarren hautamen horrentzat, gizarte laguntzarekin lotutako lanpostuak (Zahar egoitzak, Eguneko zentroak, Etxez etxeko laguntza zerbitzuak...) dira irtenbide ohikoenak.

Lorena Mujika da Arreta erdi mailako zikloaren arduraduna, eta adierazi duenez, ikasleak irailaz geroztik ari dira, asteazkenero, hitzorduarekin bat egiten. “Azken bost urtetan, Donostian Easo Institutuan jardun dut ikasketa horrekin, irakasle gisa. 25 ikasle banako bi talde ziren, eta ez zen lan samurra gelan ikasitakoa praktikara eramatea. Aurten Andoainen, Arreta erdi zikloa abian jarri da, eta gelan hainbeste ikasle ez direnez, aukerak erruz zabaldu zaizkigu. Horrela, hasieratik planteatu nien ikasleei, gelan teorian ikasitako hori kaleko lanarekin bateragarri behar genuela egin, aukera paregabea zeukatela beraien formakuntza errealitatean gara zezaten. Udaleko gizarte zerbitzuen onespena jaso, eta horrelaxe hasi gara Eguneko Zentroan eta “Ibili Andoain” ekimenean parte hartzen”.      

Behin aurreneko errezeloak gaindituta, ikasleak oso gustura dabiltzala aitortu du Mujikak. “Lotsa sentitzen zuten hasieran, ez zekiten nola moldatuko ziren adineko jendearekin. Baina abian jarri, eta agudo uxatu zituzten zalantzak eta ustezko ezinak. Egunez egun harremanak sakontzen ari dira adinekoekin, konplizitatea sortzen ari da elkarren artean, eta pozik dabiltza”.

Arreta erdi mailako zikloko modulu edo ikasgaiak dira, besteak beste, mendekotasun-egoeran dauden pertsonen ezaugarriak eta premiak, lehen laguntza, komunikaziorako laguntza edo osasun arreta, eta astezkenero, horietan ederki ari direla sakontzen baieztatu du Mujikak. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!