Juan Karlos Izagirre mediku eta politikari gisa mintzatu zen Martin Ugalde parkean. 2015ean izan zen Saharako kanpalekuetan mediku zenean, eta Donostiako alkate izanik, berriz, 2015ean, lurralde okupatuetan egonaldia egin zuen.
Gurutze Irizar, Fatimetu, exodoaren eta gerraren lekuko izan zen 1976an, eta ondorengo hamabost urtetan errefuxiatuen kanpalekuetan bizi izan zen.
Fatimetu Zenan, kanpalekuetan jaio zen, eta lau urterekin Euskal Herrira bizitzera etorri zen, Bermeon lehenbizi eta Ikaztegietan ondoren. Errefuxiatuen kanpalekuetan osasunaren arloan lan egiten duten erizainen elkarteko kidea da, eta aldi berean, eta diasporako gazteak biltzeko eta sentsibilizazio kanpainak egiteko sortua den Juventud Activa Saharaui elkarteko kidea da.
Azkenik, Juan Mari Arruabarrena, azkoitiarra, mutil-koskorra zenetik arkeologiarekin liluratuta dagoen ikerlaria da, Azkoitiko Munibe arkeologia elkarteko kidea da, eta 2007an lehenbiziko aldiz joan zen Mendebaldeko Saharara. Geroztik, 14 urtez jarraian ibili da hango ondare historikoa ikertzen Euskadi-Sahara Kultur Bilakaerarako erakundeko kide gisa.
Lekukotza panoramikoa
Kristina Berasain solasaldiko moderatzaileak Mendebaldeko Saharaz euskaraz idazten den lehen liburua ondu du berriki, “Sahara, herri bat erresistentzian” izenburua daramana.
Bertako errealitatearen bilakaeraren argazkia osatu du idazleak kazetaritza-kronikan, sahararren ahotsetatik tiraka: "Ia hogei urtez bertatik bertara jasotako kontakizunen bilduma bat da, gatazkaren ertz guztiei erreparatzen diena: historia, geopolitika, gerra, giza eskubideen urraketak...".
Berria, Elkar eta Jakinek elkarlanean argitaratzen duten Aleka bildumaren hamahirugarren liburua da.
Horrekin batera, diska bat ere sustatu du kazetariak: "Saharari Kantari". Hamabi abestiz osatutako obra da eta Saharako ahots ezagunak entzuteko aukera ematen du: Aziza Brahim eta Ali Seidah. Bestalde, Euskal Herriko musikariek ere parte hartu dute diskan, besteak beste: Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Anari, Izaro, Olatz Salvador, Itziar Ituño, Olaia Inziarte eta Pello Reparaz.