"Zintzoena iruditu zait nitik kantatzea”

Aiurri 2023ko abe. 1a, 07:43

Igor Elortza Aranoak Anonyme Popular ikuskizuna eskainiko du, gaurkoan. Bastero Kulturguneko auditorioan ariko da, 20:00tan hasita.

Bertsotan oso gazte hasi zen, eta musikarekiko zaletasuna aspalditik datorkio. Artistikoki, Gu ta Gutarrak taldetik Anonyme Popular egitasmo berrira egin du jauzi.  Rafa Ruedarekin ondu du disko-liburua, Zart kolektiboaren eskutik argitaratu duena. Ostiral honetan zuzenekoaz gozatzeko aukera paregabea izango da. Hauxe TTAP aldizkarirako egindako elkarrizketetik ikuskizuna deskribatzeko aukeratutako pasarteak.

Musika elektronikoa nagusi da proposamen berrian, Rafa Ruedak ontzen lagundu dizun diskoan. Diskoa entzun dugunoi, kantuei erreparatu diogunoi… piztu zaigu jakinmina. Nolakoa izango da ikuskizuna? Edo kontzertua? Zein kontzeptu erabili beharko dugu?

Igor Elortza Aranoa. Ikuskizuna, hobeto. Kantuak entzunda, jende guztiaren galdera bera da: "Hau zuzenean zelan egingo duzue?". Musika elektronikoa, egun, oso estilo ezberdinetan garatu daiteke. Garai batean ia-ia dantzarako estilo modura bakarrik ulertzen zen, nahiz eta horrelako piezaren bat ere badugun tartean. Rafa Ruedak elementu elektronikoekin egin du lan, eta instrumentazio organikoa erabili du ere.  Ikuskizun deituko genioke, kontzertu formatua ez genukeelako bere horretan egin gura. Azken batean, mamia eta funtsa, bertso-sortak dira. Hitzari eman nahi diogu zentralitatea, eta bertsoak musikatuak badira ere, taularatzeko orduan bi musikari izango ditut lagun: Rafa Rueda bera eta Alvaro Olaetxea. Biak hainbat gailurekin, tartean elektronikoak eta bestelako instrumentuak ere bai. Eszenifikazioari begira Oier ZuÒiga antzerkilari eta zuzendariarekin ari gara lanean, derrigortuta gaudelako gure formatua bilatzera. Ez dugu nahi musika kontzetu bat bezala ulertu dadin. Argiztapenekin giroak sortzea lehenetsi ditugu, argiak asko mugitzearen ordez. Proiekzioak izango dira, tartean youtuben kantuekin zintzilikatu ditugunak.

Kantuetan eta kantuen arteko pasarteetan hari modukoa egin nahi dugu antzerki munduko baliabidek erabiliz. Horrek ez du esan nahi antzerkia egingo dugunik, kantuetan zabaltzen ditugun hitz eta mezu horien mesedetan. Diskoa osatzen duten piezak izango dira oinarri, eta tokian tokiko eta garaian garaiko bertso-jarriekin osatuko dugu errepertorioa. Eta baita bertsioren bat edo besterekin. Oso ni-tik egindako diskoa beste ni batzuek sortutako piezekin ordubeteko gu modukoa sortu nahiko genuke.

Zureak esanez niri buruz kantari zabiltzala sentitu dut nik, zure hitzak galderara egokituta. Konexioa bakantasun horretatik abiatu duzu.

I.E.A. Garai eta giro batean bizi gara zeinean indibiduo eta kolektiboaren arteko haustura bat baino gehiago eratze berri batzuren premia eman den. Ziurtasun batzuk urtu ziren eta beste batzuk sortu guran gabiltza. Ariketa zintzoena iruditzen zitzaidan nitik kantatzea. Ez, zehazki, nitaz. Nahiz eta kasu batzuetan oso gauza autobiografikoak esan. Nitik kantatzea ariketa zintzoa delako hainbat gairen aurrean kokatzeko, gure ingurune gertuan zein munduaren aurrean.

Hizpide duzun kantu horretan bada beste esaldi bat "ez dut nahi neure hutsik mozorrotu taldez, ez neure zomorroan bilatzea babes". Eta uste dut horrek esplikatzen duela oso erraza dela askotan haiei buruz hitz egitea, guri buruz hitz egitea baino. Baina batzuetan guri buruz aritzea ere bada babes eremu bat, gu horretan norberaren burua diluitzeko eta ardurak taldean urtzeko.

Ez da hasieratik pentsatutako zerbait. Horrela atera zen, pilatzen joan zitzaizkidan bertso gehienak 2021eko udaberrian idatzitak dira. Nahiz eta denborarekin orraztu diren. Badira oraindik, pandemia garaian, idatzitakoak baina pandemia aurretik buruan nituen gogoetak ziren. Geroko sorta batzuk ere badira. Norberetik esandakoak dira, eta behin argitaratu eta kantatzen hasten zarenean beste batzuei ere balioko dielakoan...

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!