[Postontzia]

Osakidetza

Itziar Mujika 2023ko abe. 4a, 15:24

Dagoeneko entzun dugu, Gabonak direla eta, abenduaren 4tik aurrera antolaketa berria izango dugula: arretarako ordutegia mugatuko digute, hori murrizketa da eta, maila guztietako langileak ez dira bermatzen zerbitzu guztietan. Horrek guztiak eragina du osasun-arretan, baita geure ongizatean ere.

Donostialdeko ESI, Osakidetzako erakunde handiena da. Herri askok osatzen duten ESIa: Oiartzun, Lezo, Errenteria, Pasaia, Lasarte, Donostia, Urnieta, Astigarraga, Hernani, Usurbil, Aizarnazabal, Zestoa, Getaria, Zumaia, Zarautz, Orio eta Aia. Herri hauen herritarroi osasun-arreta ematen zaie.

Bada, dagoeneko entzun dugu, Gabonak direla eta, abenduaren 4tik aurrera antolaketa berria izango dugula: arretarako ordutegia mugatuko digute, hori murrizketa da eta, maila guztietako langileak ez dira bermatzen zerbitzu guztietan. Horrek guztiak eragina du osasun-arretan, baita geure ongizatean ere.

Osakidetzako arduradunek osasun-langileak bilatzea zaila dela jakinarazi digute, bereziki zaila sendagileak lortzea.

Etengabe sendagilerik ez dagoela entzun dugu eta, hainbeste aldiz esanez guk hori sinistea nahi dute. Baina non daude sendagileak? Desagertu egin dira? Nire galdera honako hauxe da: zergatik da gero eta zailagoa Osakidetzan lan egiteko langileak bilatzea? Zer gertatu da? Oraindik ez dut entzun enpresa-pribatuan horrelako gabezia dagoenik, aintzat hartuta gero eta enpresa gehiago daudela eta gero eta lan handiagoa dutela.

Badira 10 urte baino gehiago zer iritsiko zen konturatu ginela. Batetik, Osakidetzako langileen adinagatik erreleboa eta, bestetik, gizartearen aldaketa eta zahartzea. Zer egin dute? Zer plangintza egin dute? Goi-goiko geure Osakidetzako arduradunek zer egin dute?

Gainera arduradun politikoak ez dira aldatu. Iritsi gara iritsi garen egoerara hauen kudeaketarekin. Geure Osakidetza utzi duten bezala eta haiek berak konpontzeko gai izango dira?

Ba bai, egoera kaskarra egin da eta, nola, gainera! Osakidetzari prestigioa kendu diote eta geure osasunaren bizkarretik negozioa egiten da. Lotsagabekeria.

Sailburuak, Sagardui andereak, hori guztia konpontzeko erremedioa baduela esaten digu: publiko-pribatuen lankidetza.

Ez nago ados, ez. Lankidetza hori pribatizazioa da, geure dirua, diru publikoa, esku pribatuetan jartzea da eta, bide batez, geure Osakidetza ahulagoa eta suntsitua geratzen da.

Gero eta langile gutxiago Osasun Zentro guztietan, eta lan gehiago egiten. Lan-postu berriak enpresa pribatuetan, lan baldintzak eskasak eta lan egiten gehienok emakumeok.

Osasun arazoa izanda, nora joango gara? Ahal dutenek, agian, pribatura?

Nahikoa da! Osakidetza indartu! Osasungintza geurea da. Ez ostu. Ez suntsitu.

P.d.: Andoain Tolosaldea ESI eremuan sartzen bada ere, Andoaingo Osasun Zentroko ordutegitik kanpo Hernanikoa da erreferentziazko gunea.

 

Itziar Mujika

DOPA Donostialdea Osasun Publikoaren Alde elkarteko kidea

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!