Andoaingo merkatariei aitortza egin zaie, Euskaraz Barra Barra markaren harira

Xabier Lasa 2023ko abe. 4a, 15:51

Andoaingo 62 merkatari eta ostalariek egin dute bat “e//” markarekin oraingoz, eta horien zenbait ordezkariei aitortza egin zitzaien Basteron, atzo. Euskaraz Barra Barra ekimena, "e//", marka bereizgarria bilakatu da, herritarrek berehala identifika dezaten. Andoaingo merkatari, ostalari eta zerbitzuei bideratutako marka da; pegatina gorri borobila duten saltokietan, beraz, herritarrak beti topatu ahal izango du euskaraz mintzatzen den langilea. Argazki-sorta eta ekitaldia osoa bideoz, ikusgai:

Andoaingo Udala, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskararen Erakunde Publikoak elkarlanean martxan jarri duten marka da, Euskal Herri osorako sortua.

Beatriz Egizabal antzezleak aurkeztu zuen Basteroko ekitaldia, eta Gernikako Audience musika taldeak girotu zuen. Une oro grazia eta umorea erabiliz, ekitaldian tarteka proiektatu zituzten hiru ikus-entzunezko laburretan Egizabal ageri da, Andoaingo makina bat saltokietan erosketak egiten.

Herriko merkatariek herritarri eskaintzen dizkien tratuan gertutasuna eta zerbitzu anitzak bistaratzen dira hiru ikus-entzunezkoetan. Istorioak euskaraz eta begirada feministaz eman nahi dituen Ihitten ikus-entzunezkoen ekoizlea da hiru muntaien egilea.

 

Herriko 62 merkatari kanpainarekin bat, oraingoz

Oraingoz kanpainarekin bat egiten 62 merkatariak eta ostalariak ordezkatuz, honakoak igo ziren oholtzara: Esther Etxeberria (Betilore). Marije Iturbe (Iturbe oinetakoak). Estebe Albisu (Lanbroa taberna). Josu Otxandorena (Mimendi albaitaritza). Kristina Sanchez (Diaz botika). Josu Gorostidi (Gorostidi burdindegia). Elena Monfort (Elena Monfort farmazia). Hilario Ugalde (Ansa botika). Maria Gabirondo (Gaztelutxo taberna). Ander Armendariz (Leizaran markoak). Aitziber (Hegoa harategia). Maripi Herce (Xare oinetakoak) Ana Jandula (Keinu Euskal Jantziak).

Oroigarri gisa, aterki gorria eta poltsa gorria eman zitzaien guztiei.

Era horretan, Andoaingo udal ordezkarien izenean hitza hartu zuen Andoni Alvarez alkateak metafora egin nahi izan zuen oroigarriak hizpide hartuta: “aterkia izan dadila euskara aldarrikatu nahi dugunontzat, eta euskarara gerturatu nahi dutenentzat babes eta estalpe. Erauntsien aurrean, elkarren arteko aterpe izango dena. Eta poltsa izan dadila, bizipen guzti horiek denak gordetzeko zorroa. Euskaraz ari garenean, euskaraz bizi garenean, euskara elkarri eskutik helduta babesten dugunean, hobeak garelako”.

 

Esker ona herriko sektoreko ordezkaritzari

Alvarezek poza agertu zuen hasi berria den kanpainak orain arte eduki duen atxikimendu mailagatik: “ez dakizue zein pozgarria den herriko komertzio, denda eta tabernetan euskara entzun eta euskaraz jarduteko aukera izatea! Euskaldunoi kaletarrak garela esaten digute, kale giroa eta herriko bizitza osoa gogoko dugula. Eta hori, gaur hemen bildu zareten sektoreko ordezkaritza zabalari esker da”.

Alvarezek gaineratu zuen Euskaraz Barra Barra kanpainak kontsumitzailea jartzen duela erdigunean, “espazioak identifikatzen ditu euskara egunero eroso eta lasai erabili ahal izateko”. Horretarako, baina, ezinbestekotzat jo zuen komertzioen jarrera, eta haiei zuzen“garbi dugu espazio eroso horiek ez liratekeela ez erosoak ez positiboak izango zuen guztion jarrera aktibo eta lanik gabe. Euskaldunok euskara behar dugun bezala, euskarak behar duelako gu guztiongandik zerbait. Indartsu eta osasuntsu ikusi behar dugu gure bizitzako esparru guztietan, baita merkataritza eta ostalaritzan ere”.

Azkenik, herriko merkatarien aldeko aldarria egin zuen alkateak, “askotan andoaindarrak ez gara jakitun bertako merkataritzan daukagun aukeragatik. Ondoko herrietara joaten gara erosketak egitera. Bada, unea baliatu nahi nuke herriko merkataritza aldarrikatzeko. Herritarrei gonbitea egingo nieke ahal duten guztietan hemen eros dezaten, aukera ugari baitugu horretarako”.

 

Gonbitea artean kanpainarekin bat egin ez dutenei

Salkin elkartearen izenean, Marijo Irastortzak hartu zuen hitza. Tokiko merkatarien eta ostalarien bereizgarri nagusia herritarrekiko gertutasuna dela adieraziz ekin zion hitzartzeari: “Guretzat oso garrantzitsua da bezeroek gugan konfiantza izatea eta horretarako, zer hobeto, bere hizkuntzan azaltzea baino. Euskara da zerbitzuaren da ematen dugu zerbitzuaren kalitatearen erakusle. Bezero euskaldunak gure denda eta tabernetan beren hizkuntzan aritu ahal izatea nahi du, eta horregatik, Salkin merkatarien elkartetik bat egingo du euskara barra barra arkarekin”.

Ondoren, “e//” markarekin bat egin ez duten Andoaingo merkatariei eta ostalariei kanpainara batzeko deia luzatu zien Irastortzak.

Larramendi Bazkunaren zuzendaritzako kidea den Ane Iartza, herriko euskalgintzaren ordezkari gisa igo zen oholtzara. 2021ean egin zen euskararen kale-erabileraren neurketa aipatuz ekin zion hitzartzeari. “Andoaingo kaleetan entzuten diren elkarrizketen %20a soilik dira euskaraz, nahiz eta andoaindarren %60 inguru garen euskaldun. Tokiko merkataritzak bizia ematen dio eta bertan gertatzen dira herritarren eguneroko joan etorri eta elkarrizketa gehienak”. Ezinbestekotzat jo zituen, batetik, “euskal hiztunak herriko denda eta tabernetan lehen hitza euskaraz egin” dezaten. Eta bestetik, “parean duguna euskaldunak garela eta gurekin euskaraz egin dezakeela” ohar dadin.

Gehitu zuenez, Euskaraz Barra Barra markari esker, “jakingo dugu barra barra markarekin pegatina ikusten dugun 62 denda eta jardun horietan euskara ulertzen duen norbait egongo dela. Herritarrok, beraz, badugu non erabili Andoaingo kaleetan euskara gero eta gehiago entzun dadin”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!