Iaz, Buruntzan jarritako ikurriñari omenalditxoa egin zioten. Aurtengoan, berriz, Aizkorrikora abiatu dira. Bertan dago Joxinixio Etxeberriaren omenezko mezu bat, harri batean zizelkatuta. Denborarekin galtzen ari denez, bertan plaka bat jarri dute jeltzaleek.
Ez da edozein mezu. Goiburu auzoko Urrizti baserriko seme Agustin Zinkunegik Merdillegi baserriko Joxinixio Etxeberriari eskainitako bertsoa da. Biak ala biak, gudariak, burkide izan ziren 1936ko Gerran.
Hauxe da Andoaingo EAJ-PNVko bazkideen oroigarrian jasotako bertsoa:
Jonixio, oroitarrian
bear zenduke izena,
jel-zale ziñan bete-betean,
gizon piña ta zuzena.
Artxanda artan jokatu zendun
ordu latz eta beltzena:
"ll naiago det ikusi baiño
aberriaren atzena ".
Loyola batailoko gudaria izan zen Zinkunegi. Auzoko adiskide izan zuen Etxeberria gogoan hartuta, sei bertso idatzi zituen 1989an, “Joxinixio Etxeberria zanari” izenburupean. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak argitara eman zuen saiakera-liburuan aurki daiteke bertso-sorta hori. 2016an idatzi zuen Xabier Lasa Bergarak. 387. orrialdean aurki daitezke bertsoak:
I.
Berrogei eta amabi urte
dirade auzten beteak,
eusko odola irentsi zula
Artxandako gudateak.
Zuretzat asko oroitu gabe
joan zaizkigu urteak,
bizia antxe eman baizuan
Berdillei lagun maiteak.
II
Gauzak itxura berez ala du
diran bezela esanda,
apika ondo ez det egingo
nerau bistan ez nintzan da:
amaikarentzat oroipen gaizto
zoritxarreko Artxanda,
antxe betik gelditu ziñan
luebakian etzanda.
III.
Errian ziran bi gizon aundi
Joxinixio ta Patxi,
Euskadi eta euskeran alde
etzuten eraman gutxi.
Nik dakidala aien gorantzan
ez da letra bat idatzi,
erriak asko goraldu gabe
biei atzena iritxi.
IV
Jonixio, oroitarrian
bear zenduke izena,
Jel-zale ziñan bete-betean,
gizon piña ta zuzena.
Artxanda artan jokatu zendun
ordu latz eta beltzena:
"ll naiago det ikusi baiño
aberriaren atzena ".
V
Betikoa dan alguztidunak
berekin izan ditzala,
bizi zirala izandu zuten
beraganako itzala.
Josulaguna izan zan Patxi,
gizon ixil da apala,
abertzalea Joxinixio
gutxi diraden bezala.
VI.
Orain aitortza ona bat egiñaz
nai nuke lan au bukatu,
Zuen gorantzan lana egiñaz
ez naiz geiegi nekatu.
Ez neukan orain zer kezka izan
egin ez banu ikusi arte,
agur, zeruan ikus arte,
utsegiteak barkatu!