Kirol jarduera ardatz duen egutegia banatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Goikoplazan

Aiurri 2023ko abe. 9a, 07:00

Gipuzkoako erakunde gorenaren egutegia argazki dotorez hornituta dago, lehiaketa bidez aukeratzen dituztenak. Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak 13 hautatu ditu, garailea, azalean jartzeko, eta 12 hilabeteetarako beste argazki bana.

Ohar bidez eman du albistea Foru Aldundiak: “Opari itxurako edukiontzi erraldoi bat Gipuzkoa guztian barrena ibiliko da, Gabonetako izpiritua zabaltzeko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero berariaz antolatzen duen argazki lehiaketako argazkiekin osatutako egutegia banatzeko. 2024ko egutegiaren leloa «Gipuzkoa kirolzale» da. Kontzeptu horrek balioan jarri nahi du lurraldeak arlo horretan duen jarduera, Gipuzkoaren kirol izpirituan laguntzen duten pertsonak, klubak, federazioak eta taldeak ikusaraziz. Guztira 479 argazki jaso dira, eta Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak 13 hautatu ditu”.

Abenduaren 16an, Andoainen

Abenduaren 13an hasiko da egutegia banatzen Donostian, eta, ondoren, Andoainera iritsiko da abenduaren 16an. Goizean, opari itxurako edukiontzia Goikoplazan agertuko da. Eta arratsaldeko 18:00etan zabalduko dute.

Erakusketa Donostian

Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak Donostiako egoitzan (San Juan kalea 27) abenduaren 18tik urtarrilaren 5era erakusketa bat izango du ikusgai egutegiaren edizio honetarako jasotako 20 argazkirik onenekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!