Hazten jarraitu nahi du Yeray gazteak

Xabier Lasa 2023ko abe. 14a, 12:43

Bizitzan aurrera egiteko laguntza premian da Yeray gaztea. Osasun Publikoak beharrezko tratamendua behin-behinean ukatu dionez, Karrikako auzotarrek elkartasun-festa handia antolatu dute

Yeray hesteetako malformazioarekin jaio zen eta horrek normaltasunez haztea eragozten dio. Hazkunde hormonak behar ditu mediku espezialisten iritziz, baina Osakidetzak ezezkoa eman dionez, osasungintza pribatutik ekin dio tratamenduari familiak. Elkartasun eguna antolatu dute Karrika auzoko bizilagunek, Zumea plazan, larunbatean.

Yeray izenak “sendoa”, “handia” esan nahi du Kanariar Uharteetako guantxeen hizkuntzan. Eta ezin egokiago datorkio izena 13 urteko mutikoari, historial kliniko beldurgarriari egin baitio aurre hasiera-hasieratik gaurdaino. Dagoeneko 12 ebakuntza gainditu ditu; azkenekoa, iaz, bularra goitik behera ireki, eta hesteak atera eta berriro sartu zizkioten. Hiru hilabetero, Madrilgo La Paz ospitalean azterketak egiten dizkiote, eta, zenbaitetan, ingresatuta geratu behar izaten du. Astean sei gauetan, litro eta erdiko likidoa injektatu beharra dauka zainetatik, eta 10 ordu irauten du elikatze parenterala deitzen den jardun horrek; aparte, makina bat sendagarri hartu behar ditu egunero. 

Normaltasunetik ezin urrunago dagoen bizimodu horretan murgilduta, halabeharrez, bere adineko edozein gazteren bizitza egin nahi izaten du Yerayk, gogotsu; lagunekin-eta jolastu nahi izaten du edo kirola praktikatu, gorputzeko indarrek uzten dioten neurrian.

Patricia Martin nahiz David Rodriguez gurasoek eta hirurak Karrikako taberna batean jarrita zeukaten hitzordua Aiurrirekin astelehen arratsaldean. Amak eta Yerayk, ordea, ezin izan dute iritsi garaiz. Arrazoi sinplea bezain ulergarriagatik: mutikoak eskola egun ugari galtzen ditu derrigor, eta horiek berreskuratzeko ikastetxeak eskaintzen dizkion eskolaz kanpoko ordu horietako batean geratu behar izan du; handik atera, eta gimnasioan lagunekin pittin bat geratzeko aukera eduki duenez aspaldiko partez, hantxe tartetxo bat egin du.

Horrenbestez, aitak eman dizkigu Yeray mutikoaren aparteko kasuari lotutako azalpenak, jatorritik hasita. “Haurdunaldiko hamabigarren astean, sabeleko horma gaizki itxi zen, zulotxo bat sortu zitzaion, eta hortik ihes eginda, hesteen zati bat haurraren sabeletik kanpo geratu ziren; likido amniotikoan flotatzen geratu ziren. Gastrosquisis-a deitzen zaio malformazio horri”.

Yeray jaiotzen zenean operazio txiki bat nahikoa izango zela adierazi zieten medikuek Martini eta Rodriguezi. Konplikatu egin zen dena, baina, haurra mundura etorri orduko. “Zirujauak dena barrura sartu zion, baina horretan, zati bat hondatuta zeukala ohartu ziren; horrela, ebakuntza eginez, zati bat sartu eta bestea kendu egin zioten. Yeray hilabetez zainketa intentsiboko unitatean eduki zuten, eta epe horretan hesteetatik soilik 40 zentimetro zeuzkala sano diagnostikatu zioten. Hil ala bizi, helikopteroz Madrileko la Paz ospitalera eraman zuten, eta bigarren ebakuntza egin zioten. Hortik aurrera, tratamendu berezi-berezi bat ezarri behar izan zioten, bizitzen jarrai zezan, gaur egun ere irauten duena. Pertsona helduek sei-zazpi metroko hesteak izaten ditugu, eta haurrek bizpahirukoa. Bada, Yerayk,  kasik heste-lodia eta heste-meharra dena galduta dauka, eta 40 zentimetrokoarekin bizi-irautea egokitzen zaio. Normaltasunez elikatzen da, baina bere hesteek ez dute irensten sabelean sartzen duen guztia, eta horrela, hustubide bat balu bezala funtzionatu du bere barruak; berehala husten du dena, eta ez dio ematen denbora gorputzari nutrienteekin elika dadin. Horregatik, gauero, elikagaiak (seruma) zainetatik sartu behar izaten du, tantaz-tanta”.

 

Bizitzari gogor erantzuten dion mutikoa

Yerayk egunerokotasunak markatzen duen bizi-erritmoari duintasunez eta tinko eusten diola ziurtatu du aitak. “% 67ko elbarritasuna dauka. Ez dauka gorputzeko edozein zati hondatuta, bizi-organo bat baizik. Hura gabe, ezin bizi daiteke inor. Helduen kasuan, ezintasunaren aitormen ofiziala deklaratuta edukiko genuke zalantzarik gabe; gora behera gutxiko bizi martxa eramango genuke, arduretatik eta obligazioetatik nahiko aske. Berak, ordea, eguneroko errutinari erantzun behar izaten dio (eskola, eskolaz kanpoko ekintzak...), ezohiko tratamendu latzari aurre egiteaz gain, eta mirestekoa da hori. Sufritzea egokitu zaio, eta gorputza ahula eduki arren, burua ondo moldatzen ari da, zentzuduna da oso. Nortasunez, jendartekoa da, eta garatu ditu giza-trebeziak...”.

Aita-amak eta Yerayk, bat eginda egiten diotela aure egoerari aitortu du Rodriguezek. “Bizi dugun egoerari filosofia baikorrarekin aurre egiten saiatzen gara, egunez egun. Arian-arian, elkarri laguntza emozionala eta psikologikoa ematen ikasi dugu. Hiruok dauzkagu gora-behera emozionalak, beldurrak, antsietatea, tristezi-aldiak... eta saiatzen gara batak besteari animoak ematen eta babesten”.

Hazteko hormonen premia

Yerayk metro eta 30 zentimetro neurtzen du eta 27 kilo pisatzen du, egun. “Urtearen hasieran, Madrilgo medikuek hazkunde hormonekin hasi gintezkeela iradoki ziguten, Yeray pubertaroan sartzera zihoanez gero. Pittin bat altueran haz zedin, egokia izan zitekeela tratamendua. Donostiako medikuek ere onetsi zuten gomendioa, gaian espezialistak diren gastroenterologoak eta endokrinologoak barne. Azken horrek egin zuen aldeko txostenarekin egin zitzaion eskaera Osakidetzako zuzendaritzari, halako erabakiak hartzen dituen epaimahaiak balora zezan. Familiaren eta Yerayren kasua ezagutzen duten profesionalen harridurarako, ezezkoa izan zen erantzuna”.

Endokrinologoak, bigarren txostena osatu zuen, eta bi datu azpimarratu zituen bertan. “Batetik, epaimahaiak erantzuna emateko hartu zituen bost hilabeteetan Yeray ez zela hazi deus. Eta bestetik, denbora horretan hartu zuen farmakoa ez zela bateragarria hazkunde hormonekin; alegia, kendu zitekeela, eta bere ordez hormonen tratamendua ezarri; gastuen ikuspegitik, berdin ateratzen zelarik. Bada, ezezkoa jaso genuen bigarren aldiz. Orain sei hilabete izan zen hori”.    

Errekurtsoa jarri zuen familiak berehala, eta haren zain daude. “Ezezkoa jaso dezakegu beste behin, eta isiltasun administratiboari heldu diezaiokete, baina, bien bitartean, ezin gintezke besoak gurutzatuta gelditu. Yeray orain dago hazteko biziaroan. Horregatik heldu diogu hormonen alternatibari, kosta ala kosta, osasungintza pribatutik”.

Bada, Poliklinikara jo zuten, eta hango profesionalen esku utzi zuten beren kasua. “Bidezko zela esan ziguten han, eta uztailean hasi ginen tratamenduarekin; hilero egokitzen zaio ziztada. Hasiz geroztik, begi-bistakoa da Yerayk izan duen hobekuntza: hiru zentimetro hazi da jada, 1,27tik 1,30era igaro da. Eskasa irudituko zaio jendeari egoera normal baterako, baina izugarria da hesteetako patologia mota hori daukan gazte batentzat, oraindik hazteko adinean dagoen gazte batentzat”. 

Irizpide ekonomikoak, aurretik

Osasun irizpideekin baino gehiago, murrizketa ekonomikoekin duela zerikusia Osakidetzaren erabakiak, iruditzen zaio familiari. “Bulego batean dauden pertsonen esku dago azken erabakia. Gustura jarriko ginateke tribunal horren aurrean Yerayrekin, eta azaldu zein den bere osasun arazoa, baina ez da posible. Inpotentzia handia sentitu ohi da, humanitaterik gabeko burokraziarekin topo egiten duzunean... Argi daukagu administrazio publikoak ahalegin ekonomiko hori egin zezakeela, are gehiago medikuntzako profesionalen oniritzia eduki eta gero”.   

David Rodriguezek Yerayren heldutasun maila azpimarratu nahi izan du, azken hilabeteetan hiruek elkarrekin hartu behar izan dituzten berebiziko erabakiekin: “Daukan gaixotasunaz jakitun da, zailtasunak zaildu egin baitu mutila. Egoera den bezala azaldu izan diogu, argi eta garbi, aldeko eta kontrako guztiekin, eta berak nahi izan du hormonen irtenbidea probatu. Ulergaitza egiten zaio tribunalaren jarrera, baina berak erabaki du daukagun aukerarekin aurrera egitea. Hala jokatuko dugu hemendik aurrera ere, konfiantza osoa daukagula bere zentzumen onarekin”.

Esker oneko, elkartasun uholdearen aurrean

Patricia, David eta Yeray pozez ezin kabiturik daude ikusita Karrikako auzokideak nola ari diren adierazten elkartasuna. “Gu konturatzerako, dena antolatuta zeukaten! Benetan ez dakigu nola eskertu egiten ari diren guztiagatik. Karrika auzo langilea izan da beti, umila, eta beste askotan bezala, orain ere erakusten ari da zenbateko humanitatea eta elkartasunerako grina dauzkan. Harro gaude auzo honetako kide izateaz”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!