[Babestutako edukia]

Foru Aldundiak 2024ko egutegiaren 40.000 ale banatuko ditu Gipuzkoa osoan

Aiurri 2023ko abe. 14a, 18:31
Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusia eta Irune Berasaluze Gobernantza diputatua.

Opari itxurako edukiontzi erraldoi bat lurraldeko eskualde guztien barrena ibiliko da eta herritarrak egutegiaren bila irribarre batekin hurbiltzera gonbidatuko ditu.

Opari itxurako edukiontzi erraldoi bat Gipuzkoa osoan barrena ibiliko da, Gabonetako espiritua zabaltzeko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero berariaz antolatzen duen argazki lehiaketako argazkiekin osatutako egutegia banatzeko.

2024ko egutegiaren leloa Gipuzkoa kirolzale da. Kontzeptu horrek balioa eman nahi dio lurraldeak arlo horretan duen jarduerari, Gipuzkoaren kirol espirituan laguntzen duten pertsonak, klubak, federazioak eta taldeak ikusarazteko. Guztira, 479 argazki jaso dira, eta Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak hamahiru hautatu ditu: garailea, azalean jartzeko; eta hamabi hilabeteetarako beste argazki bana.

Abenduaren 16an Andoainen

Abenduaren 13an hasiko dira egutegia banatzen, Donostian, eta, ondoren, abenduaren 23ra arte edukiontzia udalerri hauetan barrena ibiliko da: Errenteria, Irun, Andoain, Tolosa, Beasain, Urretxu, Eibar, Bergara, Azpeitia eta Zarautz. Hain justu ere, Andoainera, abenduaren 16an helduko da. Goikoplazan banatuko dira egutegiak 18:00etatik aurrera.

Goizero, aipatutako egunetik aurrera, opari edukiontzia udalerri horietako erdigunean azalduko da, herritarren artean interesa pizteko, eta 18:00etan zabalduko dute. Ordu horretatik aurrera jaso ahal izango dira egutegiak. Opari edukiontziaren barruan, gainera, Aldundiak testuinguru horretan abian jarri duen kanpaina bat aurkituko dute. Bertan, irribarre egiteko gonbidapena egiten da, eta keinu horrek bakoitzaren osasun psikologikoan dituen onurak aipatzen dira, Zure irribarrea oparirik onena lelopean.

Pablo Perezen irudia, azalera

Pablo Perez urretxuarrak irabazi du Aldundiak egutegia osatzeko egindako argazki lehiaketa eta, ondorioz, haren argazki harrigarria jaso du azalean. Aurtengo lehiaketak gipuzkoarren kirolzaletasuna eta balioak erakustea izan du helburu eta urretxuarraren argazki irabazleak lokaztutako jokalari taldea eta haur bat ditu protagonista.

Irune Berasaluze Gobernantza diputatuak sari banaketa ekitaldian azaldu zuenez, 479 argazki aurkeztu dira lehiaketara, denetariko kirol praktitak eta kirolariak erakusten dituztenak. Eta, hain justu, horixe bilatu dute aurtengo deialdian, Berasaluzeren esanetan: “Gipuzkoarren kirolzaletasuna erakustea, bizimodu aktibo eta osasuntsu baten alde egiten dugun apustuari balioa emanez eta kirolaren bitartez elkarbanatzen duguna ospatuz”. Horrekin batera, honako hau gehitu zuen: “Natura da beste protagonista, argazkietan oso ondo ikusten baita gure mendi-itsasoen edertasuna eta horietaz gozatzeko gipuzkoarren zaletasuna, urtaro guztietan”.

Pablo Perezekin batera, hauek dira aurtengo lehiaketaren irabazleak: Iñaki Oregi (urtarrila), Lazaro Gonzalez (otsaila), Ander Morea (martxoa), Jose Venegas (apirila), Iosune Negredo (maiatza), Lander Tolosa (ekaina), Carlos Mediavilla (uztaila), Mikel Cavero (abuztua), Arbil Iciar (iraila), Alberto Beloki (urria), Aitor Agirrezabal (azaroa) eta Gurutze Ariznabarreta (abendua). Guztira, 4.000 euro banatu dira saritan, 1.000 euro irabazlearentzat eta 250 euro gainerako 12 aukeratuentzat. Urtero bezala, epaimahaia Gipuzkoako Argazkilaritza Elkarteko kideek eta Aldundiko ordezkariek osatu dute.

40.000 egutegi banatuko dira

Ekimen horrekin, Aldundiak 40.000 egutegi banatuko ditu lurralde historiko osoan.

Ildo horretan, gainera, Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak Donostiako egoitzan abenduaren 18tik urtarrilaren 5era erakusketa bat izango du ikusgai, egutegiaren edizio honetarako jasotako hogei argazkirik onenekin –San Juan kalea 27–.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!