Ekitaldiz beteriko asteburua, Andoainen

Xabier Lasa 2023ko abe. 15a, 11:08

Gabonen atariko ekitaldi-sortaz gain, hitzordu gehiago izango da asteburuan. Esanguratsuena, eguerdiko 12:00tan izango da Plaza Morean. Anabel Fernandez emagina gogoan hartuko dute, herritar talde batek antolatutako omenaldi-ekitaldian

Joan zen azaroaren 22an ezusteko albistea iritsi zen Andoainera. 2017ra arte lanean aritu zen Anabel Fernandez antiguarra zendu zen. Emagin lanetan aritu zen, urte luzez, Andoaingo Osasun Etxean. Arrasto sakona utzi zuen lanean aritu zen artean. Larunbat honetan, eguerdiko 12:00tan hasita, omenaldi-ekitaldia jasoko du Plaza Morean. Herritar talde bat aritu da prestaketa lanetan, Anabeli merezitako omenaldia eskaintzeko.

Ostiral arratsaldea

Gabonak gainean diren seinalea da, ostiralerako iragarritako hitzordua. Klasiko bilakatu da, Bihurri Etxeberrietako Jaiak antolatu duena. Dozenaka haur hurbilduko dira ostiral honetan, Olentzerori eta Mari Domingiri eskaeren gutuna helarazteko. Kotoik txokolatea eta bizkotxoak eskainiko dizkie bertaratzen direnei, arratsaldeko 18:00tan hasita.

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearen Andoaingo Ordezkaritzak, 25, 50 eta 75 aldiz odola eman duten andoaindarrei diploma bana emango die. Aurten, zehazki, bederatzi lagun izango dira sarituak. Pleno aretoan izango da ekitaldia, iluntzeko 19:00tan hasita. Odola ematearen garrantziaz ohartarazteko mezua ez da oharkabean igaroko.

Gabon giroko larunbata

Olentzero eta Mari Domingi etxe guztietara iristeko hamar egunen faltan, Gabonei loturiko hitzorduak biderkatzen ari dira. Eguerdiko 12:00tan hasita, gaztain-jatea antolatu du Urki dantza taldeak Juanita Alkain plazan. Ordu horretan, kalez kale ibiliko da Gora Kaletxiki Txaranga. Goikoplazan hasiko da kalejira, Zumea plazaraino iritsiko dena. Bertan ospatuko da, egun osoz, Yeray Karrikako gaztearen aldeko ekitaldi solidarioa. Karpa eta guzti jarriko dute, eta, herriko gizarte eta kultur eragileen artean, hamaika ekitaldi antolatu dituzte.

Ostalaritzari erreparatuta, Gilda eguna ospatuko dute Muga eta Urkiola tabernetan.

Arratsaldean ere ez dira ekitaldiak faltako. 18:00tan hasita, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2024ko egutegiak banatuko ditu Goikoplazan. Hori ere, Andoaingoa bezala, argazki-lehiaketa batean aukeratutako argazkiekin edertu dute.

19:30ean hasita, bi emanaldi izango dira. Batetik, San Martin Tours elizan Joxean Pascualek eskainiko duena. Bestetik, Basteron Ismael Serrano kantariak disko berria aurkeztuko du.

Larunbat honetan, Gabonetan bete-betean murgilduko dira andoaindarrak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!