Gizartean “ezinbestekoak” diren herritar odol-emaileei aitortza egin zaie

Xabier Lasa 2023ko abe. 15a, 20:40

Odola 25, 40, 50 eta 75 txandatan eman duten “ezinbesteko” herritar odol-emaileek aitortza jaso dute udal batzan, gaur ilunabarrean. Andoni Alvarez alkateak euren jarrera miresgarria dela adierazi du, eta Joxe Maria Tolosa odol-emaileen ordezkariak, berriz, “ezinbesteko” herritarrak direla gehitu du. Ekitaldia osorik, bideoz ikusgai:

Hona aurten oroigarria jaso duten odol-emaileak:

* 25 odol-emateengatik: Ines Miron Gonzalez.

* 40 odol-emateengatik (emakumeak): Juana Maria Zalakain eta Beatriz Bravo Alonso.

* 50 odol-emateengatik (gizonezkoak): Aitor Etxeberria Arizmendi, Manuel Guijarro Bernal eta Miguel Angel Herrero Gonzalez.

* 75 odol-emateengatik: Jose Sanchez Fraile, Miguel Maria Beneitez Carro eta Eugenio Chorro Lopez (Imanol, semea, agertu da oroigarria jasotzera).

 

Miresmena eta aitortza, "ezinbesteko" herritarrak direlako

Udal batza aretoan egin da ekitaldia, eta bertan bildu dira, odol-emaileekin eta beren senideekin batera, udal ordezkariak; hain zuzen, Andoaingo Alvarez alkatea, Jose Luis Verdasco (PSE-EE), Txitxu Ruiz (EAJ-PNV) eta Pepe Iparragirre (Ahal Dugu-Podemos).

Andoni Alvarezek egin die harrera udalbatza aretora hurbildu diren guztiei, eta miresmena azaldu die odol-emaile guztiei, “ bizitza ematen ari baitzarete, eta horretxegatik, alkate naizen aldetik, ohorea da egingo zaizuen aitormen honetan parte hartzea”.

Ondoren, Joxe Mari Tolosa Andoaingo odol-emaileen ordezkariak odol-emaile batzuen zintzotasuna aitortzeko ekitaldia dela esanez hasi du mintzalditxoa. “Hala zion aspaldiko kanpaina batek: Odola bizitza da. Eta egia borobila da: odolak biziak salbatzen ditu. Odola behar duen gaixoari odola emango dion makinarik ez dago, ez da asmatu oraindik. Horregatik, zuetako bakoitzak ematen duen odola beharrezkoa da jende askoren osasuna zaintzeko edo batzuen bizitza bermatzeko. Ez dauka ordezkorik. Ezin da sortu, ezin da fabrikatu”.

Estatistikek soilik “zenbat jendek jasotzen duen boluntarioek emandako odola” jasotzen dutela esanez segi du hitzartzearekin Tolosak. “Baina estatistiketan ez dira inoiz agertzen beste batzuek emandako odola jasotzeko aukerarik izan ez balute hilko liratekeen pertsonak. Inoiz ez dugu jakingo zenbat jendek salbatu duen ematen dugun odola. Baina pentsa dezakegu pertsona asko direla emandako odolari esker beren bizitza salbatzen dutenak”.

Aurten 25., 40., 50. eta 75. odol-ematea egin duten odol-emaileei begira jarri, eta honako mezua luzatu die: “Zuek zarete bazterrezinak. Noizean behin odola ematen dutenak onak dira. Oso onak dira. Boluntario horiei egindako ekarpena eskertu behar diegu. Baina zuek zarete ezinbestekoak, etengabe zuen onena besteen alde ematera joaten zaretenok, hutsik egin gabe eta zintzo-zintzo, behin eta berriz etortzen zaretenak. Trukean ezer jaso gabe. Eskuzabaltasunez”.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!