Hesteetako gaixotasuna daukala-eta hazteko hormonak behar dituen Yeray mutikoaren aldeko elkartasuna eguna egin zuten Zumea plazan, joan den larunbatean. 7.100 euro bildu zituzten bertan, eta kopuru hori emateko, elkartasun egunaren bultzatzaileak eta Yeray eta bere guraso Patricia Martin eta David Rodriguez bildu ziren, Karrika auzoko Coviran janari dendan.
Emozioz beteriko ekitaldi xumea izan zen, eta Yerayren aitak, David Rodriguezek familiaren izenean hartu zuen hitza. “Nekez adierazi liteke sentitzen duguna hitzekin, baina esan nahi dugu biziki eskertuta gaudela Karrikako eta Andoaingo bizilagunek erakutsi diguten mugagabeko eskuzabaltasunagatik. Herrikideen elkartasunari esker, Yerayk behar dituen hazteko hormonak zenbait hilabeteetan erosi ahal izango ditugu”.
Ondoren, adierazi zuen Osakidetzari lehendik ere egina dioten eskariari eutsiko diotela, alegia, “beregain har dezala Yerayk behar duen tratamendu berezia, hazteko hormonekin”.
Rodriguezek injustutzat jo zuen Yerayrekin Osakidetzak hartu duen jarrera. “Badirudi osasun publikoan gertatzen ari den murrizketen politikarekin duela zerikusia Yerayri eman dioten ezetzak. Gaur Yerayri gertatu zaio, baina beste edonori. Behar-beharrezkoa dugu guztion ongizatea zainduko duen osasun publiko sendo bat”.
Ekarpenak, egin daitezke oraindik
Bestalde, Elkartasuneko ekimenaren bultzatzaileak ohartarazi dute oraindik jarraitu litekeela ekarpenak egiten. Batetik, herriko hainbat taberna eta komertzioetan jarrita dauden eltxetxoetan, eta bestetik ING bankuan irekita daukaten kontu korrontean (ES24 1465 0100 91 1751974798).
Elkartasun taldeak, honako pertsona, elkarte, komertzio eta entitateei eskerrak eman nahi dizkie, eskainitako laguntzagatik: Andoaingo Udala, Xabi Sanchez eta Marivi Garmendia, Urrats, Keinu, Xabier Astigarraga eta Gorka de la Revilla soinu teknikariak, Pippermint Sextet musika taldea, DJ Ezekiel, Saito, Zumbalokura, Andoaingo Talogileak, Ormaki, Etxeberria harategia, Zabala bitxitegia, Mizpiradi eta Gaztañaga sagardotegiak, Euskalduna K.E., Berria, Aiurri, El Diario Vasco, Hementxe, Karrikako Elkartea, Ernaitza, Niko Iturbe lorezaintza, Bazar Chino Atlantico, Coviran Karrika, Insalus urak, Oreka, Tapimek sofak, Marce aroztegia eta, Txalaka, Nairu, 97, Urkiola, Muga, Txitibar, Olloki, Danena, Gaztelutxo, Irrintzi, Daico eta Karrika taberna eta jatetxeak.