"Aldaketa, berrikuntza modura ulertuta, baikorra da niretzat"

Jon Ander Ubeda 2023ko abe. 22a, 07:45

Alderdiko buruzagia eta bozeramailea da Andoainen, Imanol Goenaga Egibar.

EAJ-PNV alderdiak lehendakaritzako hautagai berria proposatu du, eta horrek zeresan handia eman du. Imanol Goenaga Egibar Andoaingo jeltzaleen buruzagia da. Euskadiko eta Andoaingo politikaz jardun du, Aiurri astekariarekin.

Imanol, Euskadiko egoera politikoa interesgarria dela aitortu zenidan, aurreko batean, Andoaingo udaletxean ekitaldi publiko bat hastear zela.

Bai. Garaiak beti dira estrategikoak, baina ikusten dut momentu berezi batean gaudela. Gizartea aldatzen ari da, aldaketa oso inportanteak ematen ari dira. Politika gizarteari konponbidea edo erantzunak emateko erreminta tresna bat den heinean, horregatik esaten dut interesgarria dela momentua. Gure populazio piramidalari begira, zahartzen ari da, gure ekonomia aldatzen ari da, aldaketa klimatiko bete-betean sartu gara, gure zaintza ereduaz jardun behar dugu… Transformazio asko ematen ari dira, eta esango nuke pandemiaz geroztik azkarrago eramaten ari direla aldaketa horiek guztiak. Horrek behartzen du politikan aurrea hartzera eta orain arte baliagarri ziren klabe asko eraldatzera. Aldaketa, berrikuntza modura ulertuta, baikorra da niretzat. Horixe guztiagatik diot une interesgarria dela.

Eta baita aktore politiko berriak aurkeztu direlako. Besteak beste, Eusko Alderdi Jeltzaleak. Zure ustez, nola kudeatu da Urkulluren auzia?

Jende askori Eusko Alderdi Jeltzalearen barne prozesuak ulertzea kosta egiten zaio. Herri ordezkari izaten gara, normalean, alderdiak eskatzen digunean. Denontzat dago hasiera eta bukaera. Katebegi bat gara, belaunaldiz belaunaldi ematen ari dena. Esku artean ditugun erronka berriei aurre egiteko gogoeta bat egina dago. Gure kasuan, uste dut, alderdia ez dagoela epe motzei begira, baizik eta epe ertain eta luzera. Estrategia bat abiarazi da, beste jomuga eta helmugen bila. Horretarako egokia izaten da belaunaldi aldaketa bat egotea.

Urkulluren exekutiboaren ibilbideak oso indikadoreak onak ditu, halere, egin den lana ere ondo baloratzen da gizartean. Alderdiak datozen hamabost urteei begirako buruzagiak eta liderrak lehenetsi ditu. Gogoeta sakona dago atzean. Horrek ez du esan nahi orain arte egin denarekin apurtzea, baizik eta erronka berriei aurre egiteko jende berri bat edo belaunaldi berri bat bilatzea.

Ez da ohikoa, publikoki, jeltzaleen artetik hautagai kuttunen alde agertzea. Baita kritika modukoak agertzea ere. Kuriosoa iruditzen zait.

Ezagutza falta dela uste dut. Eusko Alderdi Jeltzalea da prozesu demokratiko eta parte hartzaileena duen alderdia. Oso prozesu luzea da, zeren eta hautaketa-prozesuan ditugu bi itzuli.

Prozesua irekitzen denean eztabaida ematen da, norberak bere lehentasunak ditu. Baten batek esango du emakumea izan behar duela, akaso. Bakoitzak bere lehentasunak izango ditu, baina nik uste dut eztabaida hori sanoa dela eta nik uste dut alderdi guztiek egin beharko luketela. Tamalez, normalean alderditan izaten da aurrez hartutako erabakia berrestea. Hori ikusten ari gara beste alderdi askotan.

Eusko Legebiltzarraren funtzionamendua ondo ezagutzen duzu, bertan ari zarelako lanean. EAJ-PNVk Pradales proposatu du. EH Bilduk Otxandiano. Gipuzkoarrentzat, bereziki, ez dira oso ezagunak ez bata eta ez bestea.

Nire kasuan, ñabardura bat. Eusko Jaurlaritzako exekutiban ari naiz lanean. Galderari erantzunez, esango nuke bi perfil berdintsu direla, ezta? Eta berriro noa hasieran egindako irakurketara. Uste dut bi alderdietan oso antzeko irakurketa egin dugula. Momentu kritiko batean gaude, erronka berriei aurre egiteko. Patroi bereko bi pertsona dira, belaunaldiz eta adinez parekoak. Gainera, biak, bizkaitarrak. Biak ere formazio tekniko zabala dutenak.

Nola bizi duzu zuk?

Lasaitasun osoz. Uste dut estrategia politikoa ezin dugula antolatu, diseinatu epe motzera begira, lau urteko etekin elektoralaren baitan. Hauteskunde ezberdin bakoitzean klabe ezberdin batzuk daude. Uste dut euskaldunok, euskal hiritarrok, gaitasuna badugula hauteskunde bakoitzean oso modu kritikoan erabakitzeko. Hauteskunde autonomikoen atarian ikusi beharko da alderdi bakoitzak zer proiektu aurkezten duen, zein proposamen dituen eta horren baitan herritarrak gai izango dira aukeratzeko eurentzat zein den onena. Boterea herritarren esku dagoela esan ohi dut nik.

Etor gaitezen Andoainera. Neronek ikusi nuelako, jarraipena egin nuelako, esan dezaket kanpainan dena eman zenuela. Aldiz, emaitzak ez ziren onak izan. Zuretzat kontsolagarria da EAJren jaitsiera orokorra izatea, lurralde osoan?

Ezagutzen nautenek badakite oso lehiakorra naizela. Egiten dudan guztia pasio handiarekin eta intentsitate handiarekin bizi dut. Hautagai aurkeztu nintzen horretarako prest nengoela sentitzen nuelako. Eman nuen onena, eman nezakeen onena. Uste dut proiektu sendo bat, oso zehatza, landua aurkeztu genuela. Lantalde indartsuarekin.

Orokorrean, alderdiarentzat, maiatzekoa gaizki joan zen eta olatu hark Andoain harrapatu zuen. Nik, halere, kirolaria izanik, emaitza onartu nuen. Jakin behar baita irabazten eta galtzen. Irakurketa zintzoa eginez, gauza batzutan asmatuko nuen, beste askotan ziurrenik ez. Bi hilabetetan, hauteskunde kanpaina batean, ziurrenik ezin da iraultza edo eraldaketa nagusi bat lortu. Sinesten dut eguneroko lanean. Guretzako ez ziren emaitza onak izan eta andoaindarrek erabaki dute Andoaingo alkatetza eta lidergoa dagokiola EH Bilduri.

Maila pertsonalean, zer moduz zaude?

Ondo. Ni ondo nago. Penaz, sinesten nuelako proiektu interesgarria genuela. Xehetasunez landu genuen programa, datozen hamar urtera begirako egitasmo zehatzekin. Plan asko genituen, bat-batean zapuztu direnak. Eta horrek sortzen du nolabaiteko frustrazioa, pena bat. Ez daukagu barku honen agintea, eta oposizioko rola betetzea dagokigu orain.

EAJ alkatetzan egon zenetik ia 40 urte pasa dira. Hemengo gobernantza alderdi sozialistaren edo ezker abertzalearen artean trukatu dira. Gu askotan ikusle huts izan gara, eta gure ahalmen eragina murritza izan da.

Gure proiektu politikoa ulertzen dugu aberatsa eta baliagarria dela. Eguneroko jardun horretan gure ekarpenak egiten saiatzen gara eta bide horretan gobernu taldeak gure proiektu horiekin bat egiten baldin badu, ahalmena ematen diegu aurrera egiteko. Gu bidelagun izango gara. Andoainen politika egitera gatoz, modu eraikitzailean.

Norbaitek pentsa dezake lau urte xextran, iskanbilan eman beharko genituzkeela. Guk ulertzen dugu Andoainen modu eraikitzaile batetik erantzun behar zaiela herritarren lehentasunei. Beraz, saiatuko gara Andoainen alde egiten diren proiektu eta ekimenak sustatzen. Izan daitezke gobernu taldearen ekimenekoak, baina hala ez denean oposiziotik gure ekarpenak egingo ditugu. Tamalez, abenduan gaude eta oraindik aurrekontu zirriborro bat ere ez dugu izan, gehiengo osoa duen gobernu talde baten aldetik. Pena da, baina alkateak lehen aurrekontu zirriborroa EAJri helarazten dionean, alderdiak egingo du aurrekontuaren irakurketa zintzoa eta saiatuko da ekarpenak modu positiboan egiten.

Jakinik oposizioa garela eta gure ekimena oso mugatuta dagoela, baina guk prestutasuna badugu. Ahalegin hori genuen, adibidez, 2024ko ordenantza fiskaletan. Alkateak proposamena aurkeztu bezain laster harengana jo genuen. Eta ikusi dugu nola begi onez hartu eta hobetsi dituzten gure hainbat proposamen. Norabide horretan, guk babestuko ditugu halako erabakiak.

Zentzu horretan, haiek baino nabarmen leunagoak izaten ari gara. Aurreko agintaldian oso-oso oposizio gogorra egin ziguten, oso traketsa. Bidelagun izan beharrean, blokeo egoera bat estutu nahi izan zuten eta batzorde ezberdinetan ikusi genuen nola haientzat ia inportanteagoa zela arerio politikoari zaunka, traba egitea.

Orain, kulturan edo enpleguan edo gobernatu dugun arlotan saiatzen ari gara bidelagun izaten, gobernantza berriari aukera eskainiz, denbora izan dezaten. Ikusiko dugu. Horrek ez du esan nahi gure pazientzia infinitua denik.

PSE-EE eta EAJ-PNV gobernukide izatetik oposiziora pasa zarete. Orain oso politika ezberdina egiten ari zarete.

Bi familia politiko ezberdin gara. 2019an ezberdinen arteko akordioaren baitan, Andoaingo blokeoa erabat gainditzeko eta konpromiso jakin batzuen baitan, akordioa egon zen. Ulertuta bakoitzak bere izaera politikoa zuela. Alderdi sozialistak orain jokatzen du inoiz irabazi ez zuen hauteskunde batzuk galdu izan balitu bezala. Alderdi sozialistari gogoratu behar zaio gobernatu duela, EAJk babestu duelako. Koalizioak matematika ariketa baten ostean ematen dira, baina badaude lidergoak eta nik uste dut alderdi sozialistak ez duela lidergorik ezarri Andoainen. Maiz, Maider Lainezen figura ez da lidergo figura bat izan.

Gurekiko oso mesfidatia izan da. Eta askotan freno bat, balazta bat. Ez gintuen ahalbidetu behar beste aurrera egitera. Izan da mesfidatia, eta askotan egon da tematuta adieraztera bera zela alkatea, argazkien bidez. Lidergotza garrantzitsua da udal administrazioan eta garrantzitsua da lantaldea izatea, talde lanean sinestea, delegatzen jakitea.

Hori esanda, guk argi daukagu zein den gure bidea. Izan behar du politika positiboan egitea, eta eraginkorra.

EH Bildu eta EAJ-PNVren artean beste sintonia bat, beste aldarte bat antzematen da orain. Ez zaizu iruditzen kalean jendeak hori eskatzen zuela?

Bai. EAJ-PNVk erakundeetan alderdi askorekin batera agindu du. Baita gure alderditik aldendu zen EArekin ere. Ezberdinen arteko akordioak, berez, onak dira. Andoain abertzalea da, nagusiki. Badaude familia politiko oso markatuak. Euskalduna eta euskaltzalea da Andoain. Berriki, euskarari lotutako auzian eztabaida egon da eta alderdi sozialista entzun dugu. Antipodatan gaude. Are gehiago, gauza batzuk entzutea mingarria zaigu.

Lasaiago ote gauden? Andoainen pasa ditugu urte asko, familia politiko horiek elkarri bizkarra emanda. Bi familia politiko ezberdinak dira, eta gatazka oso gordinak izan ditugu.

Ezker abertzaleak badauka gaitasun bat, komeni zaionean, Andoainen kalea aztoratzekoa. Egin du askotan, desgaste politiko hutsa egiten ari dela jakinda. Horrek eragin du zubi asko apurtzea. Dena ez da zilegi politikan.

Aurreko lau urteak oso gogorrak izan ziren. Bapatean, gainera, gatazka ugari desagertu dira. Sorpresiboki. Politika modu eraikitzailean egitea da zubiak eraikitzea, eta kasu horretan lehenetsi zen zubiak apurtzea. Elkarbizitzari egin diezaiokegun aportazio handiena da familia politiko horiek elkarren artean hitz egiten hastea, adosten hastea eta akordioak bilatzea. Inportantea da gai izatea exijitzeko, adosteko. Zeren herritarrak, nik uste dut, kasu honetan askoz azkarrago doaz askotan. Bizikidetza mahaian ikusten ari gara hori. Askotan, eztabaida asko oso zaharkituak direla ikusten ari gara. Anakronikoak. Gizarteak, alor horretan, gainditu gaitu.

Non ikusiko zaitugu 2024an? Eta 2027an?

Konpromisoa dut Andoaingo herriarekin eta nire jardun politikoari eutsiko diot. Gaurkoz, bestalde, Eusko Jaurlaritzan Arantza Tapia Sailburuarekin lanean ari naiz. Proiektu potolo eta interesgarri ezberdinak ditugu eskuartean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!