Mendeurrenaren osteko lehen urtean, primerako futbol zelaia izango du Euskaldunak. Belarrezkoa izango da, naturala. Andoaindar batek izango du zaintzaren ardura, gainera. Aurkezpenik behar ez duen Estebe goiburuarra. Oso gustuko du bere lana: “Mantenua, landaketak, kimaketak... Zaila da egun enpresa berri bat martxan jartzea, baina nahiko azkar hasi nintzen dinamika erregularrean lanean. Astelehenetik ostiralera egiten dut lan eta 2024an Ubitarte zelaiaren ardura hartuko dut”.
Akabo, beraz belar artifiziala. Izan ere, horrelako instalazioak kaltegarri dira ingurumenerako. Mikroplastikoen igorle handienak baitira. Eremu horiek polietilenoz fabrikatuta daude latexezko edo poliuretanozko oinarri bati esker, zeinak atmosfera kutsatzen duen material nagusitzat jotzen den kautxu bat osatzen baitu.
Euskaldunako zuzendaritzarekin harremanetan, honakoa adierazi dute: "Europako agindua iritsi da Ubitarteko zelai berriko belar artifizialak kutsadura eta ingurumenari kalte egiten diola sortzen duen goma eta mikroplastikoa dela medio. Andoaingo Udalak zalantzak ditu zelai aldaketa udaberrian edo udan egin behar ote den. Jakinaren gainean izango ditugu zaletuak, datozen hilabeteetan”.
Nahiko argi dago maiatzean egingo dutela irekiera ekitaldia. Athletic taldea izango da belar naturalean jokatuko duen lehen taldea, Euskaldunaren aurka jokatuko den lagunarteko partidan.
Partida amaituta guztiak kalejiran joango dira Gaztelutxo aldera, musika eskainiz ariko den DJ Bullen atzean. Nola ez, Esteberen kamioiaren gainean.