Andoainen Urigain kultur etxean talde bat asteartero biltzen da, eta noizean behin, elkartze bereziak (mendi irteerak, afari-meriendak, museoetara bisitak...) egiten dituzte. Abenduan Irunberri elkartean egin zuten bilkura. Nork bere jatorriko jakiak prestatu, besteei nola egin erakutsi, kafea hartu, tertuliari ekin... Jai polita egin zuten arratsalde pasa. Hain zuzen, Cabo Verde, El Salvador, Nikaragua, Segovia, Mexiko, Peru, Kolonbia eta Ekuadorretik Andoainera bizitzera etorri diren emakume migratzaileak bildu ziren elkartean, giro ederrean.
Sorburu kooperatibak dinamizatzen du egitasmoaren dinamizazioa, Udaleko Berdintasun sailarekin elkarlanean. El Salvadorretik hona orain ia 20 urte heldu zen Ana Murciak dinamizatzen du Andoaingo taldea, eta berak azaldu ditu zeintzuk diren elkargunearen ezaugarri nagusiak: “Bertan, gizakien komunitate atsegina osatzen saiatzen gara. Geure migrazio-esperientziak eta bizipen paregabeak partekatzen ditugu, integrazioa sustatzen da eta oinarrizko gizarte-sareak indartzen dira, hazteko eta harrera edo adopzio-lekura egokitzeko, hau da, gure etxe berrira. Geure osasuna lantzen dugu, fisikoaz gain emozionala, animikoa, psikikoa, espirituala...
Bizipenak, gogoetak, pozak, kezkak, arazoak eta abarrak elkarrekin tertulia giro-gozoan partekatzeaz gain, bestelako ariketak ere egiten dutela hitzorduan, zehazten du Murciak: “hainbat jardun terapeutikoak jorratzen ditugu: gorputz mugimenduak, arnas-ariketak, chi kung (giza gorputzaren energia-sistema ezagutu eta erabiltzeko sistema txinarra), ipuin tibetarrak (instrumentu metalikoekin egindako soinu-masajeak), dantzak...”.
Murciak garrantzia ematen dio “elkargune aske eta malgua” izatea Urigaingo asteroko hitzordua. “Badakigu emakume migratzaileak zaintza eta garbiketa sektoreko langileak direla gehien-gehienak, egoera prekarioan bizi direla, eta lanordu amaigabeetatik atera eta familiari eta etxeko-lanei dedikatu behar diotela beste hainbat ordu. Bizimodu hori eramanik, ez da harritzekoa kostatzea konpromisorik hartzea astero-astero”.
Zein baino zein bizipen aberasgarriagoa
Pereyrak, 20 urte darama Andoainen 20 urte, eta badauka ezagutza baloratzeko Andoainen azken urtetan errotzen ari den migrazioaren errealitatea. Soziologoa da, eta migrazioaren fenomenoa Andoainen ikertu zuen orain bi hamarkada, udalarekin hitzartu eta gero. “Maroko eta Ameriketako bakan batzuk bizi ziren orduan herrian. Bada, 20 urteren jiran, egundokoa da herriak eman duen eboluzioa, erruz ugaldu da migratzaileen presentzia. Alde horretatik, aurrekoek eduki ez genuen pagotxa da etorri-berrientzat Urigaingo elkargune hauxe”.
Olinda Monteiro taldean eskarmentu gehien eduki dezakeen partaidea da; ia 50 urte igaro ditu herrian bi alabekin, Cabo Verde atzean utzita eta gero. “Zoragarria da taldean dagoen dinamika: geure gauzak ditugu mintzagai, dantza egiten dugu... Herrian badauzkat adiskideak, baina hala ere, amorratzen egoten naiz asteartea noiz iritsiko. Ni naiz Andoainen urte gehien daraman kidea, eta etorri berriei azaltzen diet andoaindarra abegi oneko jendea dela”.
Martinez mexikarra orain urte bete eskas hasi zen Andoaingo taldera hurbiltzen. Poza agertu du talde hori ezagutu izanagatik. “Gipuzkoako herri handi batetik nator, eta aitortuko dut Andoainen errazagoa egiten ari zaidala egokitzapena; beharbada herri koskorra denez inguruko bizilagunak ezagutzeko aukera ematen duelako. Elkarguneko kideak bidelagun ditut integrazio prozesu horretan”.
Deialdi berezia
Irunberri elkarteko jaian bildu ziren partaideek deialdi berezia egin zieten Andoainera heldu diren 464 emakume etorkinei. “Urigaingo elkargunea ahal dugunean eta beharra sentitzen dugunean ateak irekiko dizkigun espazio partekatua da. Inor ez dago derrigortuta beti azaltzera, eta bertaratzen garenean, beti izango gara ongi etorriak. Gainera, haurtzaindegi zerbitzua ere badago, aldez aurretik hots eginda”. Honako telefonoak jarri dituzte eskura: 943 300 830 (Berdintasun saila) eta 685759127 (Ana Murcia).