Euskal Herriko Kontseilu Sozialista aurkeztu dute Igaran

Aiurri 2024ko urt. 5a, 15:39

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistaren aurkezpena egin zuten atzo, Kontseilu Sozialista Buruntzaldeak Eskola kalean ireki berri duen Igara egoitzan. EHKSren helburu nagusia “Euskal Herriko langileon artean komunismoa aukera erreala eta hegemonikoa bilakatzeko lan politikoa egitea” dela adierazi zuten ekitaldian.

Euskal Herriko Mugimendu Sozialista Eibarren abenduaren 16an aurkeztu zuten, eta harrezkero, herriz herri ari dira aurkezpenak egiten. 

Andoaingo aurkezpen ekitaldian, hiru ataletan banatu zuten mintzaldia: EHMSren proposamen estrategiko berria, proposamen politikoa, eta, eskualdeko erronka desberdinak.

Langileak antolatzearen premia arrazoitzeko, zazpi printzipio edo puntu garatu zituzten. Hona, eskematikoki adierazita: “1.- Gerra inperialistaren aurka; NATO desegin; 2.- Estatuaren erreforma autoritarioaren aurka; faxismoarei aurre egin; 3.- Bizitzaren garestitzearen aurka; kalitatezko bizi baldintza unibertsalak; 4.- Ekosistemen suntsiketaren aurka; txikizioa gelditu. 5.- Estatu zapaltzaileen aurrean; Autodeterminazioa euskal langileriarentzat; 6.- Emakume langileon zapalkuntzaren aurka; emakume langileok lehen lerrora; 7.- Estatu zapaltzaileen aurka bororka egin dutenen askatasuna lortzeko; langileriaren militante politikoentzat amnistia eta aitortza”.

Eskualde mailako erronken atalean, aurkezleek adierazi zuten Igara egoitza berria autodefentsarako espazio bat izango dela. Gaineratu zutenez, Andoaingo egoitzak Buruntzaldean martxan daukaten Etxebizitza Sindikatuaren jardunari ere emango dio aterpe. Horrela, sindikatuak etxebizitzari lotutako aholkularitza bulego modura erabiliko du Igara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!