GAKO CUP II. Areto Futbol Txapelketan 15 urtetik gorako jokalariek parte hartu ahal izango dute. Talde bakoitzak, 50 euro ordaindu beharko du. Urtarrilaren 14an, igandearekin, egingo da txapelketa. 11:30ean hasi eta 19:30ean bukatuko da. Horretarako, izena ematen duten taldeek sailkatze-faseak jokatu beharko dituzte, eta finalera iristen diren bi taldeek 18:30ean erabakiko dute txapela.
Badira urte batzuk Andoainen ez dela antolatzen antzeko txapelketarik, eta izena ematearen atalean nabari da horren hutsunea, izan ere, ez dira gutxi animatzen ari direnak, Amets Vazquezek adierazi duenez. “Nahiko ondo doa inskripzioa. Oraingoz izena eman dutenen artean, gehienak txapelketaren gosez dauden herriko zenbait talde dira, eta horiekin batera, Errenterian orain hilabete bat antolatu genuen GAKO CUP I. Txapelketan parte hartu zuten taldeak. Denetariko taldeak espero ditugu hurrengo egunetan ere”.
Txapelketa jokatzen den bitartean, Arrate pilotalekuko plazan tabernatxoa ipiniko dute antolatzaileek, eta bertan edariak eta pintxoak topatu ahal izango dituzte bertaratzen direnek, Amets Vazquezek gogoratu duenez.
Vazquezek eskerrak eman nahi dizkie, batetik Andoaingo Udalari jarritako erraztasun guztiengatik, eta, bestetik, “herriko hainbat merkatariei babesle izateko erakutsi duten jarreragatik. Lehenbiziko entzunaldian harrigarria egiten den kontua da gure enpresarena, gazteek sortu izana eta abar, eta horrexegatik, bereziki nabarmentzekoa da guztiek ere gurekin jarri duten konfiantza”.
GAKO enpresa antolatzailea Mondragon Unibertsitatean Lidergo Ekintzailean eta Berrikuntzan Graduko (LEINN) ikasleek osatzen dute. Vazquezek azaldu dizkigu lehen entzunaldian bitxia egiten zaigun enpresaren inguruko xehetasunak.
“Mondragon unibertsitateko 13 ikasleek osatzen dugu GAKO enpresa. Lidergo Ekintzailean eta Berrikuntzan Gradua (LENINN) ikasten hasi gara aurten, eta, ikasturtean, horixe da gure eginkizun nagusia: enpresa kudeatzea legeek agintzen duten baldintza guztiak betez, gizartearen onurarako bideratuta dauden ekitaldiak antolatzeko xedez. Hamairu ikasleei dagokigu aurrera eramatea bururatzen zaizkigun ekimenak. Bidelagun, soilik bi profesional dauzkagu: lege-aholkularia eta coachinga. Egia esan, gradua osatzen duten lau ikasturteetan mugituko gara era horretan. Diru irabazi asmorik gabeko ekimena da gurea, eta enpresa disolbatu eta dirurik balego gizarte-elkarteren baten esku uztea du asmoa lantaldeak”.
Lantaldeak oso barneratua dauka gizarte onuraren ideia nondik bideratu behar duen, Vazquezek ziurtatu duenez. “Argi daukagu gazteok sozializatzeko premia daukagula, aisialdia elkarrekin gozatu beharra daukagula, eta kultur nahiz kirol arloetako ekitaldiek xede hori erraztu dezaketela. Are gehiago pandemiaren esperientzia bizi eta gero; izan ere, bakartzeko joera utzi digu gazteoi, edo behintzat halakoxeko pertzepzioa eta gogoeta partekatzen ditugu lan-taldeko kideok”.
Bi ekimen burutu ditu GAKO enpresak, orain arte: “lehenbizi, Berlinen festa bat antolatu genuen diskoteka batean; ondoren, Errenterian areto futboleko txapelketari ekin genion. Eta hirugarrena, Andoaingo txapelketa izango da”.
Aldaketarako eta eragin sozialerako gazteak
LEINN ikasketetan murgiltzeko, hona zer ezaugarri edukitzea gomendatzen duen Mondragon Unibertsitateak: “Aurkikuntza eta eraldaketa pertsonalerako” edota “berrikuntzaren ibilbidean murgiltzeko” prest dagoen pertsona, eta baita ere “aldaketarako eta eragin sozialerako gaitasuna daukan herritar global bihurtzeko” prest dagoena. Amets Vazquezek adierazi du lan-taldeko kideek filosofia horrekin kontziente izanda ekin ziotela ikasketari lehenbiziko egunetik, eta pozik daudela orain arte urratu duten bidearekin. “Hainbat trebetasun ari gara lantzen: proiektuak kudeatzea, taldeak gidatzea, plangintza-teknikak diseinatzea, erabakiak hartzea, burokrazia ofizialean beldurrik gabe ibiltzea… Mundu berri bat ireki zaigu, eta bertan nola moldatu ari gara lantzen. Gizakiok ditugun potentzialak garatzen ari gara, azken batean”.