Mailu Arrutik azaldu du non duen jatorria Andoaingo merkatalgune eta eraikin publikoetako erakusleiho askotara zabaldutako ekimenak: “Behin, biok hizketan partekatu genuen hausnarketa izan zen leku publikoetan-eta gehiegizko presentzia zeukatela geure-geureak ez ziren pertsonajeek, euskal kulturan sustrairik ez zutenek, alegia. Errealitate inbaditzaile horri aurre egingo zion eta geurea aldarrikatuko zuen “ekintzaren” bat egin behar genuela erabaki genuen, eta hortik jaio zen panpinen ideia”.
Ines Medina da panpinen egilea. Jostuna izan zen ogibidez erretiroa hartu zuen arte, eta egun, denbora libreetan eta gogoa datorkionean, jantzien gaineko eskaera batzuei heltzen die, betidanik izan baitu gogoko joskintza. “Panpinak egiteak ez zait hainbeste kostatzen. Materiala dena, edo ia, birziklatua erabiltzen dut: beirazko botila, oihalak, eva goma...”.
Pertsonajeak ugaritzen
Olentzeroren eta Mari Domingiren panpinekin ekin zioten ekimenari. Eta ugaritzen joan dira pertsonaiak: Axeri dantzaria, Axeri puska-biltzailea, Ituren eta Zubietako joaldunak, arrantzalea, arrantzarako saregilea, San Ferminetako korrikalaria... Gau Beltzaren jaia darabilte burutik kendu ezinik une honetan, ea hortik ere zeintzuk diren panpinen bildumara erantsi litezkeen pertsonajeak.
Andoaingo irakurle asko jabetuko zen honezkero, herriko hainbat saltokitan, tabernatan, kutxatan... beren erakusleihoetan edo barruko apaletan nola dauden ikusgarri goian aipatutako zenbait panpina. Atez ate egindako lanaren emaitza da hori, Medinak gogoratzen duen bezala. “Bertako saltzaile eta langileengana zuzentzen naiz, zein den asmoa azaldu eta panpinak eskaintzen dizkiet, musutruk. Batzuekin badaukat konfiantza, beste batzuekin ez hainbeste, baina berdin zait, denekin berdin jokatu ohi dut”.
Non atea gurutzatu, han harrera ezin hobea egin izan diotela beti baieztatu du Medinak. “Harridura planta jartzen dute lehenbizi, baina, berehala, egundoko ilusioa egiten die eskaintzak; kuriosoak, politak, atseginak egiten zaizkie figurak, eta normalki, beren bezeroek ikusteko moduko lekuren batean jartzen dituzte. Pozgarria da panpinek daukaten harrera eta arrakasta!”.
Dagoeneko, zenbat banatu ote dituzten galdetuta, kontuak egiten hasi, eta 300etik gora ateratzen zaizkie. Baina argi daukate ekimenak segida izan behar duela.
Basterotik beherako kale eta plazetan kokatzen diren saltokietan banatu dira gehienbat. “Eremu horretan ibili ohi naiz bezero gisa normalki, baina Basterotik gorakoetan ere ibilia naiz, eta zenbait tokitan (Stop liburudenda, Elizondo, Xarma, Keinu, Xare...) zabalduta daude. Gehiagoetara iritsiko gara, goiz ala berandu”.