2024ko Udal aurrekontuak prestatzen ari zarete egun hauetan. Zuen agintaldiko lehen aurrekontuak dira. Zer nolako martxa daramazue? Noizko egon daitezke prest?
Alderdi politikoekin aurkezpen-fasea Gabonetan egin dugu. Data zehatza jartzea baino, alderdiek ekarpenak egiteko aukera izatea nahi dugu. Eta, horretarako, denbora gehiago behar baldin badute, prest gaude denbora hori eskaintzeko. Alderdiek ekarpenak egiteko aukera egitea eta eroso sentitzea lehenesten dugu.
Ulertzen dut, gehiengo osoa ziurtatuta duzuen arren, oposizioko alderdien babesa edo abstentzioa lortu nahi duzuela.
Elkarrekin Podemos alderdiarekin oinarria adostu genuen. Gure nahia, gehiengoa eduki arren, ahalik eta babes gehiena lortzea da. Mugatu gintezke gure gehiengora, baina harago joan nahi dugu.
2024an sartu berritan, zer aurrikusi daiteke? Zein ekimen zehatz aipa daitezke?
Urteko inbertsioak eta agintaldikoak bereizten hasi nahi dut, lehenik eta behin. Zeren eta kiroldegiaren handitzea ez baita 2024an burutuko, baina 2023ko uztailetik lanean ari gara 2027ko udaberrian kiroldegiko lan guztiak amaituta egon daitezen.
Kiroldegi berriaz ari al zara?
Bigarren pista eraikiko dugu eta horrez gain paddleko pistak, rokodromoa eta zerbitzu gehiago eskainiko ditugu. Hori aurrera egiteko kronograma bat egin dugu, ezin baita dena 2027rako utzi. Udal aurrekontuetan partida bat gordeko da etorkizuneko instalakuntza berrietara bideratzeko. Ildo berean, Zerbitzuetako pabilioi berriarekin eta Udal Liburutegiarekin prozedura beretsua izango da, hiru egitasmo horiek urte anitzeko finantziazioa behar dutelako. Ez dira aipatu nahi ditudan bakarrak. Aparkalekuei dagokionez, daudenak txukundu eta arazoari irtenbidea emateko plana egingo dugu. Beste alorrei erreparatuta, Iztuitza eraikinarekin zer egin erabakitzeko azterketa bat egingo da, eta, bestetik, Olagain aldeko papertegiko lur eremu horretan dagoen kutsadura aztertuko dugu. Igerileku naturala errealitate bilakatu ote daitekeen aztertuko dugu. Irisgarritasunean lanketa egiten ari gara, bestalde, eta aurrekontuan irisgarritasuna bermatzeko partida berriak txertatu ditugu. Etxebizitza plana martxan jarriko dugu Etxebizitzaren Mahaiaren eskutik eta, herrian, etxebizitza berriak eraikitzeari bultzada eman nahi diogu.
Legegintzaldi planaren aurkezpenean adierazi bezala, Eskola-Kirola egitasmo berritua martxan jarri nahi dugu. Eta zaintza planaren azterketa eta etorkizuneko Emakumeen Etxea irudikatzen hasiko gara. Bestalde, hileta-zibiliei bultzada eman nahi diogu. Bada jendea horren alde dagoena, eta bitartekoak jarri behar ditugula iruditzen zait. Herri baratzeak martxan jartzeko asmoa badugu, azkenik, hasiberria den urte honetan.
Jauzi handia al da alkate izatea, Andoni?
Bai. Lan-arloan eta maila pertsonalean. Bietan. Alkate 24 orduz naiz, eta egunero kalean bizi dut jauzi hori. Jendea hurbiltzen zaidalako askotariko kontuekin.
Amaitu berri den 2023ko uztailean hasi zen agintaldia eta, gutxi-asko, alderdi politikoak rol jakinak hartzen ari dira. Oposizioak prozedura mailako kritikak egin ditu denbora tarte honetan. Hainbat gauza ez direla zuzen egin iradokitzen ari dira. Zenbat denbora behar du gobernu taldeak martxa betean jartzeko?
Kasuan kasuko azterketa egin beharko genuke. Gertatu baita maila teknikoan nahiz politikoan, bietan, kide berriak denbora tarte berean hasi direla lanean. Arlo teknikoa eta politikoa berria den kasuetan, noski, denbora gehiago behar da. Beste arlo batzuetan esango nuke dinamika onean goazela. Egoera ezberdinak daude, sailez sail aztertuta.
Uste dut gure lantaldea lanean ari dela, burubelarri ari dela lanean. Akatsak egin ditugu, eta egingo ditugu. Akatsak egiten ditugunean, onartu beharko ditugu eta gehiago gerta ez daitezen oinarriak jarri beharko dira. Nolanahi ere, gurea martxan dagoen lantaldea dela esango nuke.
Partaidetzazko aurrekontuen hirugarren fasea amaitu berri da. Denbora tarte txikiagoan, lortutako emaitzak aurreko bi urteetakoak baina askoz hobeak izan dira. PSE-EE kritiko agertu da aukeratutako hiru egitasmoak bere horretan ez direla gauzatuko ondorioztatu duelako.
Bekoplaza eraberritzeko azterketa bat egin behar da, lehenik eta behin. Zer nolakoa egin behar da? Zein aukera daude? Azterketa bat egin beharko da. Basteroko eserlekuen kasuan, herritarren botoei esker, aldatzeko proposamena aurrera atera da. Nola egingo dugu, eserleku handiagoak aukeratuz eta ondorioz aforoa murriztuz ala daudenak kendu eta tamaina bereko berriak jarriz? Aldatu aurretik aztertu beharko da. Aurretiazko lana egin behar da. Eserlekuak aldatuko ditugu, baina pauso guztiak behar bezala eman eta gero.
EAJ-PNVrekin harreman ona duzuela esan daiteke? Kritiko baina eraikitzaile agertzen direla diote eurek.
Alderdi guztiei eskua luzatu genien, hona sartu eta berehala. Gehiengo osoa nahiko bermatuta dago, baina hortik harago joan nahi dugu. Andoain guztion artean egin nahi dugu. Eskua luzatu dugu eta, horren ondorioz, jeltzaleek eta sozialistek modu ezberdinean erantzun dute. Jeltzaleek jarrera kritikoa dute, bai, baina proposamen eraikitzaileak egiten dituzte. Sozialistek, gaur gaurkoz, jarrera kritiko hutsa dutela erakutsi dute. Gure gonbita argia da. Esan bezala, eskua luzatu diegu denei. Eta, noski, zilegi da alderdi bakoitzak bere jokabide propioa erakustea.
Elkarrekin Podemos alderdiarekin Etxebizitzaren Mahaia jarri duzue martxan. Kaleratzeak Stop mugimenduak parte-hartze aktiboa erakutsi du. Berriki, Beterri-Buruntza osoa tentsio handiko bizitegi-eremu izendatzeko baldintzak betetzen dituela ondorioztatu du Etxebizitzaren Euskal Behatokiak.
Hasteko eta behin, Elkarrekin Podemos alderdiarekin inbestidura-akordioa sinatu genuen. Legealdirako lehentasunezko akordioak lotuko ditugu, akordio horren bitartez. Horren baitan adostu genuen Etxebizitza Mahaia martxan jartzea. Mahai horren gidaritza Elkarrekin Podemoseko Pepe Iparragirre zinegotziari dagokio. Pleno bidez eskatu dugu Andoain tentsio handiko bizitegi-eremu izendatzea. Prozedura bat martxan jarriko da.
Politika orokorrera jauzi eginez. Urte hasiera interesgarria datorkigu. Lehendakaritzarako hauteskundeen aurrean EH Bildu inoiz baino indartsuago dagoela diote zenbait ikerketa soziologikok. Nola baloratzen duzu zuk goranzko joera hori?
Haziz doa EH Bildu. Udalerri mailan, oro har, asmatu izan du alkatetzan egon denean. Eta, orain, alderdi munizipalista izatetik udalaz gaindiko erakundeetarako hautagai irmoa izatera pasa da. Aldundira eta Eusko Legebiltzarrera begira, EH Bilduren aldeko joera goranzkoa da. Foru Hautekundeetan EH Bilduk nabarmen irabazi zuen. Aldundian gertatu bezala, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan ere gauza bera gerta daiteke. Geroz eta jende gehiagoren konfiantza bereganatzen duen alderdia gara. Udaberrian oso emaitza ona lortuko dugulakoan nago.
Bitxia da, zeren eta EAJ-PNVko Pradales eta EH Bilduko Otxandiano hautagaiak, biak ala biak, ez dira oso ezagunak Gipuzkoatik begiratuta. Otxandiano nola definituko zenuke?
Lehenik eta behin, esan behar dut Pradales eta Otxandiano ezagutzeko aukera izan nuela "Herrigintzaren berrikuntzan" izeneko masterra egin nuenean.
Pello Otxandiano kanpora begira, ez da ezaguna, baina EH Bilduren barnean, estrategian lemazain izan da azken urteotan. Gaitasun handiko pertsona da, ikasketa maila eta jakinduria handikoa. EH Bilduk hautagai ezberdinak zituen, baina maila pertsonalean ezagutzen dut eta prestatuta dagoela ziurtatu dezaket. Hautagairik onena bera da.
Esango nuke Andoainen EH Bilduk, beste bi alderdi nagusiek ez bezala, jakin duela belaunaldi ezberdineko kideekin uztartzen eta lan pribatua nahiz publikoa elkarrekin egiten.
Udalak gidatu izanak esperientzia ematen dizu, eta guk behar ditugu aurrekoen aholkuak, Udal Gobernu taldetik harago doan alderdia da EH Bildu. Alor ezberdinei erantzuteko mahaiak osatu ditugu. Gizarte Zerbitzuetakoa, Hirigintzakoa, Berdintasunekoa... Bertan, EH Bilduko kide ezberdinek parte hartzen dute. Garai batean zinegotzi edo alkate izandakoak, eta baita herritar soilak direnak ere. Gure indarguneetakoa lantalde horietan dagoela esango nuke.
Zertan da aurreko urtean zeresan handia eman zuen errepide-sareari loturiko afera?
N1 eta A15 lotunearekin Andoainen dugun arazoa ezaguna da. Zarata- eta kutsadura-azterketak egiten ari gara. Iaz, Espainiako aurrekontuetatik 476.000 euro lortu ziren eta partida horrekin 2011ko egitasmoan oinarritutako alternatiba garatuko da. Aipatu genuen bezala, auziari loturiko mahaia martxan jarri dugu. Sorabilla Auzo Elkartea, C2ak kaltetutakoen plataforma, udalean ordezkaritza duten alderdi politikoak eta teknikariak parte hartzen ari dira bilera horietan. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bilera berria aurreikusten ari gara. Sukalde-lanean ari gara, eta uda honetarako alternatiba mahaigaineratzea espero dugu.