Frankismoak aita ezagutzeko aukera ukatu zion Roxarito Urretabizkaia hil da

Xabier Lasa 2024ko urt. 15a, 16:16

Maria Rosario Urretabizkaia larunbatean, 87 urterekin hil zen, eta gaur, astelehenarekin, egingo da bere aldeko hileta, San Martin parrokian, 18:30etik aurrera. Frankismo gupidagabeak aitarik gabe utzi zituen makina bat haurretako bat izan zen, 1936ko uztaileko kolpe militarraren ondoren. Hamarkada ugari igaro diren arren, Maria Rosarik aitaren eta gainerako biktimengana oroitzapena beti eduki zuen gogoan, eta haientzako egia eta justizia eskatu izan zuen horretarako indarrak eduki zituen bitartean. 

Maria Rosario Urretabizkaia Iartza 1936ko urriaren 13an jaio zen; hain zuzen, bere aita, Migel Urretabizkaia Gereño, faxistek Donostian hil baino bederatzi egun lehenago jaio zen. Isabel Iartza Ormazabal zen Maria Rosarioren ama.

Migel Urretabizkaia eta Isabel Iartza, ezkondu zirne egunean (Argazkia: Maria Rosario Urretabizkaia).

 

Migel Urretabizkaia 1936ko irailaren lehen egunetan atxilotu zuten, Patxi Fernandez Usandizaga, Migel Ormazabal Bengoetxea, Maximino Lasarte Ezeiza, Txomin Ezama Goenaga eta Ramon Gantzarain Ortuzarrekin batera. Denak ELA sindikatuko afiliatuak ziren, Urretabizkaia salbu, hau UGTkoa baitzen, nahiz ideiez abertzalea izan.

Familia-aitak ziren gehienak, faxistak Andoainen sartu aurretik etxean geratzea erabaki zutenak, ez zutena parte hartu ehunka herritarren ebakuazio-exodoan. Inori kalterik eragin ez ziotenez eta haur txikien aitak zirenez, ez zutela jazarpenik jasango uste izan zuten.

Udaletxeko kalabozoan eduki zituzten atxilotu berritan, eta faxistek Donostia irailaren 13an okupatu ondorenean, bertako Ondarreta espetxera eraman zituzten. Egun gutxiko atxiloaldia izan zen, izan ere, militarrek epaiketa sumarisimoa ezarri zieten urriaren 21ean, eta Urratabizkaia eta Fernandez heriotza-zigorrera kondenatu zituzten; beste laukoteak, kartzela zigorrak pairatu zuen.

 

“Jaungoikorik gabeko” kristauak

Migel Urretabizkaia eta Patxi Fernandez Donostia-Tolosa tranbiako langileak ziren, eta erabakiorra izan zen bertako gerente-zuzendari a zen Agustin Grulsek haien kontra egindako deklarazioa, “iraultzaileak” zirela alegia. Salaketa hori ez ezik, Jaungoikorik gabeko herritarrak eta kolpe militarraren aurka errebelatu izana leporatu zieten.

Muinik gabeko salaketa ziren guztiak, baina nahikoak eta gehiegi faxistek etsaitzat jo zituzten guztien aurkako politikoa aplikatzeko. Irakurri besterik ez daude, Ondarretatik euren emazteei, Isabel Iartzari eta Pantxika Izagirreri bidali zizkieten gutun ezin hunkigarriagoak, jabetzeko zer nolako sinestunak ziren. Hona, adibidez, Migelek emazteari idatzi ziona erailketa bezperan:

Migel Urretabizkaiak emazteari, hil bezperan idatzi zion gutuna, eskuz. Gaztelaniaz idatzi behar izan zuen gutuna, emaztearen eskutara iritsiko bazen (Argazkia: Maria Rosario Urretabizkaia).

 

Ezin bake santurik eduki, erailketaren ostean ere

Erail ondoren, Polloeko kanposantura eraman zituzten biak. Hobi komunen batean lurperatu zituzten, Patxi Fernandezen alaba Maria Jesusek kontatzen duenez (Ikus honako liburua, LASA, Xabier: Ahozko historia: oroimenean lokartutako ahotsa. Oroituz elkartea, 2006),

Juanita, Patxiren arreba, izan zen lekuko bakarra bi gorpuak hobiratzeko orduan:

“(...) Lekuko bakarra Juanita dela, hobi komunean lurperatzen dituzte, San Miguel kaleko 97. ilaran. Une batean Juanitak errieta egiten dio ehorzleari, bedeinkatu gabeko eremuan zakurren antzera lurperatu dituelako. Erantzuten dio langileak: “giro beldurgarria baretzen denean, orduan azaleratu eta eraman ahal izango dituzue familiarrek nahi duzuen lur santura”.

Hain zuzen, hamabi urte, 1948ko azarora arte itxaron behar izan zuten bi familiek, gorpuak Polloetik atera eta Andoaingo hilerrira tokiz aldatzeko.

Andoainen elizkizuna ospatzea pentsatu zuten familiarrek. Baina laburra bezain etsigarria izan zen Rosendo Rekondo erretorearen ahotik entzun behar izan zuten erantzuna: “Mezarik ezin da atera, eta isil-isilik lurperatu behar dira”.

Maria Rosariok goian aipatu liburuan, hona nola mintzatu zen amaren gainean: “Senarra desagertu ondoren, ama alabaren alde sakrifikatu zen erabat, ez ziezaion ezer falta.

Ez zuen beste inor edo ezerentzat begirik eduki. Badakit pretendienteren bat edo beste ibili zuela atzetik bizitzan zehar, baina ez ikusiarena egin zuen. Amak arpegiera tristea erakutsi zuen beti. Bere begitarteak inoiz ez zuten alaitasunik adieraziko. Maiz negarrez sumatu izanaren irudipena gordetzen dut. Arrazoiak bazituen, egia esan, hain izan baitzen latza eta ankerra bizitza berarekin...

Bere jokaerak asko markatu ninduen jaio nintzenetik ia; ez dakit zenbateraino izan nintzen haur, eta zenbateraino bizi izan nuen haurtzaroa, antzeko familia-tragediarik izan ez zuten haurren aldean.

Badakit kalera begira bere irudia emakume isilkor erreserbatuarekin lotzen zela. Beti lan premiak jotako emakumea zirudien, eta hala zen: Algodonerako lanpostura sartu aurretik, bulegoak garbitzen zituen eta asteburuetan hango haurtzaindegiko haurrak zaintzen zituen. Beti saihestu zizkidan xehetasun larriak, heriotza aurreko aitaren azken unekoak. Behin eta berriro, aitaren memoria ez ahazteko errepikatu, errepikatzen zidan, baina segituan ohartzen zidan, zera, ez nazala gorroto edo mendekurik gorde hiltzaileenganako".

Urretabizkaia Iartza familiak ezagutu zuen, ezagutu zuenez, gertu-gertutik, eurenaren antzeko beste ankerkeriarik. Hain zuzen, Isabel Iartzaren ahizpa, Mari Karmen ere alargun geratu zen, arrazoi berberegatik. Senarra, Antonio Aranzabal Urrestarazu zuen, eta 1936ko abuztuaren 29ean, Pio Arzallus, Nemesio Fernandez, Kruz Aldasoro, Migel Amondarain eta bostak atxilotu, eta biharamunean, Tolosako hilerrian akabatu zituzten. Aranzabalen delitua hiltzaileentzat, UGT sindikatuan langileen alde jokatu izana eta familia pobreei begira Etxe Merkeen Aldeko Kooperatiba bultzatu izana.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!