Andoaingo Udala jakitun da herriko hainbat tokitan arratoiekin dugun arazoaz. Horregatik, arazoa bideratzeko asmoz, talka-plan bat jarri dugu martxan. Gure udalerrian arratoi-garbiketaz arduratzen den enpresarekin lanean ari gara, osasunerako kaltegarria den arazo desatsegina kontrolatzeko.
Baina, ez da nahikoa. Andoaingo herritar guztien laguntza behar dugu. Badira jokabide eta ohitura batzuk arazoa areagotu eta izurriteak kontrolatzeko teknikarien lana zailtzen dutenak.
Horregatik, gomendio hauek betetzea komenigarria da, guztion onerako:
- Zabor guztiak dagokion edukiontzian uztea. Ez utzi inoiz zaborra lurrean, eta erabili zakarrontziak.
- Animaliei kalean jaten ez ematea. Bide publikoan katuak, usoak edo bestelako animaliak elikatzea osasunaren kalterako ariketa da, eta horrek arratoien populazioa handitzea eragiten du udalerrian zehar.
- Ez bota janari-hondarrik komunetik edo harraskatik.
Arratoiak gure ingurunetik urruntzeko eta herri garbi eta osasungarri bat mantentzeko helburu komuna lortzeko bide bakarra da jokabide horiek errespetatzea, brigaden eta arratoi-enpresaren lanarekin batera.