Jakinarazi zutenez, “SAPA harro dago punta-puntako enpresa izateaz eta nazioarteko industrian erreferente izateaz, baina langileei begira, punta-puntakoa izatetik oso urrun dago. Horregatik, lan-baldintzak hobetzeko negoziazioari ekin dio Enpresa Batzordeak. Isiltasuna edo pasibotasuna aurkitzen dira erantzun gisa”.
Egun, egoera nola ikusten duten azaldu zuten. Hasteko eta behin, ziurtatu zuten SAPAn enpresa-hitzarmena 2012 urteaz geroztik ez dela berritu.
Iazko urriaren 17an, langile batzordeak enpresari itunaren plataforma helarazi zion. Erantsi zutenez, abenduaren amaierara arte, enpresak ez zuen erantzunik eman bilera-data proposatzeko, eta, azkenean, “batzordearen presioaren ondoren, urtarrilaren 11n esertzea lortzen da, hiru hilabete geroago. Bilera horretan enpresak ez du ezer aurkeztu, eta hori erabateko errespetu falta iruditzen zaigu batzordeari eta langileei”.
Geroztik, behin eta berriz gaiari serio heltzea eskatu ondoren, langileen ordezkariek adierazi zutenez enpresa zuzendaritzak “hilabete baterako data” eman zien. “Argi geratzen da prozesua luzatu besterik ez dutela egin nahi, ezer eskaintzeko asmorik gabe”.
Azkenik, SAPA lantegiaren atean egindako protestan berretsi zuten mobilizazioekin segiko dutela “behingoz serio har gaitzaten eta negoziazio-prozesu honi seriotasun handiagoz heltzeko eskatuz”.
SAPAko langileak 2019an mobilizatu ziren azkenezkoz, lan baldintzak hobetzea eskatzeko.