Atsekabe handia eragin du Jonathan Torralboren heriotzak Andoaingo kirol-giroan, eta bereziki, arrantzaleen artean. Joseba Barandiaran Ontza elkartean arrantza saileko arduradunak laburbildu du Andoaingo arrantzaleen sentimendua, hitz gutxitan: “Jonathan Torralbo, Jony lagunentzat, Ontza Elkarteko arrantza saileko kidea izan da betidanik. Eta onenetariko bat euli modalitateko arrantza estiloan. Espainiako txapelduna, Europa mailan ere txapelduna izandakoa, eta 2006an, Portugalen ospatu zen munduko txapelketan bigarren sailkatu zen. Izugarrizko palmaresa pilatu zuen, urte gutxiren buruan. Pena eta samina eragin digu Jonyren heriotzak. Goian Bego”.
Ibilbide oparoko arrantzalea
Barandiaranek azpimarratu duen bezala, luzea da Torralbok Europa zein mundu mailan, bakarka nahiz taldeka lortu zituen garaipenen zerrenda. Euli-arrantzako modalitatean jardun zuen, batik bat. Hona, lorpen batzuk aipatzearren:
- 2002ean, Kantabrian, Espainiako txapelduna.
- 2004an, Kantabrian, Espainiako txapelketa selezioka, bigarren, Euskadi ordezkatuz. Taldekideak: Aitor Urruzuno, Iñigo Urruzuno eta Santiago Llano Ricote. Eta bakarka hirugarren.
- 2006an, Portugalen, munduko txapelketan bigarren.
- 2006an, Portugalen, munduko txapelketan, hirugarren Espainiako selekzioarekin. Taldekideak: Pablo Castro, Santiago Serrano, Oscar Quevedo, Jose Mari Zendoia eta Jordi Oliveras; kapitaina, Norberto Royo.
- 2006an, Kantabrian, Espainiako txapelketa taldeka, bigarren Ontza elkartearekin. Taldekideak: Aitor Urruzuno, Iñigo Urruzuno eta Rodolfo Gonzalez.
- 2008an, Kantabrian, Europako txapelketan, lehena, taldeka. Taldekideak: Oscar Quevedo, Jordi Oliveras, Francisco Javier Herrero, Jose Mari Zendoia eta Jose Israel Gracia. Kapitaina, Norberto Royo.
- 2008an, Alberto Hernandezek eta biek, I. Leitzarango Arrantza-Masterreko txapela irabazi zuten, Ontza kluba ordezkatuz.