Loreak, haurtzaro osoa bere kaleetan ezagutu zuen Hernanitik ekarriko ditu Bazkunak, garagorritarren etxebizitza zegoen Kale Nagusitik.
Urtarrilaren 29an beteko dira 257 urte. Manuel Garagorri eta Larramendi josulagun andoaindarra, Loiolako Santutegiko bere gelan hil zen, 76 urte zituela, sei hilabeteko gaixoaldiaren ondoren.
Berehala, Loiolako aita nagusiak Larramendiren langela guztiz eta gotor ixteko jasota zuen agindua bete zuen; “ez dadila bere langelatik paper txatal bakar bat atera, ez dadila inor bertara sar” aginduta zion Valladolidetik Idiakez aita probintziaburuak. “Bidal egizkidazu denak bil-bil eginda honantz”.
Halaxe egin zuten; Estatu arrazoiak ziren tarteko. Josulagunak beldur ziren, oso, Carlos III erregeak eta bere ministroek ez ote zituzten zigortuko, Jesusen Lagundia jotzen baitzuten Espainiako Erresumak bizi zuen arazo ugariren erantzule... Horregatik galarazi zioten Larramendiri azken urteetan ezertxo ere argitaratzea, asko zen arren idatzita zuena gazteleraz eta, berak Gandara gernikarrari aitortu bezala, baita euskaraz ere. Isiltzekoa ez zen gizon hura isildu egin behar zen nola edo hala.
Euskararen lehen gramatika, euskal literatura hegoaldean sortu eta bizkortzeko argitara emandako hiztegi handia, euskararen bere apologia eta beste hainbat lan... Euskaldunon kontzientzia sortu zuen gizona, aitzindaria, galbideari bihurgunea eragin ziona, mutu utzi zuten eta Valladolidera eramandako idatzietako asko betirako galdu ziren, baita euskarazkoak ere...