Joxe Mari Zeberiok aitortza jaso zuen, nekazaritzaren alde egindako lanagatik

aiurri 2024ko urt. 28a, 18:53

ENBA nekazal sindikatuak “Baserritarron Laguna” izendatu zuen Orona Fundazioaren egoitzan ospatu zuen XXXII. Batzarrean, joan den ostiralean. Sindikatuko kidez eta ordezkari politikoez gain, andoaindarraren senitarteko eta lagun ugari bildu zuen aitortza ekitaldiak. Argazki-bilduma, Joxe Mari Zeberioren eta Iñaki Goenagaren mintzaldiak eta Unai Agirre eta Agin Labururen bertsoak, bideoz ikusgai:

Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko (KONFEKOOP) zuzendaria den Iñaki Nublaren eskutik heldu zen Zeberioren biografiaren azalpen txiki bat, ekitaldiaren hasieran; besteak beste, Zeberiok nekazal kooperatiben mugimendua suspertu eta indartzeko egindako lanak azpimarratu zituen.

Joxe Mari Zeberiok, ekitaldira ohar batzuk idatzita eraman bazituen ere, aitortu zuen irakurri beharrean bihotzetik mintzatuko zela Indiako jesuita baten aholkuari jarraituz, bere bizitzako pasarterik esanguratsuenak kontatzeko orduan. Eta halaxe egin zuen, hitz jario handiko eta gozokoa dela erakutsiz ekitaldira hurbildu ziren erakundeetako ordezkariei, ENBAko nekazariei eta bera babesteko Oronako auditorioan bildu ziren senitarteko eta lagunei.

Umetan Goikoetxeberri (Sorabilla) baserrian bizi izandako zenbait pasadizo kontatu eta gero, nekazaritzaren eta nekazarien aldeko ibilbide oparoa egiteko eraman zuen bokazioaz eta bidean edukitako laguntzaileez jardun zuen. Horrela, gaztetan baserritarren formazioko gau eskoletan ikasle izan zela adierazi zuen.

Eta 1968 aldera sentitu zuen inspirazioa aitortu zien entzuleei: “Orduan Gipuzkoan gazteei zer eskaintzen zitzaien? Baserriko lana, fabrikako lana. Eta ikasteko gogoa zeukanari -horixe zen nire kasua-, baserritar mistoa izatea: fabrikan lan egin, eta baserrian lagundu. Horietakoa izateko izendatua nengoen ni etxean. Baina gurasoei egundoko disgustua eman nien, esan nienean Bilbora ikastea nindoala eta ez nuela baserritar mistoa izan nahi, baizik eta, saiatuko nintzela baserriaren alde egiten”.

 

Familia nekazaritzaren aldeko bokazioa

Ekonomiako ikasketak eginda, suerte handia izan zuela gogoratu zuen Zeberiok: “Ikaskide guztiek, enpresetara, bankuetara… jotzen zuten lan bila. Baina nik argi neukan nekazaritzaren lotutako lanbidea nahi nuela. Eta horretan, “Amabirgina” azaldu zitzaidan: Candido Iturriaga eta Maria Dañobeitia Fundazioarekin harremanetan jarri nintzen, eta arduradunek babestuko nindutela agindu zidaten, baldin eta familia nekazaritzaren alde jarduten banuen”.

1980an Jaurlaritzan, nekazaritza sailean lanean Felix Ormazabalen eskutik hasi zela esan zuen segidan. Nonbait, Karrantzako bade baten aholkuari egin zion kasu: “Gu, orduan, sindikalista samarrak ginen, eta kontrako jarrera genuen; bada, abade hark esan zidan ezin zela protestan eta aldarrikatzen ibili beti, inplikatzeko ordua iritsi zitzaigula; Jaurlaritza sortu berria zela, eta konpromisuko gazteak behar zirela”.

Zeberiok Jaurlaritzan, nekazaritza sailean martxan jarritako egitasmoak aipatu zituen, eta batez ere, etorkizunari begira sektoreari lotutako diagnostikoarekin aipatu zuen. Nekazaritzan geroztik errealitatea nola eboluzionatu duen erakusteko, anekdota txikia baina adierazgarria kontatu zuen. “1982an, Itxaslur azoka antolatu genuen Bilbon, eta gogoan dut orduan behirik onenen produkzioa zein zen: 4.500 litro urteko. Horiek behirik onenak! Gaur, behirik txarrena ere ez da maila horretan geratzen. Zenbat egin den aurrera!”.

90eko hamarkadaren hasieran, munduan erakundeak, antolaketa ereduak, ikuspegiak… sakon ari zirela aldatzen gogoratu zuen Zeberiok, eta testuinguru historiko eta global horretan, 1994an, Euskal Herrian zenbaitzuk Munduko Landagunearen Foroaren ideiaren inguruan mugitu zirela, familia nekazaritza bultzatzeko Abian jarritako bide horretan Erroman kokatzen den Elikadura eta Nekazaritzako Nazio Batuen Erakundeko agentziak eta Jaurlaritzak berak aurreneko urtetan ipinitako eragozpenen gainetik aurrera egin zutela aitortu zuen, pozik.

Horrela, 1999an aipatu Munduko Foro sorreraren gidaritza eman zuen. Gaur egun mundu osoko 35 miloi nekazarien ordezkari diren 51 eragilez osatutako sarea da Munduko Landagunearen Foroa, eta bere lan eskergaitzaren ondorioz Familia Nekazaritza kontzeptua eta aldarria nazioarteko agenda politikoan txertatu lortu zen. NBE nahiz FAOrekin aurrez aurreko harremana lortu du erakunde horrek, eta Familia Nekazaritzaren Hamarkada onartu zen 2017 urteko abenduan.

 

Eugenio Arregi eta Sabino Irulegirekin eskertuta

Baserria, baserritarrak eta beren familien duintasuna aldarrikatu nahi horretan Zeberiok makina bat bidelagun eta aholkulari izan ditu, eta horietako zenbait hartu zituen gogoan Hernaniko ekitaldian. Besteak beste, bi andoaindar hartu zituen ahotan: Eugenio Arregi apaiza, “berari asko zor diot, gaztetan itsatsi zizkidan baloreengatik”, eta Aldundian nekazaritza arloan jardun zuen Aranaztegiko Sabino Irulegi, “adiskidez izateaz aparte, aholkularia izan dut beti, hari kasu eginda ondo ibili naiz munduan”.

Eskertzen atalean, familiak berari urtetan erakutsitako eskuzabaltasuna ere gogoan eduki zuen Zeberiok. “Zenbat bilera, zenbat gau-falta munduan zehar ibiltzerakoan… Arantzaren emaztearen eta hiru alaben ulermenik eta indarrik gabe ez nuen ezer egingo”.

Joxe Mari Zeberio, Andoainen sustraiak dituzten Zeberio eta Gantzarain familietako kideekin batera, Oronan egindako ekitaldian

 

Aitormena, ordezkari politikoen aldetik ere

Arantxa Tapia Jaurlaritzako sailburua eta Eider Mendoza diputatu nagusiak ere esker oneko hitzak izan zituzten omenduarekin. Tapiak, Zeberiok bere ibilbidean bertako ekoizleekin eta ekoizpenekin erakutsi izan dituen konpromisua eta inplikazioa eredugarriak direla kontsumitzaileentzat adierazi zuen. “Balore horiek sustatu behar ditugu bizi dugun gizarte konplikatu honetan, eta alde horretatik, Jaurlaritzak bertako okelaren aldeko Bonokela martxan jarriko du. 15 euroko kontsumoa eginez gero, beste 5 euroko bonoa eskuratu ahal izango da, batetik, bertako ekoizleari laguntzeko, eta baita ere, kontsumitzaileok ere bertako okelaren alde egin dezagun”.

Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusiak Tapiaren ildo beretik joan zen Zeberioren nortasuna eta ekimena nabarmentzerakoan: “Joxe Mari Zeberiok hiru ezaugarri azpimarratu erakutsi izan ditu batik bat: eskuzabaltasuna, konpromisua eta elkarlana”. Zeberiori eskainitako aitortza, Euskal Herriko baserritarri luzatu nahi izan zien Mendozak, “natura eta ingurumena zaintzeko, elikadura osasungarria eskaintzeko eta gure izaera propioari ekarpena egiteagatik”.

 

Gizartea, ingurumena eta ekonomia

Iñaki Goenaga ENBAko presidenteak nekazarien jardueraren jasangarritasuna aldarrikatuz eman zion itxiera batzarrari. “Hiru ikuspegietatik (gizarte, ingurumena eta ekonomia) jasangarria izan behar” duela gogoratu zuen. Jasangarritasun sozialaren alorrean kokatu zuen familia Nekazaritzaren defentsa, “lurraldean zehar barreiatuta gauzatuko den nekazal jarduera, makroustialekuen eredutik urruti”.

Hausnarketa horrekin lotu zuen belaunaldi aldaketaren erronka Goenagak. Ingurumenari dagokionez, mendiko nekazaritzaren eredua gauzatzen dutela azpimarratu zuen Goenagak, “natura baliabideak zaindu eta ondorengo belaunaldietara transmititzeko moduan lurra landuko duena”. Eta azkenik, ekonomiari dagokionez, adierazi zuen nekazal jarduera errentagarria ez bada ez dela jasangarria izango. Gehitu zuenez “jasangarritasun ekonomikoa oinarrizkotzat jota, urtean zehar, abeltzaintzako hiru azpisektore nagusietan jardun gara buru belarri (behi esnea, behi okela eta ardi esnea) baina, egiari zor, behi okela izan da, gure buruhauste nagusia, batez ere, ekoizpen kostua eta jasotako ordainaren arteko arrakala ikusita”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!