Zurrut Saskibaloi Kluba eta Allurraldeko Banda zalapartaria, bat eginik

Xabier Lasa 2024ko urt. 29a, 21:11

Ikusgarriak izaten dira Zurrut Saskibaloi Klubaren partiduak, Allurralden, Gipuzkoako mutilen 3. mailan. Bi arrazoi direla medio: joko ikusgarria egiten duelako, eta, egundoko animazioa sortzen delako harmailetan. Gaztetxoez osatutako Allurraldeko Banda da animoak etengabe ematen dizkiena Zurruteko jokalariei. Argazki-sorta eta bideo laburra, ikusgai:

Joan den larunbatean, Zurrut Saskibaloi Klubak 44-51 galdu zuen Antigua Luberriren aurka, baina etengabeak izan ziren jaso zituen animozko oihu eta esloganak. 

Zaletu gazteek ohikatzen dituzten leloen artean, batek dio Zurrut bigarren mailara igoko dela. Izan ere, taldea sailkapenean goi-goian dabil, eta aukera ezin hobea dauka koska bat igotzeko datorren denboraldiari begira, Gipuzkoako saskibaloiaren panoraman. 

Kamixeta berria estreinatu zuten Allurraldeko Bandako kideek larunbatean, eta neurketa amaitu ostean, kantxara jaitsi ziren, beren idolo bilakatu diren jokalariak besarkatzeko asmoz. Argazki baterako bildu ziren batzuk zein besteak.

Hurrengo jardunaldietan segida izango du kantxako jokalarien eta harmailetako zaletuen arteko adiskidetasunak. 

Nork daki, denboraldiaren amaieran, beharbada bigarren mailarako igoera oparituko die jokalariek beren zaletu porrokatuei. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!