"Jokalariek maila ona eta heldutasuna erakutsi zuten"

Aiurri 2024ko ots. 1a, 11:07

Iosu Etxeberria eta Fernando Duarte denbora gutxi daramate entrenatzaile lanetan, eta taldea mailaz igotzea lortu dute. Oso pozik agertu dira lortutakoarekin, eta emozioz ekin nahi diote aro berriari.

Denboraldi berriari ekin berritan, zein izan zen taldearen jomuga?

Gure nahia Euskal Ligarako igoera faserako sailkatzea izan zen. Helburu zaila jarri genion gure buruari, baina, gutxienez, taula erdiko postuak gainditzea ziurtatu nahi genuen. Hortik aurrera, ahal genuen guztia egiten ahalegindu eta sailkapen fasean sartzea genuen xede.

Azkenean, denboraldi osoan, sailkapeneko gainaldeko postuetan lehiatzen aritu gara; esango genuke, ez garela 3-4 postuetatik jaitsi. Ez da lan makala. Hala ere, lehen postuetako lehia handia izan da, talde guztiek antzerako maila baikenuen. Orotara, 14 norgehiagoka jokatu ditugu, horietatik 11 irabazi, bi galdu eta bakarra berdindu dugu; soilik gure gainetik zeudenen aurka galdu genuen.

Nola gogoratzen duzue igoera?

Sutsua izan zen, izugarria. Hiru egunez joan-etorrian aritu gara Basaurira, autobusean; ostiral arratsaldean eta larunbat zein igande goizean. Eguneko partida bat jokatu genuen, atsedenik gabe. Kontuan eduki behar da, asteko partida bakarra jokatzea ohituta gaudela, eta, bat batean, hiru partida jarraian jokatu behar izan genituela, presio handiarekin, jakinda Euskal Ligarako igoera jokoan zegoela. Gure jokalariek maila ona eta heldutasuna erakutsi zuten; oso egun biziak eta politak izan ziren.

Giro ona al zegoen igoera faseko partidetan?

Bai, jakina. Batez ere guk girotzen genuen kantxa, Andoaindik jende asko joan baitzen Basaurira. Egunero, autobusa goraino betetzen zen. Izugarria izan zen.

Zer egin behar da horraino iristeko?

Gure kasuan, lurraldeko ligako lehen hiru postuetan sailkatu behar ginen. Horiek horrela, hirugarren postuan gelditu ginenez, igoera fasera jauzi egin genuen.

Asko entrenatzen al duzue?

Nahi baino gutxiago. Gauden mailan ez genituzke soilik astean bi entrenamendu eduki behar. Kantxa erdiarekin entrenatzen dugu, astean bi ordu eta erdiz. Talde askok entrenatzen dute Allurralden, kantxa bakarra dago eta guztien artean banatu behar dugu; ez dago leku nahikoa guztiontzako. Gu bezala daude gainontzekoak ere. Entrenatzaile gisa, bigarren kantxa edo entrenamendu gune bat egitea eskatu nahiko genioke udaletxeari. Horrenbeste talde zein kirol diziplina egonda beharrezkoa ikusten dugulako, bai ordutegiari eta baita lekuari begira ere. Ideia bat egiteko, Zarautzeko Euskal Ligako taldeak astean lau aldiz entrenatzen du, guk, berriz, bitan. Pentsa ezazue ganoraz entrenatuko bagenu noraino iristeko aukera edukiko genukeen.

Euskal Ligara igoera lortu zenuteneko mementoa nolakoa izan zen?

Emozioz beterikoa. Oso pozgarria. Hasiera batean, ez genekien zer topatuko genuen Basaurin, baina, ohartu ginen, gure antzerako mailako taldeak zirela. Horrez gain, abantaila txiki bat sumatu genuen; ez gintuzten sekula jokatzen ikusi, eta eurak ere ez zuten gure mailaren berri. Beraz, hasierako aurreikuspen guztiak gainditu eta Andoainera ilusio handiarekin itzuli ginen.

Kadeteak ere pozarren egongo ziren, ezta?

Zer esan. Gazteak oso oso pozik zeuden, gurasoak eta ikusleak bezalaxe.

Zer nolako aurreikuspena duzue Euskal Ligari begira?

Ez du zerikusirik izango orain arte egindakoarekin. Maila oso altuko taldeen aurka lehiatzeari ekingo diogu eta gehiago bidaiatu beharko dugu, batez ere, Bizkaia aldera. Horiek horrela, gure helburua mailara eustea eta taula erdialdean kokatzea izango litzateke. Esaterako, hamar partidetatik lau irabaztea ederra izango litzateke.

Entrenatzaile gisa erronka handia al da maila berri horretan murgiltzea?

Bai. Entrenatzaile lanetan denbora gutxi daramagu eta, oraindik, asko dugu ikasteke. Beraz, Euskal Liga ikasteko erronka bat izango da eta, era berean, gure gaitasuna zein taldearena zukutzeko unea. 

Asteburuan izango dute Euskal Ligako lehen partida:

Otsailak 3, larunbata. 12:00tan, Leizaran Urdina-Urdaibai. Allurralde

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!